Urnietako Udal Artxibora jotzea izango lizateke zentzudunena, informazio bila. Baina asmo horrekin doan herritarrak ez du arrastorik topatuko, 40ko hamarkadan atzeragoko agiririk ez behintzat, ez Sanmielei, ezta herriko kultur mugimenduaren berririk jakinaraziko ligukeenik ere. Ikusten denez, Udaletxeko agintari edo langile axolagaberen batek artxiboko hainbat agiri zahar desegin egin zituen 40ko hamarkada hartan, herriko kultura eta bizitza sozialarekin zerikusia zutenak gehienbat, muzin eginez artxibo baten eginkizun nagusiari eta bertan biltzen diren agirien balio historikoari.
Izango dira une katramilatsu gehiago XX mendean zehar, baina behinik behin, hiru epe edo gertakizun historiko aipa genitzake San Mielak hankaz goratu zituztenak.
1918ko Pandemia garaia. Mundu mailako pandemia irailean hasi zen zabaltzen, ustekabean. Gutxi iraun zuen, baina giza hondamen galanta eragin zuen. Larritasunaren dimentsioa eskaini diezagukete, esate batera, 3.000 biztanle zituen Andoain (Urnietaren paretsu) eta 1.000 zituen Zizurkil erreferentziatzat hartuta azken aldian egin diren ikerketek. Horien arabera, pandemiak 41 lagun hil zituen Andoainen, eta 29 Zizurkilen. Pandemiak urrian izan zuen bere agerraldirik bortitzena, baina jada irailaren azken egunetan ezagutu ziren lehen heriotzak. Horrela, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak herrialdeko alkate guztiei 1918ko irailaren 22an eman zien pandemiaren berri; San Mielak hasi bezperatan, esan daiteke. Nahiz eta ez eduki agiririk ziurtatzeko, Sanmielak bertan behar geratu zirela antzeman daiteke. Gertakizunen kronologikoei erreparatzea besterik ez dago: hilaren 21ean Espainiar Gobernuko Ministroen kontseiluak mugak ixtea erabaki zuen; irailaren 27an Gobernu zibilak oharra zabaldu zien udalei, jakinaraziz jende asko biltzen zituzten ekitaldietan kutsatzeko arrisku bizia egon zitekeela; irailaren 28an birusak Andoainen lehen biktima eraman zuen aurretik, eta egun berean bertako Udalak bandoa zabaldu zuen herritarrei eskatuz Urnietako edo Irurako Sanmieletara ez agertzeko, bertan jende pilaketak gerta zitezkeela eta.
1934ko Sanmielak. Urte hartako udan Euskal Herriko EAJko alkate eta zinegotziek dimisioa aurkeztu zuten. Tartean, Urnietakoak. Madrilgo gobernuaren erabaki batek –ardoarekin lotutako zerga– udal autonomiaren kontra egiten zuelakoan, erabaki irmo hori hartu zuten. Horrela, eskuineko zinegotzi karlistek udal agintea hartu zuten. Sanmielak iritsi zirenean, Urnietako EAJko herriko batzordeak jaiei boikota egitea eskatu zien herrikideei, udal agintari berriek zilegitasun demokratikorik ez zutela argudiatuta.
1936ko Kolpe militarra. Kolpearen eta ondorengo gertakizunen harira, logikak agintzen digu pentsatzera urte hartan ere ez zirela ospatu. Izan ere, Nafarroatik zetozen altxatu militarrek irailaren 11n okupatu zuten Urnieta. Herriko agintari frankistek irailaren 17an egin zuten lehen udal batzarraldia, udal gobernu berria osatuz. Agintari berriek beharbada ospakizunetarako eduki zezaketen gogorik, baina herrian eta herritarren artean festa girorik ez zuten topatuko. Atxiloketak, hilketak, militarrak inguruko parajeetan borrokaldietan… Erailtzeko lagunen zerrenda osatzeko denbora hartu zuten behintzat; eta horrela, irailaren 29a, San Miel egunean, urnietarrentzat urteko egunik handienean, Meza Nagusiaren ostean, iraganean Urnietako alkate eta epaile izandako Rafael Barkaiztegi eliza aurrean atxilotu eta Andoainera eraman zuten; bertako kanposantuaren horman fusilatu zuten.