Ekainaren 29an udalekuei hasiera emango zaie Urnietan

Aiurri 2020ko eka. 26a, 15:01

Ekainaren 29an udalekuak hasiko dira Urnietan; begiraleek Aldundiak emandako prebentziorako eta higienerako ikastaroa osatu dute.

Koronabirusak baldintzaturiko testuinguru honetan, mementuko errealitatera egokituriko Udalekuak antolatu dituº Udalak, zaintzara bideraturikoak, hain zuzen ere. Dena den, umeek atsegin dituzten aisi ekintza desberdinak garatzen saiatuko dira uztailaren 24 bitarte.

5-6 haurrez osaturiko taldeak

Haurrak 5-6 pertsonako multzoetan banatu eta ondorengo eraikinetan bereiztu dira: Arantzubiko ludoteka, Egape BH-ko bi eraikinak, Musika Eskola eta Sarobe. Izena emandako haurren gurasoei zuzenean abisatuko zaie zein eraikin egokitu zaien.

Segurtasun neurriak

Bestalde, Udalekuetan eta berauetan aurrera eramango diren ekintzetan segurtasuna bermatzeko hainbat neurri hartu dira eta gogorarazi egingo ditugu.

  • 5-6 haurrez osaturiko taldeak sortu dira.
  • Talde bakoitzak hezitzaile bat izango du.
  • Ekintzak aurretik zehazturiko herriko eraikin desberdinetan gauzatuko dira.
  • Guraso, tutore edo arduradunek haurra lagunduko dute egokitu zaion eraikinera goizero.
  • Haurrei tenperatura hartuko zaie sarreran, eta sukarra izanez gero etxera joan beharko dute. Horregatik oso garrantzitsua izango da guraso, tutore edo arduradunak itxarotea haurra sartu arte.
  • Eraikinera sartu aurretik gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbituko dituzte haurrek.
  • Derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea 2 metroko distantzia ezin bada gorde, beraz, haur guztiek etxetik ekarri beharko dute musukoa, eta sarreran erakutsi.
  • Haur bakoitzak egunero garbitu eta desinfektatuko den pantaila bat izango du, une batzuetan tarteko distantzia gorde badaiteke erabiltzeko eta musukotik atsedena hartzeko.
  • Goizean zehar, beti saiatuko da, dinamika eta joko batzuk distantziarekin egiten, musukorik edo pantailarik gabe, hau da, 2 metroko araua errespetatuz.
  • Printzipioz, haur bakoitzak harremana bere taldeko haurrekin eta begiralearekin bakarrik izango du. Gelan egiten diren jardueretan bere taldekideekin soilik egongo da.
  • Familiei eskatzen zaie zuhurtzia handiz jokatzea, eta haurra gaixotuz gero, ahalik eta lasterren horren berri ematea, protokoloek ezarritakoa lehenbailehen bete ahal izateko.
  • Haurrek ezin dute inolako jostailurik eraman etxetik
  • Haur bakoitzak bere hamaiketakoa eraman ahal izango du.
  • Haurren bat edo hezitzaileren bat Covid-19rekin gaixotzen bada edo susmoa badago, Osakidetzako protokoloak jarraituko dira, eta egoeraren arabera gerta liteke talderen batean udalekua bertan behera geratzea. Kasu horretan, kuotaren zati proportzionala itzuliko litzateke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!