Asier Niebla gogoan hartuko dute Donostian, gaur arratsaldean

Aiurri 2020ko abu. 11a, 09:04

2019ko omenaldi ekitaldia, Donostiako Boulevardean

Gaurko egunez, duela bi urte, heriotza eragin zion erasoa jasan zuen Asier Niebla urnietar gazteak. Senideek arratsaldeko 18:00tan lore eskaintza egingo diote erasoa gertatu zen kalean. 

Iazkoa ekitaldi jendetsua izan zen. Herrikide eta gertukoez gain, erakunde ezberdinetako ordezkariek parte hartu zuten. Aurtengoan familiako kideen arteko ekitaldia izango da, osasun alarma egoerak ez duelako beste molde bateko ekitalditik baimentzen.

Berriki jakin denez, gainera, Asier Nieblaren erasotzailearen aurkako epaiketa abenduan hasiko da Donostian.

Bi urte hauetan ekimen ugari jarri dira martxan, eta senideek elkartasun mezu ugari jaso dituzte. Epaiketa hastea eta sententzia irmoa da senideen desioa, 2018ko udaz geroztik sufrimendua besterik ez dutelako pairatzen. Juanjo anaiak familiaren sentimendua azaldu izan dio Aiurriri: “Zauria ixtea ezinezkoa izango da, ez baita inoiz itxiko. Anaia ez da itzuliko, eta justizia bete-betea izatea ezinezkoa da. Zer nahi dugu familia bezala? Ba anaia kolpatu zuen pertsonak dagokion zigorra ordaintzea”.

2018ko urriaren 11n hil zen

2018ko abuztuaren 11ko erasoaren ondorioz, zauri larriak izan zituen Asier Nieblak. Ospitalera eraman zuten, eta ez zen bertatik irten harik eta urriaren 11n hil zen arte.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!