Egoera berrira egokitutako ospakizuna izango da, gaur iluntzean urnietarrek biziko dutena. Udalak egin du iragarpena: "Jarduera txikiak antolatu dira herriko elkarteek egindako lanari esker. Izan ere, gau berezi hau animatzeko gogoa zuten, nahiz eta egoera berrira egokituta izan. Hala, sorginak herriko kaleetatik desfilatzen ikusi ahal izango dira, eta herritarrak balkoietara edo leihoetara irteteko eta bertan argiak edo kandelak jartzeko dei egiten dute, bidea argitzeko. Horrez gain, Txanbolin Txistulari bandaren musikaz eta Kantazaun taldeko kide batzuen abestiez gozatzeko aukera izango da. Kasu honetan ere jarraipena etxetik egitea eskatzen da".