Azken egunetan Adarramendi, Onddi edo Onddo mendietara joan den mendizaleak marka horiak ikusiko zituen errepide bazterretan. Horia dagoen tokian aparkatzea debekatua dago, eta helburua garbia da: larrialdiren bat gertatzen bada osasun edo suhiltzaileen auto edo kamioiek bidean oztoporik ez topatzea. Izan ere, eguraldi oneko egunetan eta uda betean, ohikoa da hainbat errepide tartetan autoak alde bietan aparkatuta ikustea, norabide bikoitz librea oztopatzen.
Besabitik Xoxokara bidean aparkatzeko tarte ugari atondu dute. Besabi ondoko zuzen gunean, mendiaren kontra, uraren estoldara bitarteko tartea libratuko da laster (egun debeku marra 20 bat metro gorago dago). Bihurguneak dauden tokietan debekua bi ertzetan arautu dute, baina Armuntoko ur biltegira daraman 200 metroko tartean aparka liteke, jaisten den errailaren eskuin aldean. Armuntoko bidegurutzeko bi lur sailetan ere toki handia dago, eta Errekamunto baserrira daraman bidegurutzea baino lehen dagoen 400 metroko zuzen gunean ere bai. Hor ere jaisten den errailaren eskuin aldean aparkatu behar da. Xoxokara iristen den azken tartean ere aparka daiteke, errailaren eskuin aldean.
Urnietako udaltzainek eta Ertzainek dute isunak jartzeko eskuduntza. 200 eurokoa da zigorra, 100 isuna jarri eta berehala ordaintzen bada. Orain arte jarritako isun kopurua aintzat hartuta, Ertzaintza izan da gehiago jarri dituena, baina batzuk eta besteak etengabe ibiltzen dira Xoxoka eta Besabi arteko bidean, zaintzan. Isunik ez jasotzeko aukera onena, marra horia dagoen bazterretan ez aparkatzea. Aparkatzeko eremuen mugatzeak mendizaleek Xoxokatik Urnietara daraman bide zaharraren bazterrean aparkatzeko beharra sor dezake (tren geltokira daraman errepidea), baina egoera horrek ez ditu udaltzainak sobera arduratzen, larrialdi zerbitzuek Besabiraino iristeko Irurain gainetik abiatzen den errepidea erabil dezaketelako.