"Udala herriko merkatariekin zorretan dagoela uste dugu"

Aiurri 2020ko mai. 21a, 09:53

Koronabirusak herriko merkatariak elkartu ditu, aspaldian ez bezala. Mezu zuzena helarazi nahi diote Udal Gobernu Taldeari: Bat eginda daudela, eta Udalaren inplikazioa saihestezina dela. Udalak bere aldetik sektorea indartzeko borondatea duela erantzun die. Bi gutunak, jarraian:

Urnietako udal txit goreneko gobernu taldeari

URNIETAKO MERKATARI, OSTALARI ETA ZERBITZU SEKTOREKO ASANBLADA

Urnietako merkatari, ostalari eta zerbitzu sektoreko langileok desadostasuna erakutsi nahi diogu Udaleko Gobernu taldeak herriko komertzioaren mahaian aurkeztutako proposamenari. Udalak egin duen ahalegin ekonomikoa eskertu nahi dugu, beste ezeren aurretik, baina proposamen itxia da, ustez kontsentsu eta elkarlan mahai batek eduki beharko lukeen negoziaketarako eskubiderik gabe. Merkatariok, une zail hauetan, ulermena eta elkarrizketa behar ditugu Udalaren aldetik. Komertzio bakar bat bera baztertuta gera ez dadin, eta Urnieta herri bizia egiten lagun dezan. Gure eskaera zehatza izan da: laguntza ekonomiko zuzena itxita egon diren komertzioentzat, eta baita, irekita egonda ere, irabazirik lortu ez duten komertzioentzat ere. Neurri batean, Udala herriko merkatariekin zorretan dagoela uste dugu, urtetan arretarik eskaini ez, eta babesik eman ez zaigun sektorea baikara. Eskatzen dugun laguntza honek eduki dezakeen garrantziaz harago, gure ardura nagusia etorkizuna da. Etorkizun horren partaide izan nahi dugu Urnietako Udalaren eskutik, eta laguntza ez dadila halako adabakia izan, dagoeneko oso kolpatuta dagoen gure ekonomian. Komertzioaren sektorearentzat elkartasuna eta onarpena erregutzen ditugu.

Udala herriko merkatariekin zorretan dagoela uste dugu, urtetan arretarik eskaini ez, eta babesik eman ez zaigun sektorea baikara

Bestalde, herri kontsumoa suspertzeko bono batzuen sorrera planteatu genuen. Eskaini zaiguna kontrolatutako erreskate funts bat izan da, gure sektoreak finantzatu beharreko bono sistema. Sistema horren baitan, guk aurrez jarritako dirua egun askoko atzerapenarekin itzultzeko proposamena jaso dugu.

Beraz, eta gure duintasuna gure beharren gainetik dagoela aintzat hartuz, irmoki baztertzen dugu Udal Gobernuaren proposamena. Hori bai, hitzarmen zintzo batera iristeko gure erabateko prestutasuna agertuz. Urnieta herri hobeagoa egingo duten bestelako proposamenak adosteko prest gaude. Azken finean, Urnietaren mesedean aritzen gara bai merkatariok, baita Udala ere.

Eskaera honek merezi duen erantzuna izango duelakoan.

Adeitasunez.

 

Sektorea indartzeko borondatea dugu

URNIETAKO UDALEKO GOBERNU TALDEA URNIETA

Koronabirusa dela eta bizi dugun egoera larri honetan bi lehentasun nagusi ditu Urnietako Udaleko Gobernu taldeak. Alde batetik, gizarte-babesa indartzea, egoera okerrenean dauden pertsonei laguntzeko, eta bestetik, herriko merkataritza suspertzeko plan bat abian jartzea.

Azken puntu horri dagokionean, merkatarien eskaera nagusia itxita egon diren, edo irekita egonagatik irabazirik izan ez duten establezimenduei laguntza zuzena ematea zen, eta hori da hain zuzen, egingo duguna. Izan ere, bi kasu horietan, 1.000 eta 1.500 euro bitarteko laguntza zuzenak emango ditugu denda bakoitzaren ezaugarrien arabera (laster aurkeztuko dugu plana osotasunean). Eta Urnietako autonomoei berriz, 350 euroko dirulaguntza bideratuko diegu.

Laguntza horiek ematerakoan gainera, eskuzabal jokatuko dugu, eta horretaz jabetzeko inguruko herrietan banatuko diren dirulaguntza lerroei begiratu besterik ez dago, Urnietan planteatzen direnak handiagoak dira. Urnietako Udalak bere dirusarreretan murrizketa nabarmenak izango dituela aurreikusten du eta egoera hau pairatzen ari diren gainerako sektoreak eta pertsonak laguntzeko eta inor atzean ez uzteko esfortzu berezi bat egin beharko dugun arren, saiakera handia egingo dugu herriko merkataritza indartzeko. Guretzat alor horrek duen garrantziaren erakusle. Halere, egia da, merkatariek eskaturiko komertzio bakoitzarentzako 3.000 euroetara iristea ezinezkoa izan zaigula.

Laguntza horiek ematerakoan gainera, eskuzabal jokatuko dugu, eta horretaz jabetzeko inguruko herrietan banatuko diren dirulaguntza lerroei begiratu besterik ez dago, Urnietan planteatzen direnak handiagoak dira

Bestalde, herriko kontsumoa sustatzeko abian jarriko diren bonoei dagokienean, eginiko planteamendua berraztertzeko prest gaude, guztiontzat egokiena izan daitekeen formula bilatzeko. Beraz, hausnartu ditzagun aukera posibleak adostasun batera iristeko.

Azkenik, uste dugu, sektorea indartzeko borondatea dugula erakusten ari garela. Etorkizunean ere erakusten jarraituko dugu, bai merkatarien nahia eta baita gurea ere berdinak baitira, Urnietak tokiko merkataritza indartsu bat izatea, alegia. Zentzu horretan, komunikazio kanpaina bat abian jarria dugu zenbait astetik hona, herritarrek bertako merkataritzak duen garrantzia barnera dezaten. Halaber, garatzen joango diren beste ekimen batzuen berri ere badute merkatariek.

Horrenbestez,  Urnietako merkataritza indartzeko xedez lanean jarraituko dugu irmoki. Hobeto esanda jarraitu dezagun lanean. Guztiok batera norabide berean jardunda emaitzak ziur hobeak izango direlako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!