Kultur ekitaldiak kalean, bigarren fasean

Jon Ander Ubeda 2020ko eka. 4a, 08:21

Historiarako geratuko da 2020ko udaberriko festa ospatzeko aukera izan zela, nahiz eta bere osotasunean izan. Jaiaren eta ospakizunaren aldeko haria ez da eten, herriko elkarteen eta Urnietako Udalaren lankidetzari esker.

Maiatzaren 31n kultur egitarau txikia aurrera eramateko aukera izan zen, segurtasun eta higiene mailako arau guztiak beteta. Eta hori posible izan zen herriko taldeen eta Udalaren arteko lankidetzari esker. Kezka eta zalantza etengabea izan zen, ziurrenik, egitarau txiki hori prestatzeko bilkura ezberdinetan. Baina irizpide nagusietakoa kultur bizitzari jarraipena ematea izanik, Koronabirusak eragindako zailtasunei aurre egiteko antolaketa lana biderkatu egin zen. Eta horrela iritsi ziren maiatzaren 31ra. Ez bi, ez lau, ez sei. Hamahiru musikari elkarrekin aritu ziren kalejiran. Hamahiru! Dantzariak ere ez ziren talde txikiagotan ibili. Hamabost San Juan plazan, hamabost!

Urnietakoan egindakoa San Juan jaiak eta udako beste ospakizun batzuk egiteko gida modukoa bihur daitezke. Borondatea izanez gero, posible da.

Udalaren balorazio ona

"Herriko kultura bizirik dagoela erakutsi zen Gazte Festak ospatu behar ziren asteburuan", Urnietako Udalaren balorazio-oharraren hasiera da hori. Eta kultura erdigunean jarriz jarraitzen du, ohar berean: “Alde batetik, helburu nagusia bete zen, egoera zail honetan herritarrak animatzea, eta era berean, herriko kultura eta elkarteak balioan jartzea. Eta bestetik, ekintzak segurtasun neurriak errespetatuta eta inongo arazorik gabe gauzatu ziren. Beraz, Udalak eskerrak eman nahi dizkie kalean paseatzen ari zirenean ekimen hauekin topo egin zuten herritarrei, eta bereziki ekitaldietan parte hartu zuten Egapeko dantzariei, Txanbolineko musikariei eta bertso eskoletako kideei".

Maiatzaren 31n ikusi zena aldez aurretik landutako prozesu baten emaitza izan da; "Koronabirusaren ondorioz apirilaren erdian Gazte Festak bertan behera uztea erabaki eta gero, deseskalatze prozesuan aurrera egin zen heinean eta neurriak arindu ahala, Kultura sailetik maiatzeko azken astebururako ekintzaren bat antolatzea egoki ikusten zuten galdetu zitzaien herriko elkarteei. Elkarteen erantzunak aztertuta, prestutasuna erakutsita zuten elkarteekin antolatu zen igandeko egitaraua”.

Ikasleen bertso-sorta

Urnietako Udalaren Youtube kanalean entzungai dago igandeko bertso saio berezia. Ikastetxe ezberdinetako kideen parte hartzearekin hasten da, eta amaiera bertso eskolako kideek ematen diote. "Habanera"ren doinuan, nagusiek honako bertsoa bota zuten. Puntuz puntu, 8 kideren artean osatutakoa:

Ze ondo maskarillekin, egunik beroenetan,

Ondo ezin hitz egin ta denak izerdi patsetan.

Bozala hobe legoke zenbaitzuen musuetan,

baina jar gaitezen baikor garairik ilunenetan.

Bizi poza badugula erakutsiaz benetan,

alperrik da ibiltzea nahigabean ta penetan,

ea denok hasten geran normal gure bizitzetan,

bukaera on bat pentsatzen nengon azken egunetan

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!