Euskara ikasi duten urnietarrek dirulaguntza eskatzeko aukera izango dute hilaren18ra arte

Aiurri 2020ko ira. 2a, 11:31

Udalak dirulaguntzak emango dizkie pasa den ikasturtean euskara ikasketak burutu zituzten herritarrei. Eskaera egiteko azken eguna irailaren 18a izanen da. Diruz lagun daitezkeen ikastaroak ondorengoak dira: HABEk homologatutako ikastaroak; modulazio desberdinekoak, barnetegiak eta autoikaskuntza.

Onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte:

  • Matrikula euskaltegiak ezarritako epearen barruan ordaintzea.
  • Urnietan erroldatuta egotea, gutxienez sei hilabetez jarraian, diruz laguntzea eskatzen den ikastaroa amaitzen den datarako.
  • Euskarazko ikastaroan gutxienez %80ko asistentzia egiaztatzea. Asistentzian egindako huts egiteak zuritzeko gaixotasun agiriak bakarrik onartuko dira.
  • Aprobetxamendu ona izatea.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Eskaera orria.
  • Eskatzailearen NANaren fotokopia.
  • Beste dirulaguntzaren bat eskatu balu, horri buruzko aitorpena.
  • Euskaltegiaren ziurtagiria, ikasleak izandako asistentzia, aprobetxamendua, ordaindutako matrikula eta abarrak jasoko dituena.
  • Langabetuentzako dirulaguntza jasotzeko baldintza ikastaroaren matrikula egiten denetik dirulaguntzaren eskaera egin bitartean momenturen batean langabezian egotea da, eta bizitza laboralaren txostena aurkeztu beharko da.

Ikasleek jasoko duten dirulaguntza matrikularen %100 izango da gehienez langabetuentzako eta % 85 gehienez lanean ari direnentzako. Diruz laguntzeko gehienezko matrikularen kopurua 600 euro izango da urte eta ikasleko.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!