Odol emaileen erantzun bikaina

Xabier Lasa 2020ko mai. 14a, 10:02

Urnietako odol emaileen erantzuna bikaina izan zen, beste behin ere. Telefonoz hots eginez, berehala bete ziren aldez ezarritako  30 plazak. Lekaio kultur etxean egin zen odol erauzketa, joan zen astelehenean.

Normaltasun osoz igaro zen asteleheneko saioa. Zenbaitek, umorea erabilita, Urnietako talde antolatzaileak prestatu ohi dituen pintxo goxoak faltan botatzen zituela adierazi zuen; aurretik prestaturiko sandwich komertzialekin konformatu behar!

Herrikideek bezalaxe, Udal ordezkariek ere odola emateko prestutasuna izan zuten. Besteak beste, Mikel Pagola alkateak eta Jorge Segurado eta Agurtzane Mercader zinegotziek.

Urnietara gerturatu zen osasungintzako profesional taldeak odola emaileei ohiko azterketa egin zieten. Hurrenkera honetan: medikuarekin elkarrizketa, tentsio arterialaren neurketa eta odol lagin batekin anemia maila neurtzeko hemologlobinaren kontrola. Kontuan hartuta larrialdi egoera bizi dugula, bateren batek galdetu zuen ea ez ote zuten koronabirusaren testa egin behar. Erantzun ziotenez, ez da testa horren beharrik. 450 mililitroko odol-poltsa bana ondo katalogatu ondoren laborategietan aztertzen da. 

Joxe Mari Campos eta Enkarni Mujika Lekaiora odola ematera hurbildu ziren urnietarrak dira. Camposek urtarrilean jubilatuen egoitzan eman zuen odola azkenekoz, “ordutik gauzak aldatu direla konturatu naiz. Mediku eta erizainak zorrotz ari dira hartzen osasun neurriak, ondo ikasita daukate odol erauzketa bakoitzeko zer eta nola desinfektatu behar den”.

Camposek igandean mezua jaso zuen.

“Odola beharrezkoa dela jakinarazi zidaten antolatzaileek, eta animatu egin naiz, libre samar bainabil arratsaldeetan”.

Hilabete eta erdi etxean telelanean darama Camposek. “Lantegian etxean aritzeko baliabideak eskaini zizkiguten eta goizetan bost orduko lanaldia egiten dut. Denetariko iritziak zabaltzen ari dira telelanaren inguruan; ni, behintzat, nahiko ondo moldatu naiz egoerara. Etxean bi seme-alaba dauzkat, 14 eta 16 urtekoak dira eta berehala ulertu zuten egoera, eta errespetatzen dute lanerako behar den espazioa eta lasaitasuna. Gainera, eurek ere eskolako lanak dauzkate, eta teknologia berriei denbora eskaintzen die. Daukaten adinagatik, suerte pixka bat eduki dut salbuespen egoera honen baitan. Lankideen artean ezagutzen ditut ume txikiak dauzkatenak, eta horiek nekezago daramate telelana”.

Enkarni Mujika Lekaiora hurbildutako beste urnietar bat da. “Goizetik deika jardun dut,  baina telefonoak komunikatzen ematen zuen denbora guztian. Arratsaldean bertan Lekaiora hurbiltzea erabaki dut. Batentzat tokia bazegoela esan didate, eta holaxe, besoa jarri, eta bete dut egin beharrekoa”.

Mujikak ezin hobekiago ezagutzen ditu osasun krisialdiaren gora beherak, adineko jendeari zaintza lana eskainiz joaten baitzaio ia egun osoa. “99 urte betetzera doan ama etxean daukagu, eta jubilatuta dagoen senarra eta biok zaintzen dugu. Eguna nahiko beteta daukat, egia esan. Goizean 06:30ean esnatzen naiz eta ondoren amari jaikitzen laguntzen diot. Hori eginda, Hernaniko zahar egoitzara joaten naiz, bertan klinika laguntzailea naiz”.

Hernaniko egoitzan salbuespenezko egoerara ondo moldatu direla aitortu du Enkarni Mujikak, nahiz bertako egoiliarrak arrisku-taldekoak izan. “Eramangarria egiten ari zait egoitzako zeregina, baina horri etxekoa batuz gero, orduan gauza konplikatzen hasten da. Hemengoa eginda, banoa korrika etxera”. Enkarnik onartzen du okerrena atzean uzten ari garela, baina gehitu du inor ezin dela erlaxatu. Alde horretatik, kezkatzeko moduko jarrerak ikusi ditu azken egunetan.

“Hona nentorrela, taberna bat edo beste irekita ikusi dut, eta terrazetan jendea elkarren ondoan. Ezin dut ulertu zer dela-eta jendeak daukan antsia edo premia hori tabernan egoteko...  Gauden tokira iristeko hainbesteko sakrifizioa egin eta gero, orain dena arriskuan jarri behar ote dugu?”.

Mujikak ulertzen du errealitatearen pertzepzioa zeharo alda daitekeela bizipen pertsonalaren arabera. “Telebistan esan eta esan ari dira kontuz ibiltzeko, baina asko ez dira konturatzen huskeria batek dena hankaz gora jarri dezakeela. Jakingo balute zaharren erresidentzietan zenbateko kontrolak egiten ditugun...”.

Erlazionatuak

Odol-emaileekin solasean

Xabier Lasa 2020 api 15 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!