"Aurrera goaz, baina batzuetan estresa handia da"

Mikel Arberas 2020ko ira. 18a, 10:00

Aiurri Egape Ikastolako zuzendariarekin eta ikasketa buruarekin elkartu da ikasturte berriari buruz hitz egin eta hartu dituzten neurriei inguruan gehiago jakiteko.

Koro Berasategi eta Juan Luis Alkorta ikasketa-burua eta zuzendaria

Zein aurreikuspen zenuten ikasturte hasierari begira?

Uztaila hasieran aurreikuspenak beste batzuk ziren, gure ustez baikorragoak. Ekaina eta uztaila bitartean kontingentzia plana delakoa egin genuen Hezkuntza Sailetik bidalitako irizpideetan oinarrituta. Uztailean amaitu genuen, eta abuztu bukaerara arte ez genituen jarraibide berriak jaso. Ez ziren gauza asko aldatu, baina, esaterako, musukoen erabilera sei urterarte moldatu zuten. Dardarka etortzen gara egunero, eguna nola igaroko dugun jakin gabe. Familia batzuk ditugu konfinatuta eta ikasleak oraindik ikastolan hasi gabe. Ezarri dizkiguten arauak eta kontingentzia plana betetzen saiatzen ari gara, baina guztia ez dago geure esku.

Zein da lehen egun hauetako sentsazioa?

Egunero protokoloa martxan jartzeko, ikasleak gelaz gela biltzen dira frontoian, lurrean margoturiko puntuetan, eta gutxinaka sartzen dira ikasgeletara. Lehen egunean asko kostatu zitzaigun, baina, egun, segituan sartzen dira. Uste dugu haurrak azkar batean ohitzen direla egoerara; musukoekin aritzen dira jolasean, jolasorduetan leku batetik bestera lasterketa egoten dira, ondo eta pozik, jakinda egoera oso ezberdina dela, eta ez dela umeentzako batere erosoa. Ikasleak eta irakasleok ere kezkatuta gaude osasunarekin, izan ere, kasuak sortu daitezke eta sortuko dira. Aurre egin beharko diogu datorrenari.

Ez dakigu administrazioak nola erantzungo duen; ziklo bat konfinatuz gero, zalantzan gaude ea irakasle gehiago bidaliko dizkiguten ordezkapenetarako.

Erronka handia izaten ari da ez-ohiko kurtso berriaren hasiera?

Erronka izugarria da. Egapen aurrera goaz, baina memento batzuetan estresa handia da. Horrez gain, bakoitzak bere familiarteko arazoak ditu eta konfinamendua bizi zuten egoeraren arabera, orain zalantzati edo beldurtuta agertzen dira ikasleak eta gurasoak. Zalantzak guztiok ditugu. Agintzen dutenek badituzte, pentsa eskoletako irakasle, ikasle eta gurasoek. Hala ere, uste dugu, Egapen oso zorrotz ari garela jokatzen, beraz, egoera apur bat bideratuko edo egonkortuko balitz gutxinaka neurriak malgutuko genituzke, gehienbat ikasleengatik.

Zein neurri hartu dituzue Egape ikastolan?

Gela guztiak bizikidetza talde egonkorrak dira. Orduan, taldeak egun guztia geletan egoten dira eta ez dira joaten espezialistengana, baizik eta hauek joaten dira ikasleengana. Jolasorduan oraindik ere gelaka banatzen dira, baina aurreikusten ari gara mailaka antolatzea, musukoa jarrita baitaukate. Gelakoak ez diren maila berekoekin harremanak sustatu behar direla iruditzen zaigu, azken finean, jolasorduak aire librean egiten baitira. Horrez gain, garbiketari izugarrizko garrantzia ematen diogu; une oro eskuak garbitu eta sartu bezain azkar higiene neurriak errepasatzen dituzte. Maiz egiten dugu segurtasun eta higiene neurrien lanketa.

Guraso, irakasle eta ikasleen artean nabaritzen da egoerarekiko beldurra edo ziurgabetasuna?

Denetarik dago. Mota guztietako familiak eta irakasleak daude. Batzuk lasai daude, besteak, berriz, beldurtuta. Guraso batzuek seme-alabak ikastolara bidaltzen dituzte beste aukerarik ez dutelako edota ez daude ados sei urtetik gorako haurrek musukoa jantzi behar izatearen neurriarekin, baina hori guztia ez dago geure esku. Horrelako kasuengatik korreoak jaso ditugu, eta batzuetan eskerrak eman dizkigute zintzo erantzuteagatik. Orokorrean, gugan konfiantza dutela eta geuk ere familiengan eduki behar dugu. Oraingoz, familien erantzuna ona izan da.

Haurrak oso pozik etortzen dira ikastolara, eta jolasorduetan zoriontsu ikusten ditugu, zeren eta hilabeteak egon dira etxean sartuta lagunak eta gelakideak ikusi gabe. Esan beharra dago, haurrak aldaketetara moldatzeko gaitasun handia dutela.

Koronabirus kasuren bat egongo balitz, zein protokolo jarraitu beharko litzateke?

Ikastolan Covid-19 arduraduna dugu eta badaukagu isolamendu gela bat kasuren bat gertatuko balitz. Arduradunak Osasun Saileko mediku, sendagile eta erizainaren telefono zenbakiak ditu. Orduan, haiekin harremanetan jarri eta nola jokatu adieraziko ligukete, hau da, erabakiak beraiek hartuko dituzte. Geure eginkizunak abisua pasatzea eta beraiek adierazitako neurriak betetzea izango lirateke.

Ikastetxeek babes nahikoa eduki dute Hezkuntza Sailaren aldetik?

Jaurlaritzak esandako gauza guztiak hedabideengatik jakin izan ditugu, eta, ondoren, dokumentuak iritsi zaizkigu. Dokumentu asko irakurtzeko eta betetzeko eskatu digute. Oso haserre gaude, iruditzen zaigu gauzak ez direla behar bezala egin. Horrekin batera, protokoloan neurriak zehatzak ezarri dira, baina beste asko gomendioak dira, eta gomendioak ardura geure gain botatzeko modua da. Azpimarratu nahiko genuke administrazioa eta gu bat ez gatozela "eskolen autonomia"k duen esanahiarekin; beraientzat gauza bat da, eta guretzat beste bat.

Uste dugu ez dutela lasaitasuna helarazi eta gauza asko azken unean egin direla. Guri egokitzen zaigu familiei lasaitasuna transmititzea eta saiatzen ari gara, aldiz Jaurlaritzatik ez dugu hori jaso. Urduritasuna azkar zabaltzen da. Horrez gain, talde txikiagoak egingo zirela esan zuten, horrek ratioak jaistea dakar, baina ez dute ezer egin. Ratioak jaistea eskatzen dugu, 16-18 ikasleko gelak osatzeko. Dirua inbertitu behar denean ez dute laguntzarik ematen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!