Goi mailako kirolariak, konfinamendua amaituta

Jokin Lizeaga mendi korrikalaria, Mikel Alonso eta Mikel Iturria txirrindulariak, Nahikari Garcia futbol jokalaria eta Julen Gabirondo segalaria konfinamenduaz eta etorkizun hurbilaz aritu dira

HIRU GALDERA

Zer moduz moldatu zara konfinamendu garaian? Entrenatzeko aukerarik izan duzu? Etxean aritu beharra nekagarria egin zaizu?

10 egun atzera maila handiko kirolariek etxetik kanpo, ordutegirik gabe prestatzeko baimena jaso zenuten. Baliatu duzu? Zer sentitu duzu berriro etxetik kanpo kirola egitean?

Urte erdi luzea geratzen da 2020a bukatzeko. Zer espero duzu urteko bigarren sei hilekoan?

 

Hiru galderei erantzutea eskatu diegu Urnietako goi mailako bost kirolariei.

Jokin Lizeaga, mendi korrikalaria

1 Ondo eraman dugula esango nuke. Aukera onak eman dizkigu lasai egoteko, aukera politak izan ditut familiarekin batera egoteko. Inoiz egin ez genituen gauzak egiteko, edo presaka egiten genituenak, adibidez. Kirola egiteko aukera izan dut. Astean behin Lizartzan daukadan baserrira joan izan naiz, hango astoei eta jana ematera, eta han, natura inguruan, haizea hartu eta gorputza estutzeko aukera ona izan dut. Etxean eliptika tramankuluan aritu naiz, eta 22 urte erabili gabe neukan arrabola ere ba neukala jabetu naiz. Han egunero beti ordubetetxo bat edo ibili naiz. Ia egunero egin dut kirola. Ondo moldatu naiz.

2 0 fasea delakoan, askatasun puntua gustura hartu dut, nahiz eta dosi txikia izan. Pasa den larunbatean, mendira joateko izan genuen lehen egunean, Buruntzara igo nintzen goizeko 6retan, jendetza igo baino lehen, eta bestela ere korrika saioak egin ditut egunero. Beti eguna argitzear zela, goizean-goiz. Ordu eta erdi, edo bi orduko saioak, gutxi gorabehera. Espainiako Kirol Batzorde Gorenak (CSD) baimena eman die, digu, Goi errendimenduko kirolariak garenoi (gaztelaniaz DAN, Deportistas de Alto Nivel), eta ordutegirik gabe eta probintzia osoan entrena gaitezke. Goizeko 6retan izan beharrean beranduago jarduteko aukera izango dut, arau horri esker. Bakarren batzuk haserretuko dira, agian, orduz edo lekuz kanpo entrenatzen ikusten banaute, oihuak edo hitz itsusiak esanez, baina saiatuko naiz beste herritarrek dituzten antzeko mugak errespetatzen.

3 2020an ez daukat lehiaketetan parte hartzeko asmorik buruan.  Oraindik bistan eta orkatiletan arazoak ditut, eta bestetik Covid 19ak lasterketarik egiten utziko ote duen ere ezin jakin. Gogoa, bai, badut, lehiatzeko, baina aukera sortu arte mendiaz gozatzea izango da helburu bakarra.

Mikel Alonso, Euskadi Fundazioko txirrindularia

1 Nahiko ondo eraman dut konfinamendua. Egunen baten halako ahulaldiren bat izan dut, baina orokorrean ondo moldatu naiz psikologikoki. Lehen bi astetan egurrean aritu nintzen, sasoi puntu ona mantentzeko, ez genekielako egoera zenbat luzatuko zen, baina gero, luzerako izango zela ikusita, bi astez lasaitu egin genuen erritmoa. Arrabola neurrian egin behar da, nekagarria bilaka daitekeelako egunero gauza bera egiten. Egun batean bi ordu, bi ordu eta erdi egin, ondo, eta hurrengoan arrabolean hasteko kemenik ez edukitzea gerta liteke.

2 Behin baimena eman digutela, gozatzen ari naiz. Profesionalak gara, eta gozamena da errepidera irtetea. Bizikleta gainean jarri nintzen aurreneko egunean zalantza sentitu nuen, bizikletan ibiltzea ahaztu izan balitzait bezala, gurpilak zulatuta neramatzala uste nuen. Aste lasaia izan zen lehengo astekoa, tonua berreskuratu, egunero bizikletan, eta pixkanaka intentsitate eta karga gehiago sartzen.

3 Denboraldia, ikusiko dugu ze martxa hartzen duen. Itxura du abuztuan hasiko garela, baina ziurra ere ez da. Ziurgabetasun handia dago, eta egoera zaila da, ezin espekulazioak egin. Ez dakigu ze lasterketa korrituko ditugun, eta gure aldetik, zaintzea, ondo entrenatzea eta nire maila onena emateko aukera izatea, hori bakarrik dago gure eskuetan. Ez dago besterik.

Mikel Iturria, Euskadi Fundazioko txirrindularia

1 Konfinamendua nahiko ondo eraman dut. Momentu txarrak egon dira normala denez, luze egiten baita egun guztia etxean sartuta egotea, baina orokorrean ondo eraman dut. Ahal izan dudan aktibitate gehiena egiten saiatu naiz, ez entrenatzeagatik soilik, burua okupatuta edukitzeko ere bai. Arrabola saioak egin ditut 2-3 aldiz egunean, core eta mugikortasun ariketak ere bai... baina beti zentzu edo perspektiba jakin batekin, urte bukaeran etor daitezkeen helburuei begira.

2 Lehenengo egunean arraro samar sentitu nintzen errepidean. Nik uste baino gehiago aldatzen da pedal-kolpea arraboletik errepidera. Egun asko izan dira errepidea ukitu gabe, eta hori antzeman dut. Azken egun hauetan hanketan baino, eskuetan, lepo eta bizkarrean antzeman dut nekea... pentsa, hatzetan babak ateratzen ari zaizkit berriz... Ez dut imajinatu ere egin nahi pilotari batek zer notatuko duen berriz ere frontoira itzultzean.

3 Urteko bigarren erdiari begira momentuz ez daukat helbururik. Beraz, egunez egun joan, eta ea zer gertatzen den egutegiarekin.  Oraingoz ez daukagu lasterketarik konfirmatuta, eta antza denez Espainiako Vueltak ez digu gonbidapena luzatu nahi izan, nahiz eta lasterketa gure etxetik atera.

Nahikari Garcia, Realeko jokalaria

1 Zortea eduki dut, etxean kirola egin ahal izateko espazioa daukadalako. Etxean halako gimnasio txiki bat atondu nuen, eta Gabonetan gurasoei bizikleta estatiko bat ere oparitu nien, eta horrekin kirola egin dut, gutxieneko bat behintzat sasoia mantentzeko. Garajeko pasilloan ere ariketak egin ahal izan dut. 50 metro edo, izango ditu, eta han ibili naiz. Konfinamendua iritsi zenean errekuperazio lanetan ari nintzen, orkatilako lesioagatik, eta deskonektatzeko aukera eman dit errekuperazio lan horrek.

2 Konfinamendua bukatuta, paseo txiki batzuk egin nituen pasa den astean, baina beti ere errekuperazio ariketak lehenetsiz. Pixkanaka paseo horiek luzatzen joan naiz denboran, kilometro batzuk pilatzeraino. Eskertzen da, giroz aldatzea, zeren eta momentuz ezin dugu zelai gainean aritu, eta kaletik korrika ibili ahal izatea sentsazio ezberdina da.

3 Etorkizunaz, Liga amaitutzat eman dute, eta penatuta nago, niri jokatzea gustatzen zaidalako. Behar dut, adrenalina pixka bat askatzeko, lehiakortasun hori erakusteko, baina ez da posible izango. Aurre-denboraldia iritsi bitarteko epea luze egingo dela pentsatzen dut, baina egoera onartu beste erremediorik ez dugu. Futbolaren bi aurpegiak ikusi ditugu. Mutilen kasuan diru asko mugitzen da, aurrera egingo dute euren lehiaketatan, eta gure kasuan ez, baina erabakia ez zen erraza. Hilabete pare batean lanean jarraitu eta lehiaketa lehenbailehen bueltatzeko zain egon beste aukerarik ez dugu.

Julen Gabirondo, segalaria

1 Suerte handia daukagu Xoxokan bizi garenok, landa eremuan. Mendia ezin izan dugu joan, baina hemen etxe gehienetan daukagu loretoki txikiren bat, lur sailen bat sasiak mozteko eta beste, eta alde horretatik entretenitzeko edo haize pixka bat hartzeko aukera izan dugu. Lanean ere ibili naiz, hasierako bi asteak kenduta, eta bi aste horiek gustura hartu nituen, familiari bestela eskaintzen ez diodan denbora eskainiz. Halako oporraldi txiki bat izan zen. Etxean badut korrika egiteko halako zinta bat, kilometro batzuk egin, abdominalak eta horrelaxe.

2 Konfinamendua bukatu den honetan, fisikoki ondo sentitu naiz. Hori bai, segan oso gutxitan ibili naiz, egun batean edo bitan, hemen etxe ondoan daukagun lur sail txiki bat mozteko. Hemendik aurrera aukera gehiago izango ditugulakoan nago, baina egoera poliki doa. Ikusi dugu momentuz herritik ezin dugula irten, eta horrek, noski, zaildu egiten du egoera.

3 Esperantza handirik ez daukat, zintzoa banaiz. Txapelketak egingo diren ez dakit. Martxoan egiten dira zozketak, datak erabaki, eta federazioaren aldetik berririk ez daukagu. Txapelketekin aurrera egiteko asmoa zutela esan ziguten apirilean, baina ez da mugimendu askorik ikusten. Motibazioz ere apal samar nabil. Txapelketa atarian aurkariak eta beste aztertzen dituzu, borrokarako grina esnatzen zaizu, eta orain ez dut halakorik sumatzen. Deskuiduan txapelketarik ez dela egingo esaten badute, onartu beste erremediorik ez litzaiguke geratuko, pena handiarekin. Entrenamenduak mantendu, sasoi puntutxo horri eusteko, baina gauza handirik ez. Beste proiektu berezi bat badaukat buruan, baina gauzatu ahal izango den ez dakigun honetan, oraingoz ezin dut gauza handirik aurreratu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!