EkonoVID

Esperantzara kondenatuak

Andoni Urbistondo 2020ko mai. 22a, 11:15

Urnietako Goi Mendi eta Egur tabernetako jabeek euren negozioak ireki ondoren pasatako hamar egunen balantzea egin dute. Lanean ari dira, zerbitzarien demandak betetzen. Eta ez da gutxi.

Julen Goia eta Ainhoa Ostolaza jo eta su dabiltza Goi Mendi tabernan, azken hamabi egunetan. Egun bakarra egin dute jai, pasa den asteartea, arnas pixka bat hartzeko. Egur tabernako Jose Godoyk bizpahiru egunez itxi du terraza, langileek bezeroak eguzkitik edo euritik babestuko dituen tramankulu handia jartzeko. Pozik mintzatu dira biak, ia bi hilabete sosen makinan txakur txikirik sartu gabe eman ondoren, hasi direlako euren galerak murrizten. “Bi hilabete egun asko dira ostalariontzat”, dio Egurreko nagusiak. “Aintzat hartu gazte festak, asteburu asko, eta nire kasuan gaueko kopak galdu ditugula, eta horiek ez ditugu errekuperatuko”.

Julenek eta Ainhoak taberna txukuntzeko baliatu zituzten itxierako lehen bi asteak: “15 egunerako izango zela esan ziguten, eta atsedentxo bat bezala hartu genuen: taberna txukundu, gauzatxo batzuk aldatu… Gero, denok bezala, jabetu ginen luzerako zihoala”. Kolpe handia hartu dute, errepidez bestaldeko taberna bezala. “Komertzio txikia gara, urteko bi hilabete, eta gazte festak kentzen badizkizute, urteko balantzeari kentzen diozun tarta zatia handia da”.

Hasi ziren, maiatzaren 9an, agintariek terraza %50ean irekitzeko baimena emanda. Behar gorria zutelako ireki zuten, baina ez “irekieraren arau kontuak ondo menperatzen genituelako”. Egur-eko Josek dio eurak ere galdu antzean ibili direla arauekin, “batek A eta besteak B esaten duelako, eta zenbait kasutan ez dakizulako zer esan bezeroari, toki batean ondo dagoen edo ez”. Beldurtu ere beldurtu ziren Julen eta Jose, lehen larunbat horretan. Jendea eztarria bustitzeko grina handiarekin zegoen, bi hilabete poteoan ibili gabe egon ostean. Goiza ondo joan omen zen, baina arratsaldean komeriak izan zituzten: “Eguraldi freskoa zegoen, baina mahaiak bete egin ziren azkar. Jendea etorri eta etorri ari zen, eta une batean espaloi osoa jendez bete zen”, dio Julenek. “Zer egin ez nekiela geratu nintzen, pilaketak gure ardura ote ziren, edo guk geuk konpondu behar ote genituen”.

Egur-en ere koadrila handiak elkartu dira. Mahaien artean bai, bi metroko distantzia, baina bezeroen artean erraza ez. Udaltzaingoari laguntza eskatu zieten bi tabernariek, pilaketak saiheste aldera, eta diskrezioarekin, lortu dutela diote: “Taberna aurretik pasatzen zirenean autoa errepide erdian utzi, eta bertan geratzen ziren 10-15 minutuz, jendea zainketa lanean zeudela jabetu zedin, eta arauak errespetatzeko daudela onar zezaten. Ertzaintza autoen pasaerak ere jendeak jarrera hobea edukitzea ekarri du”. Bat egiten du Julenek Joserekin, Udaltzaingoak asko lagundu diela esaterakoan: “Guk esanda ere, bezeroak nahi duena egingo du. Udaltzaingoa gertu badago, ordea, egoera asko aldatzen da”.

Denerako herritarrak ikusi dituzte 10 egun hauetan: “Badira dena bost axola zaiena, pandemia guztia txorakeria bat izango balitz bezala, eta horien artean gazte asko”, dio Julenek. Bigarren talde bat arauak, coronavirus-a serio hartzen duena omen, “distantziak zorrotz zaintzen dituena”. Eta hirugarren bat ere bai: “Pandemia inor baino serioago hartu duen eguneroko bezeroa, baina tabernan geltokirik ez egitea erabaki duena. Aitortu egin digute, momentuz ez direla tabernara etortzen ausartzen, badaezpada”.

Itxaropentsu, etorkizunari begira

Bi tabernariak itxaropentsu daude. Esperantzara kondenatuak, ezinbestean. Azken bi aste eskasetan izan duten jende mugimenduaren halako balantze bat egiteko eskatu diegu. Txukuna izan da, Goi Mendiren kasuan, Julenen ahotan: “Zer esango dizut, bada, normala zenaren %65 bat, agian?”. Kopuru ona, ezta? “Bueno, ez da txarra, ez. Terraza erdia bakarrik erabil dezakegula aintzat hartuz, konforme geratzeko modukoa. Jendea kale giroan murgiltzeko gogo handiarekin dabil”. Zenbaki apalxeagoak eman ditu Egur-eko jabeak. “Biltzen dugunaren erdia edo. Egur eta Goi Mendi, dena den, taberna ezberdinak dira, haiek eguneko martxan sos gehiago biltzen dute, eta gure irabazien parte handi bat gaueko parrandarekin dago lotua. Baina %50 hori ontzat ematen dut, ez nago kexatzeko”.

Biek ala biek taberna barruko %50a ireki ahal izango dute astelehenean, terrazan bezalaxe. Horrek bultzada handia eman diezaieke negozioei. Goi Mendiren kasuan, lauzpabost mahai  gehiago atondu ahal izango dituzte barruan, “20-25 bat lagun, eta horrek lana biderkatu egingo du, zorionez”, Julenen esanetan. Egur-en kasuan, proportzioa handiagoa da: “Zortzi bat mahai jartzeko aukera izango dudala esango nuke, barruko eta terrazako bezeroekin zenbakiak normaltasun batera hurbiltzen has litezke”.

Tabernariak, komertzio guztiak bezala, Udalarekin hartueman estuan daude, ataka zail honetatik nola atera daitezkeen aztertzen. Eskaerak egin, ere, egin dituzte. Joseren hitzetan, xehetasunak: “Halako kontsumo bono batzuk eskatu ditugu, non parte bat Udalak ordainduko duen, kontsumoa sustatzeko. Errepide nagusia ixteko eskaera ere egin dugu, terrazak handitu eta jendea lasai egon dadin lagunekin, ikusiko dugu zer gertatzen den”. Julenek erakundeen beharra ezinbestekoa izango dela aitortzen du: “Ez gu, tabernariontzat soilik. 100 komertzio gaude Urnietan, eta denak, bakoitza bere neurrian, Udalaren laguntzari esker aterako dira aurrera, ateratzen badira. Udalarik gabe jai dugu, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiot egiten ari diren lanagatik”.

Eta bukatzeko, noiz iritsiko gara normaltasunera, noizbait iristen bagara? “Ez dakit iraganeko normaltasuna berriro ezagutuko dugun”, dio Julenek. Eta herritar askok entzun nahi ez duten sententzia mingarria. “Sanmiel jaiak bertan behera utziko dituztela sinetsita nago, oraindik berri ofizialik ez badago ere. Tabernariok jasoko dugun bigarren kolpe izango da hori”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!