Hauxe da Udalak egin duen balorazioa: “Alde batetik, helburu nagusia bete zelako, egoera zail honetan herritarrak animatzea, eta era berean, herriko kultura eta elkarteak balorean jartzea. Eta bestetik, ekintzak segurtasun neurriak errespetatuta eta inongo arazorik gabe gauzatu zirelako. Beraz, Udalak eskerrak eman nahi dizkie kalean paseatzen ari zirenean ekimen hauekin topo egin zuten herritarrei, eta bereziki egindako lanagati, parte hartu zuten Egapeko dantzariei, Txanbolineko musikariei eta bertso eskoletako kideei.
Atzoko egitaraua Jai Batzordea osatzen duten elkarteekin buruturiko lanketaren emaitza da. Izan ere, Koronabirusaren ondorioz apirilaren erdian Gazte Festak bertan behera uztea erabaki eta gero, deseskalatze prozesuan aurrera egin zen heinean eta neurriak arintzen joan ahala, maiatzeko azken astebururako ekintzaren bat antolatzea egoki ikusten zuten galdetu zitzaien herriko elkarteei kultura sailetik. Elkarteen erantzunak aztertuta, oro har, ekintza xumeak antolatzearen aldekoak zirela aintzat hartuta, parte hartzeko prestutasuna erakutsitako elkarteekin antolatu zen atzoko egitaraua”.
Jarrera desegokiak larunbat gauean
Kultur egitarauarekin zerikusirik izan ez arren, Udalak larunbat gaueko jarrera desegokiak salatu ditu: "Jende pilaketa handiak eman ziren tabernen kanpokaldean, distantziak eta segurtasun neurriak errespetatu gabe. Egoera horren aurrean, Udalak kezka handia erakusten du. Gogorarazi nahi du, oraindik egoera zail batean murgilduta jarraitzen dugula eta ezinbestekoa dela ezarritako neurriak errespetatzea. Horretarako herritar bakoitzaren jarrera eta konpromisoa ezinbestekoak dira. Aste guztia hauetan Urnietarrek zentzuz jokatu dute eta aurrerantzean ere hala izatea espero du Udalak”.