Sukaldari eta irakasle

Andoni Urbistondo 2020ko eka. 29a, 07:27

Sukaldaritza izan da bere ogibidea, urte luzetan. Iñigo Eguskiza urnietarra Tolosako Peñascal institutuan ari da irakasle, bere garaian ikasteko aukerarik izan ez zutenei lanbideak irakasten.

Andoni Urbistondo URNIETA

Iñigo Eguskizak su eta kazuela artean eman ditu bere bizitzako azken bi herenak (Urnieta, 45 urte). 27 urte daramatza sukaldean sartuta, molde ezberdinetan. Bi hamarkada luze han eta hemen egin zituen, jatetxe ezberdinetan. Azken bost urtetan irakasle jardunean ari da, Tolosako Peñascal institutuan, lanbide heziketa eta bigarren aukerako ikasketak eskaintzen dituen zentroan. Maite du bere lana, lotura berezia sortzen baita ikasle eta maisuen artean. Aurrena eskolak, lanbide bat ikasteko zubi lana egiten du, eta gero, denak elkarrekin sukaldean prestatutakoa dastatu. Institutuan telelana etxetik egiteko eskaini zioten Iñigori, bizi ditugun garai zailetan, baina otorduak prestatzeko beharra handitu egin zela esan ziotenean, pentsatu ere ez zuen egin. Otordu horiek prestatzeko zeregina bizkar gain hartzea erabaki zuen institutuan bertan, etxean geratu beharrean.

Peñascal institutuan oinarrizko lanbide heziketa erakusten da, bigarren aukerako ikasketak, bere garaian arrazoi bategatik edo besteagatik ikasketak egiteko aukerarik izan ez zuen jendearentzako eskolak. Eguskiza gazte eta helduekin aritzen da: “Sukaldaritza eskolak ematen ditut, baina baita matematikak, irakurmen eta entzumen gaitasuna, teknologia eta beste”. Ikasketaz, eta jardunaz, sukaldaria da urnietarra, baina azken bost urtetan irakasle lanean ari da.

Bere egun arrunt bat goizeko 8retan hasten da: “Matematika, teknologia irakasten dut, lehen orduetan, eta 11:00tatik aurrera  tailerrean aritzen naiz, sukaldari eskolak ematen. Ikasleak formatzen ditut, eta bigarren kurtsoan sukaldean ematen ditugu eskolak, sukaldaritza praktikak. Berez teknologia ematen dut, maila teorikoan, baina teknologia barruan sukaldaritza ere badago”. Astero sukaldaritzako 15 ordu irakasten ditu, teknologia bost ordu, eta matematika, irakurmena eta entzumena beste bi ordu. Peñascal institutuak, eskolak emateaz gain, 'Tolosa Mikologikoa' izeneko ekitaldian ere parte hartzen du. Azkenekoan 400 pintxo ekoitzi zituzten, “eta hor bildutako dirua premia duten familientzat bideratu zen: eskola gastuak, berogailua, elektrizitatea edo beste”.

Duela bost urte hasi zen irakasle. Ordura arte sukaldari izandakoa da, han eta hemen, bi hamarkada luzez. Aldaketaz galdetuta, honakoa dio: “Beno, sukaldaritzak sakrifizio asko eskatzen du, ordutegi aldetik, batez ere. Lan ordu asko egin behar dira, pasio handia eduki behar duzu su tartean luze irauteko, eta erretzea, nekatzea nahiko erraza da. Ni etapaka ibili izan naiz beti nire bizitzan, sukaldaritza molde jakin baten arrastoan. Sukaldari etapa pasa zen, eta orain irakasle jardunean ari naiz oso gustura”.

Gazte eta helduekin aritzen da, eta oso kontent dabil egiten duen lanarekin. “Gazteekin-eta harreman ona dut, berezia, lan asko ematen didate, eta energia asko kentzen didate, baina ondoren, kaletik lasai joan, eta ikasleek, edota lagundu diozun norbait zuregana etorri eta besarkada bat ematea, berari lagundu diozulako, niretzat keinu ikaragarria da, asko betetzen nau”.

Koronabirusaren ondorioak

Denean bezala, koronabirus gaitza Tolosara ere iritsi zen. Gogor kolpatu du hiri handi hori, eta horrek institutuan espero ez zuten egoera berezia sortu du. “Otorduak prestatzeko beharra sortu da, jende askok ahora zer eraman ez daukalako eta horretan ari naiz, janariak prestatzen beharra dutenentzat”, dio Iñigok. Herritarren laguntza izaten ari dira zeregin horretan, “elikagaiak musu truk ematen dizkiguten herritar asko daude, eta guk geuk eskolak emateko egunero elikagaiak erabiltzen ditugunez, ba horretan ari gara”.

Birusarekin familia asko premia gorrian geratu dira, eta Tolosako Udalarekin elkarlanean janaria prestatzen ari dira Peñascal institutuan. Iñigori egunero esaten diote, hainbeste otordu prestatzeko, eta hori egiten du. “Orain arte ikasle eta halako beka edo laguntzak jasotzen dituzten langileei eman izan diegu bazkaria, institutuan bertan, ze janaria ezin dugu saldu. Orain premia duen jende kopurua hazi denez, haientzako ere prestatzen ditugu otorduak”. Kopuru bat eskatuta, orain arte ikastetxeko jendearentzat 30 bat otordu prestatzen zituztela dio sukaldariak, “eta orain 30 bat bazkari gehiago”. Teorian kopuru hori hazten joango dela uste du Eguskizak.

Iñigo bera gustura ari da elkartasun jardun horretan: “Niretzat lan erraza da, normalean prestatzen dudanaren bikoitza prestatu eta kito. Janari arruntak, egunero edonork etxean jaten dituenak prestatzen ditugu: lekak, oilaskoa, barazki menestra… Tomatea, esnea, irina bezalako elikagaiak jasotzen ditugunean, menua apur bat aldatu eta kito. Nik otorduak prestatzen ditut, eta gero banaketaz beste kide batzuk aritzen dira”.

Eta derrigorrezko galdera. Bizi garen jendartea berekoia al da? Aho bizarrik gabe erantzuten du Eguskizak: “Bai, berekoiak gara. Detaileek erakusten dizute hori. Nik arraza beltzeko eskale bat ezagutzen dut, inori ez dio enbarazu egiten, baina jendeak ez dio ezer ematen, kanpotarra delako, eta horrelako jarrerak ez ditut ulertzen. Lagundu egin behar da, garai hauetan inoiz baino gehiago. Sinesten kostatu egiten bazaigu ere, bada hilabete bukaerara iristeko komeria latzak dituen jendea, edota otordu bat egiterako orduan ahora zer eraman ez dauden herritarrak. Badaude. Elikagai Bankuak eta beste funtsezkoak dira, baina horiek ere ezin dira etxe guztietara iritsi. Sabela betea daukazunean hobeto pentsatzen,ikusten dira gauzak, eta horretaz hausnartu beharko genuke”.

Eguskizak garbi dio ez zaiola protagonismoa gustatzen, ez duela arreta gune izan nahi orain egiten duen jardunagatik: “Laguntzaile anonimo izan nahi dut. Nire lana egiten dut, nire zeregina daukat, baina ez dut nahi inolako esker keinurik edo publizitaterik nahi egiten dudana egiteagatik. Nire borondatez egiten dudalako, inork horretara behartu gabe, eta egin behar dudala sentitzen dudalako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!