"Ilusioarekin noa, proba polita egiteko gogoz"

Xabier Lasa 2020ko ira. 4a, 09:00

III. Euskal Pentatloia jokatuko da, datorren larunbatean. Hamasei kirolarik hartuko dute parte, eta Julen Gabirondo urnietarrak Aiurriri aitortu dio Azpeitiko zezen plazara ilusioz joango dela.

Osasun krisiak sega mundua ere hankaz gora jarri du, noski. Nolanahi ere, parte hartu zenuen Almitza sega elkarteak uztailean zehar antolatu zuen ligan.

Aldrebes samar doa denboraldia, bai! Martxoan jakinarazi ziguten segako ohiko txapelketarik ez zela izango. Hala ere, etxean entrenatzen jarraitzeko aukera eduki dut, pisuak direla, korrika egiteko zinta dela… Almitzak martxan jarritako ligan, Usurbilen uztailaren 19an jokatu zen proban irabazle suertatu nintzen, eta gero Zaldibiko proban, uztailaren 26an jokatu zena, bigarren geratu nintzen. Azkenean, sailkapen orokorrean, bigarrena eskuratu nuen. Azkenean liga, Miel Mari Jauregi "Altzo"k merezimenduz irabazi zuen, nahiz eta biok puntuaketan berdindu. Ehun metroko saioak ziren, teknika eta azkartasuna eskatzen dutenak, eta huts txiki bat eginez gero jai!

Zerk animatu zaitu Azpeitiko Euskal Pentatloian parte hartzera?

Gertu-gertutik segitu dut lehenengo edizioa antolatu zenetik; Azpeitira bertara joan eta inbidia dezente sentitu izan dut kirolariek plazan lanean ikusita. Inguruan jendeak ere animatu izan nau, “zergatik ez dek parte-hartzen?” esanez. Ni segalaria naiz, eta bost probak berriak dira niretzat… Kostatzen zait nire burua proba horietan ikustea. Gauzak horrela, aurten segarako prestatzen aritu naizenez nahiko ondo nenbilen fisikoki, eta tira, nire artean, zergatik ez? Bada, aurrera egitea erabaki nuen! Probatzera goaz! Ilusiorekin noa, eta ea lan polita egiten dudan!

Dagoeneko ondo zailduko zinen bost probetan. Norekin zabiltza eroso, norekin ez?

Nire alde korrika ikusten dut, mutil gehienak -bat ezik- kilotan ni baino gehiago baitira; hor diferentzia txiki bat har nezake. Txingekin, ohitua nago. Aizkora gogoko dut, baina ordu askoko prestakuntza eskatzen du teknikoki trebatzeko; horretan markatu litezke aldeak, baina harriak baino beldur gutxiago ematen dit, bai baitakit 5 eta 10 minutuko tartean moztuko dudala. Harriarekin dauzkat komeria handienak; telleriatarrak -Luis eta Beñat- laguntzaile ditudala ari naiz egokitzen 100 kiloko bolara, ederki kostata!

Xoxokan, 2018ko jaietan, harriarekin bikain moldatu zinen Suarri Irazustabarrenarekin bikote eginez Telleria anaien aurka egindako korrika eta harri-jasotze apustuan.

Egia da Xoxokan nahiko ondo moldatu nintzela, baina egin kontu 100 kiloko zilindro zaharra zela egun hartan, eta hortik bolara badagoela aldea; diferentzia nabarmen sumatu dut nik behintzat. Azken batean, zilindroa gorputzaren kontra jarrita ateratzen duzu erabat, erraxago menperatzen da. Bolarekin, ordea, kostatzen ari zait konfiantza hartzea, pultsuan airean atera behar baita belaunetaraino. Eta horrek indar xahutze handia dakar; gainera, hasten bazara balantzaka edo baliogabeko altxaldiak eginez, gero hurrengo probetan arrastaka bezala ibiltzeko arriskua daukazu.

Hamasei kirolari bilduko zarete Euskal Pentatloian. Egundoko erantzuna. Zer dauka horrela erakartzeko, jakinda oso gogorra dela eta kirolari konpletoa behar dela izan?

Oso polita da! Herri kiroletako diziplina asko sartzen dira, eta batean okerxeago moldatzen bazara ere bestean igual hobexeago ibiltzeko aukera daukazu. Oso tentagarria da, zezen plaza batean saltsa hori, publikoaren berotasuna eta hurbiltasuna… Xarma handiko herri kirolen festa iruditzen zait.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!