'Agirre' antzezlana ikusteko aukera egongo da igandean Saroben

Aiurri 2020ko eka. 18a, 11:30

Konfinamendu osteko lehen ikuskizuna izango da. Segurtasun neurriak bermatuko dira eta aforoa %50ekoa izango da.

Sarobe Arte Eszenikoen Gunea ari da pixkanaka bere martxa berreskuratzen, eta Aukeran Dantza Konpainia eta antzerki taldeek ekin diete dagoeneko haien entseguei segurtasun protokoloak jarraituz. Ekainaren 21ean Tanttaka Teatroak 'Agirre' antzezlana taularatuko du 'prozesuak agerian formatuan, 19:00etan. Izan ere, erabat amaitu gabe dago, baina orain arte landurikoa erakutsiko dute. Konfinamendu ostean Saroben eskaintzen den lehen ikuskizuna izango da.

Jarraitu beharreko segurtasun neurriak
Sarrera doakoa izango da, baina segurtasun neurri batzuk mantendu beharko dira Covid-19ak sorturiko egoeraren ondorioz. Hauek dira hartu beharreko neurriak:

  • Musukoa derrigorrezkoa: antzoki barruan ezinbestean musukoa jarrita eduki beharko da momentuoro. Ikusle bakoitzak bere musukoa eraman beharko du etxetik.
  • Eskuak garbitu: antzokira sartzerakoan eskuak garbitu beharko dira gel hidroalkoholikoarekin.
  • Ilaran distantziak mantendu: Sarobeko langileek kontrolatuko dute ilara modu zuzen batean egituratzea eta bertaratzen diren pertsonen artean segurtasun distantziak mantentzea.
  • Ez etorri azken orduan: Emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko dira antzokiko ateak, eta beraz, sartzeko azken unera arte ez itxarotea eskatzen da.
  • Igogailua mugikortasun urria duten pertsonentzat soilik: horretarako ezinbestekoa da aldez aurretik abisatzea Sarobeko bulegora deituta (943 00 80 42).
  • Eserlekuak: edukiera %50era murriztuko da eta antzokiko arduradunek adieraziko diete bertaratutakoei non eseri behar duten.
  • Komunak: komunak ezingo dira erabili.
  • Irteera: Emanaldia amaitzerakoan, aretoko arduradunek antolatuko dute irteera. Atetik gertuen dauden pertsonek lehentasuna izango dute irteteko. Bitartean, gainerako ikus-entzuleek haien besaulkietan itxaron beharko dute eserita, dagokien txanda heldu arte.

Sinopsia
Antzezlan ibiltariak Agirrek erbesteratu beharra izan eta denbora gutxira Europa okupatuan zehar egindako bidaia epikoa kontatzen du. Etengabeko hausnarketarako bidaia zirraragarria da, bere herriaren kausari emana bizi den politikari bat protagonista duena. Bertan, Lehendakariak New Yorkera iritsi arte izan zituen bizipen esanguratsuenak antzeztuko dira. Hain zuzen ere, antzerkiaren libretoa sortzeko gida modura lehendakariak berak idatzitako 'Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz' izenburupean argitaratutako egunkaria erabili da.

Fitxa teknikoa

    • Zuzendaria: Fernando Bernués.
    • Gidoilaria: Patxo Telleria.
    • Aktorea: Iñaki Rikarte.
    • Musika: Iñaki Salvador.
    • Ikus-entzunezkoak: Baleuko.
    • Ekoizpena: Baleuko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!