Julen Gabirondok maila handiko kirolariak izango ditu lehiakide: Xabier Zaldua, Xabier Orbegozo Arria V.a, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares. ETB1n zuzenean ikusteko aukera izango da.
Egundoko ikusmina eragin du finalak, eta sarrera guztiak jada salduta daude. Irailaren 5ean jokatu zen kanporatze saioko bost probak gogortu egin dituzte, finalerako. Era horretan, hona zertan neurtu beharko dituzten indarrak: 100 kiloko harria 25 aldiz jaso, giza proban 400 kiloko harriarekin bi plaza, aizkoran hiru kanaerdiko enbor ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza, eta, lasterka hiru kilometro plazari bueltaka.
Julen Gabirondok ezusteko pozgarria eman zuen irailaren 5ean jokatutako saioan, bigarren geratu baitzen hamabost kirolarien artetik. Bere berezkoak ez ziren probatan jendaurrean lehenengo aldiz jardutea egokitu zitzaion arren, kirolari konpletoa dela erakutsi zuen. Eta argi samar utzi zuen finala irabazteko hautagaietakoa izan daitekeela.
Egundoko ilusioa eragiten dio larunbateko desafioak; itxura ona eskaini nahiko luke Azpeitiako zezen plazan, daukan guztia emanez. Zuhurtziaz jokatu nahi du, nolanahi ere. “Errespetua eragiten dit larunbateko finalak, luzatu eta gogortu egin baitituzte aurreko saioko bost probak. Aurreko proba hari begira etxean egindako saioak eta horietan hartutako denborak kontuan hartuta, inondik ere ez zitzaidan buruan sartzen bigarren gera nintekeenik. Gauzak horrela, oraingoan ere aldez aurreko irudipenekin joka genezake nahi adina, baina gero zezen plazan lanean hasi eta gauzak beste era batera irten litezke”.
Aitortu duenez, harri jasotzeak eragiten dio zalantzarik handiena, berriro ere. “Beldur pixka bat ematen dit, aurrekoan ere urduri ekin nion… Saiatuko naiz 25 altxaldiak egiteaz gain, lan horretan indarrak ez gehiegi ahultzen, gero beste probekin txukun segi ahal izateko”.
Finalaurrean bezala, lagun-koadrila eta beste zenbait jarraitzaile gertu izango ditu harmailetan. Animoak jasoko ditu, nahiz eta larunbat gauerako eguraldi kaskarra iragarrita egon.
Finala EiTB 1ean, zuzenean
Eguna: Irailak 26, larunbata.
Emisioa: ETB1. 22:00.
Finalistak: Xabier Zaldua, Xabier Orbegozo Arria V.a, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin, Julen Kañamares, eta, Julen Gabirondo.
Bost probak:
- 100 kiloko harria 25 aldiz jaso.
- Giza proba 400 kiloko harriarekin. Bi plaza.
- Aizkoran hiru kanaerdiko enbor ebaki.
- 50 kiloko bi txingarekin sei plaza.
- Lasterka hiru kilometro, plazari bueltaka.