Urnietatik Moskura taxian

1994an Juanito Albizuk Juan Antonio Bareak eskatutako bidaia egin zuen: Moskuko Plaza Gorrira, taxian. 10 egunetan egin zuten bidaia, 9.000 kilometro denera; garaiko 700.000 pezeta ordaindu zituen Bareak.

26 urte atzera Urnieta xelebrekeri arraroenen mapan jarri zuten bidaia egin zuten Juanito Albizuk eta Juan Antonio Barea urnietarrek: herritik Moskuko Plaza Gorrira taxian. 9.000 kilometro, 10 egunetan. Ordainsaria, garaiko 700.000 pezeta! Guinness errekorren zerrendan agertzeko moduko pasadizoa. Juanito taxilaria erretiratu da, dagoeneko, eta Barea ere zendu zen, aspaldi. Gidariak ondo gogoratzen ditu bidai hartako pasarte harrigarriak: bere bezeroaren kapritxoak, Moskuko polizia-etxea, erregaiez nahastu zen eguna, herriko jendeak gezurtitzat hartzea… Orduan pentsaezina zen Moskura taxian joatea. Egun zer esanik ez. Baina Juanito eta Juan Antonio joan ziren. Eta itzuli. Bidai haren berri ematen segitzeko.

Herri guztiek dituzte pasadizo bereziak, ez sinesteko modukoak. Protagonistak erotzat jotzeko moduko xelebrekeria franko. Urnietak ere bai, noski. Entzutetsuena, edo komunikabideetan oihartzun handiena lortu zuena da 1994an Juanito Albizu taxi gidariak eta Juan Antonio Barea urnietarrak egin zuten erokeria: Moskuko Plaza Gorrira taxian joan (Errusia). Bai, mende laurden atzera hegazkinak bazeuden Moskura joateko. Bidaia erosoa zen, egun bakarrean iristen zen Euskal Herrritik Errusiako hiriburura. Baina beste egoera askotan bezala, bezeroak agintzen du.

“Juan Antonio Barea Luis Mari Eguskizarekin ibiltzen zen taxian hara eta hona”, dio Juanito Albizuk. Egunero Juanito tabernara joaten zen bazkaltzera (Juanitoren Miren emaztea zen zerbitzaria). “Bat-batean nirekin hasi zen taxian ibiltzen, eta egun batean Calatayud-era bazkaltzera joan behar genuela esan zidan (Zaragoza), han Euskal Herrian lan egin zuen sarjentu lagun bat zuela, eta bisita egin behar ziola”. Monasterio de la Piedra-ra joan ziren bisitan, eta autoa janari eta edariz ondo beteta joan ziren: “Bakailaoa, Setieneko sagardo botila kutxa pare bat hartu eta hara joan ginen”.

Calatayud, taxia, dirutza… Galderak taxi gidariarentzat: “Bareak dirua zeukala zalantzarik ez, taxian mugitzen baitzen beti. Nahiko gizon berezia zen, ezaguna. Donostian burdindegi antzeko bat eduki zuen, eta herri guztiak ezagutzen zuen. Aldapeta aldapa hasieran bizi zen, astoen aldapa, zaharrak garenontzat. Irratia beti topera edukitzen zuen, xelebrea zen benetan”. Calatayud-eko txangoaren ostean hasi zen Plaza Gorriaz mintzatzen Barea. “Ez dakit komunismoaren kontrakoa ote zen edo, baina bat-batean bota zidan: ‘Aurten Moskuko Plaza Gorrira joango gara’. Nik niretzat pentsatu nuen: ‘hau erotu duk’. Juanitok Mosku ez zuela ezagutzen esan zion, zer erakutsi ez zekiela: “Baina hark buruan sartuta zeukan dagoeneko ‘nik Plaza Gorria bakarrik ikusi nahi dut’, eta ez zuen etsi. Nonbait, ezkondu zenean, emazteari eztei bidaia Moskura egingo zutela agindu zion, baina ez zuen haraino taxian nork eraman bilatu”, dio Juanitok.

Mapak, bisak, Moskuko informazioa…

Juanito kamioi gidaria izan zen taxiarekin hasi aurretik. Errepidean ibiltzea gustukoa zuen. “Nik neuk gogoa banuen, Errusiara joateko. Alemanian egona nintzen, Herbehereetan ere bai. Baina jakina, ezin nuen dirua galduz joan”. Galdezka hasi zen, han eta hemen. “Poloniako jendea bazen Urnietan, eta haiei galdezka hasi nintzen: ‘Ezta okurritu ere hara joatea, kotxea lapurtuko dizute! Poliziaz mozorrotzen diren pertsonak daude, dirua eskatzeko', esan zidaten”. Bere kabuz informazioa biltzen hasi zen, San Jose kamioi enpresan. Haiek ere poloniarren ohar bera eman zioten: “Ez zaitez joan!’, esan zidaten”. Mapak begiratzen hasi zen Juanito: “4.500 kilometro joan, eta beste hainbeste buelta. Egunak, ostatuak, erregaia, bisa… kalkuluak egin nituen”. Bidai agentzia batean ere galdetu zuen, “ea bidaia osoak ze kostu zeukan. Alegia, hegazkina, ostatua, gidaria gurekin Plaza Gorria ikusteko… 270.000 pezeta, esan zidaten”. Duela 25 urteko 270.000 pezeta! Kontsulatura ere joan zen, bakunen inguruan galdetzera.

Salneurri hori aintzat hartuta, Juanitok Bareari 700.000 pezeta eskatzea pentsatu zuen: “Bezeroa beldurtzeko. Orduan dirutza handia zen kopuru hori, eta Bareak atzera egingo zuela sinetsita nengoen”. Baina baiezkoa eman zion. “Barea behien modukoa zen. Bera, joatekotan, oinez. Hori bai, norbaitekin joan nahi zuen, bakarrik ez baitzen ausartzen”. Baiezkoarekin, xehetasun guztiak lotzen hasi zen gidaria. Kotxearen aseguruarekin arazo asko izan zituen. “Poloniara arte egiten zidaten asegurua, baina handik Errusiara inork ez. Orduan bertara joatea pentsaezina zen, inork ez zuen pentsatu ere egiten. Bizitza asegurua ere egin nuen ezkutuan bientzat, zerbait gertatzen bazen. Nik hiru alaba txiki nituen! 10.000 pezeta ordaindu nituen, eta ez nion ezer esan Bareari”. 1994 urteko 700.000 pezeta zenbat diru izango litzateke egun? Juanitoren erantzuna: “Ba bi milioi pezeta izango ziren, igual”. Bi milioi pezeta edukitze hutsa ere zaila izango zen orduan. 

Juanitok euskara eta gaztelania hitz egiten ditu. Frantsesa arrastorik ez, ingelesa ere ez. Poloniera edo errusiera, arrotzak erabat. Nola moldatu ote zen hizkuntzekin? “Keinuekin. Tourrera ere urte batzuetan joanak ginen, eta oilaskoa eskatzen eskatu genuen besoak mugituz. Moskura bidean ere antzera. Hori eta dirua erakutsiz. Nik Alemaniako markoak eman nituen, hemen errubloak lortzea zaila zelako”. Mapak-eta ba omen zeuden garai hartan. Hori bai, autopista gutxiagorekin. “Orain gozo joaten zara Parisera autopistatik, baina 1994an Tours arte errepide nazionaletik joan behar zinen (Paristik 250 kilometrora dago Tours). Pentsa ze martxa, herri guztiak zeharkatzen”.

10 egun, 9.000 kilometro

Abiatu aurretik Xabier Lete zenak esandakoa izan zuen gogoan Juanitok: “Autoan galtzak, txokolatea eta patxarana eramateko esan zidan, arazoak banituen, eta bertakoei zerbait galdetu behar ba nien, gauza horiek eskaintzeko”. Errusiako Kontsulatuan Maria izeneko emakume baten kontaktua eman zioten. “Miren emaztearen senidea zen, Moskun zegoena lanean. Asko lagundu zigun Moskun bertan. Minsk-etik, Bielorrusiako hiriburutik deitu genion, hurrengo egunean iritsiko ginela esateko, eta han itxaron zigun”.

Abiatu ziren. Peugeot 405 berri batean. Lau egunetan iritsi ziren Moskura, Lehenengo egunean Frantziako Peronne herrira arte, Belgikako mugatik gertu. “Kamioilariek non lo egin esan zidaten, non zeuden atsedena hartzeko gune aproposak, eta haietan geratzen ginen”. Haietako batean zaletu omen zen alkoholik gabeko garagardoa edaten, “alkohola zuen garagardorik ezin nuelako edan”. Bigarren egunean goizeko zazpietan irten ziren, Alemania osoa gurutzatu eta Polonian sartu. “Banuen gaua pasatzeko erreferentzi toki bat, baina ezin bilatu”. Irrati antzeko bat bazuen Juanitok, eta galdetu egin zuen, “ea kamioi gidariren batek zer edo zer erantzuten zuen. Bilatu genuen, eta logelara nindoanean, Bareak kotxean geratu behar zuela esan zidan, ez zela handik mugituko. Ez nintzen konbentzitzen saiatu, berezi samarra zen izaeraz, eta autoan pasa zuen gaua!”. Hori bai, zaindari bati autoa eta Barea zaintzeko eskatu zion, garaiko bost markoren truke.

Goizean jaiki, gosaldu, kontua eskatu eta 28.000 zenbakia erakusten zuen faktura erakutsi zion langileak (28.000 zloty, orduan Poloniako moneta zena). “Ia atzeraka erori nintzen, sustoarekin, baina gero zenbat marko ziren esan eta lasaitu nintzen”. Azkar joan ziren, “sarri 160 kilometro orduko abiaduran. Errepideak oso zabalak zeuden, baina kontuz ibili behar zen, zulo handiak baitzeuden asfaltoan”. Minsk-en hirugarren gaua pasa eta laugarren eguneko eguerdirako Moskuko Plaza Gorrian zeuden.

Bielorrusia eta Errusiako mugan izandako pasadizoa gogoratu du Juanitok: “Lau polizia etorri zitzaizkidan, txikiena bi metrokoa, eta kotxea husteko agindu. Patxarana neraman, ardo zahagi bat… Jakin ere ez zuten jakingo zer zen zahagia. Halako bulego batean sartu ninduten, eta ni dirua eskatuko zidatela konbentzituta nengoen. Halaxe izan zen, baina ez zen soborno saiakera izan. Bisa eskatzerakoan zehaztu nuen eguna baino bi egun lehenago iritsi ginen Bielorrusia eta Errusia arteko mugara, eta isun moduan 100 marko alemaniar eskatu zizkidan, pertsona bakoitzagatik. 100 nik, 100 Bareak. 50 marko ordainduta lortu genuen adostasuna”.

Mosku, mundu ezezaguna

Eta Moskun, komeria gehiago. Krokis bat ba zuen Juanitok, hotelaren izenarekin. Moskuko etorbide batean geratu zen, norbaiti galdetzeko asmotan, eta polizia auto bat geratu zen. “Haiei jarraitzeko esan zidaten, pentsatuz hotelera eramango nindutela. Polizia-etxera eraman ninduten! Han, jakina, ez nuen tutik ere ulertzen. Halako batean telefonoa eskatzen ari nintzela ulertu zidaten, eta Mariari, emaztearen senide zenari deitu nion. Hura etorri eta dena konpondu zen. Metro geltoki batera hurbiltzeko esan zidan, eta han azalduko zela. Hala izan zen”. Autoa enbaxadan utzi eta afaltzera joan ziren, eta ondoren hotelera joan ziren.

Moskuko metroa ikaragarri gustatu zitzaion Juanitori. Plaza Gorria ere bai: “Ikaragarria. Lenin-en Mausoleoa, helikopteroak non lur hartu zuen, hango dendak…  Barea ere harrituta geratu zen militar kopuruarekin, Plaza Gorri azpian dagoen patio handi batekin. Dena da handia, eta Mosku oso aberatsa, baina kanpotik. Autobusak, aldiz, oso pobreak. Gu egon ginen urtean miseria asko ikusten zen. Bertakoak nekagarri samarrak ziren, dirua eskatzen ziguten etengabe”. Atzerritarrentzat hiri garestia omen zen bazkaltzea. “Urnietan 500 bat pezeta balio zuen eguneko menuak, baina guk atzerriko produktuak eskatzen genituenez, diru asko ordaindu genuen”. Bereziki gogoan dut cognac pare bat edan zuten eguna: “3.000 pezeta inguru ordaindu genuen, bakoitzak”. Moskun bi egun eta erdi egin zituzten, baina denbora gehiena hotelean, “Bareak ez zuelako atera nahi”.

Joan hiru egun eta erdian egin bazuten, buelta azkarrago: “Bi egun eta erdi”. Polonia aldean erregaiarekin arazoak izan zituen Juanitok. “Gasolinarik gabe gelditzen ari nintzen, eta gasolindegirik bilatu ez. Bat bilatu nuen, ordaindu, eta bota nizkion litro batzuk… 20 kilometro egin eta kotxea plof, gelditu egin zen. Erregaiez nahastu nintzen, noski… Gau betea zen, eta ‘ze kristo egin behar dut nik orain’, pentsatu nuen niretzat. Kamioilari bat geratu zen, eta egunkari orri batekin inbutu antzeko bat egin, eta bete genuen depositua pixka bat, hurrengo gasolindegira arte”. Miren emazteak susmoa du, gasolindegian ez ote zioten ura bota, erregaia bota beharrean.

Herrian txantxak jasan behar

Herrian jendeak ez zuen sinesten Moskura taxian joan zirenik. “El Diario Vascok bidaiako kronika atera zuenean onartu zuten, lehenago ez, pertsona batek izan ezik. Daniel Txinpartak egunkarian ikusi zuenean ere ez zuen sinesten”. Telebistan eta irratian ere agertu zen bidaia, Roge Blascoren Levando Anclas bidaia saio famatuan, Radio Euskadin. Record Guinness lehiaketara aurkeztea proposatu zioten gidariari, baina taberna zuloko momentuko harropuzkerian geratu zen solasaldi hura. Etxera bueltatuta, bazkaldu egin zuen bapo Juanitok: “Bidean gaizki jan genuen, ez baitzegoen ogirik. Txatka kontserbak, ia menu bakar. Urnietara iritsi eta txuleta handi bat jan nuen. Bareak ardo gorri botila osoa edan zuen, eta mozkortuta eraman nuen etxera. Biharamunean anbulantzia batean erietxera igo zutela oroitzen naiz”.

Sakelakorik gabe, etxera deitzeko komeriak izan zituen gidariak. Miren emazteak beldur handia pasa omen zuen senarra etxera bueltatu zain. Juanitok taxi gidari jarraitu zuen urte luzez, baina inoiz ez zen Moskuko Plaza Gorriraino eraman zuen adinako beste abentura batean murgildu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!