Bakarrik utzi gaituzte

Egape ikastolako irakasle taldea 2020ko uzt. 6a, 12:08

Pixkanaka birusa hurbildu zitzaigun. Konturatzerako gainean genuen, munduan zabalduta zegoen. Horrela, martxoaren 14an mota guztietako negozioak eta… eskolak ere itxi egin ziren. Birusak gure etxeko pareten artean sartzen behartu gintuen.

Telelanean aritu behar izan genuen, mundu ezezagun bat irakasle askorentzat. Errekurtso teknologiko eta ekonomiko pertsonalak erabiliaz, gure lana ahalik eta hobekien egin ahal izateko dena eman genuen: gure ikasleen behar akademikoak betetzeko, beraiekin eta haien familiekin kontaktua mantentzeko, teknologiak ezagutzeko, haien zalantzak argitzeko eta urduritasuna lasaitzeko. Eta gaindituta sentitu gara guztiok, gu eta gure ikastolako familiak.

Esfortzuak handiak izan dira: gure txapeldunenak (ikasleak), familienak, irakasleenak. Nekatuta gaude, baina bere laguntza eta ulerkortasuna eskaini dizkigutenei edota gure eskuetan ikastolan erabiltzen ditugun material didaktikoa jarri dituztenei eskertuak ere bagaude.

Prozesu luze honetan Hezkuntza Departamentuaren falta izugarri sumatu dugu.

Egoera latz honen aurrean Hezkuntza Departamentutik, pandemiaren aurrean jarraitu beharreko protokoloa gogoz espero genuen. Ekainaren 25ean iritsi zen.

Jokabide zehatzak eta neurri garbiak espero genituen, baina orokorkeria gehiegi topatu genituen. Segurtasun distantzia mantentzeko gomendatzen digu, baina hori baliorik gabe gelditzen da musukoak erabiltzen badira. Adin txikiko ikasleak (2. maila artekoak) “Bizikidetza-talde egonkorrak” bezala aurkezten digute eta hauek beste talde batekoekin harremanik ez badute izaten, musukoaren erabilera eta distantzia mantentzea ez dira derrigorrezkoak. Ume hauek kurtso bukaera arte ez dira ikastolatik aterako? Bere familia-kideekin ez dute harremanik izango? Haien gurasoek ez dute lagunekin edo lankideekin harremanik izango? Goizero ikasleak bere “Bizikidetza-talde egonkor”era itzuliko dira eta ikastetxean ondo zaindu beharko dugu beste taldekoekin harreman handirik ez izatea, nahiz eta gero parkean edo terraza batean elkartu.

Protokoloak ikastetxeei Ikastetxearen Urteko Planean jasota geldituko diren COVID-19aren aurrean Jarduteko Estrategiak ezartzeko eskatzen die. Modu berean, “COVID-19ren aurrean, Laneko arriskuen prebentziorako neurriak” dokumentuan oinarritutako Kontingentzia Plan bat ere osatzeko eskatzen die.

Oso serio hartu dugu lan hori, gure esfortzuarekin eskatutako plana osatu dugu. Gerta daitezkeenak aurreikusten saiatu gara eta nola egingo diegun aurre ere pentsatu dugu.

Baina lan hori guztia egin ondoren, martxan jartzeko baliabide ekonomikoak, materialak eta pertsonalak beharko ditugula ageri geratuko da. Segurtasun distantzia mantentzeak ikastalde gehiago sortzea eskatuko duelako. Hidrogelak eta musukoak erabiltzea gastu extra izango delako ikastetxeentzat, eta ez daude diruz gainezka. Toki eta material desberdinen higienea areagotzeak produktu bereziak eta giza baliabide gehiago eskatzen dituelako. Teknologien erabilera areagotuko da, arazo ugari izango ditugu, noski, eta IKT arduradunik ez dugu…

Behar ditugun errekurtsoak Hezkuntzari eskatuko dizkiogu, itxaropen handirik gabe egia esanda. Zergatik? Protokoloa bidali baino egun batzuk lehenago hurrengo ikasturterako irakasleen murrizketa izango dugula adierazi baitzigun. Hori gutxi balitz, Lekualdatze Lehiaketa dela eta, irakasleen arteko mugimendu ugari egongo da.

Haserre gaude, haserre, goibel eta suminduta. Erakundeek huts egin digute, bakarrik utzi gaituzte. Euskal Eskola publikoaren alde lan bikaina egiten dugunoi bakar-bakarrik utz gaituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!