Urnietako merkataritza eta ostalaritza sektorean kontsumoa areagotzeko, bono bidezko kanpaina bideratuko da. Udalak 70.000 euro bideratuko ditu zeregin horretara. 20 euro ordaindu eta 30 euroko balioa duen erosketa egin ahal izango da. Eroslearen gastu erreala, beraz, 20 eurokoa izango da. Gainerako 10 euroak Udalak jarriko ditu.
Herritarrek aipatutako 30 euroko bi bono-sorta mota erosi ahal izango dituzte. 5 euroko 6 bono edo 10 euroko 3 bono erosi ahal izango dituzte.
DENDARIEK AURRETIK IZENA EMAN BEHAR DUTE
Bonoen kanpainan parte hartu nahi duen saltokiak ekainaren 23a baino lehen eman beharko du izena. Eskabidea egiteko Urnietako Udalaren webgunean eskura dagoen orria deskargatu eta bete beharko dute. Zalantzak argitzeko 688 776 267 telefono zenbakian informazio osagarria eskainiko dute.
Bonoak salgai izango dira ekainaren 29tik aurrera. Azaroaren 30a bitarte indarrean izango da bonoen balioa.
Bonoekin bezala, Udalak krisiaren hasieran iragarri zituen kenkariak gogora ekarri nahi izan ditu. Ohar bidez adierazitakoaren arabera, "Udalak aldaketak egin zituen uraren eta zaborraren tasetan, eta terrazak handitzea ahalbidetu zuen. Kenkari horiek guztiek 70.000 euroko balioa dute Udalaren diru-sarreretan.
LAGUNTZA ZUZENA MERKATARIEI
Urnietako Udalak 1.500 euroko laguntza zuzena eskainiko dizkie pandemia gehien kolpatu dien dendariei. Aipatu laguntza "Urnietan merkataritza- edo ekonomia-jarduera garatzen duten eta udalerrian lokal irekia duten pertsona fisiko edo juridikoei zuzenduta egongo da, baldin eta itxi egin behar izan badute edo apirilean fakturazioa %70 baino gehiago murriztu badute aurreko seihilekoaren batez bestekoarekin alderatuta".
LAGUNTZA ZUZENA AUTONOMOEI
Euren jarduna eten egin behar duten edo fakturazioa %70 baino gehiago murriztu zaien autonomoei, 350 euroko laguntzafinkoa emango die Udalak.
Eskabideak aurkez daitezke ekainaren 18an hasi eta uztailaren 1a bitarte. Eskabidea egiteko, Urnietako Udalaren webgunean eskura dagoen orria deskargatu eta bete beharko dute. Webgunean bertan aurkez dezakete eskabidea, eta baita Bertan herritarren arretarako bulegoan hitzordua eskatuta ere. Telefono zenbakia honakoa da: 943 00 80 00.
Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea hilabetekoa da gehienez. Eskabidea onartuta, ordainketa bakar baten bidez ordainduko zaio onuradunari.