[PROBA OSOA IKUSTEKO AUKERA ALBISTEAN]

Gabirondo bigarren Euskal Pentatloian, emozioa jarri eta gero

Xabier Lasa 2020ko ira. 27a, 09:21

Gabirondo, lehiaketa amaitu ostean. Iturria: ETB1

Julen Gabirondo urnietarrak bigarren postua eskuratu du Azpeitian bart gauean jokatu den Euskal Pentatloi lehiaketan. Berak jarri du emozioa eta ikuskizuna zezen plazan, nahiz eta Xabier Zaldua txapeldunaren atzetik joan proba guztian zehar.

Gabirondo izan da joan den irailaren 5eko kanporaketan zein atzoko finalean ezusteko handiena eman duen kirolaria pentatloian, kontuan hartuta 80 kiloz azpitik dabilen kirolari batentzat ez dela batere erraza ondo moldatzea teknikaz gain indarra eskatzen duen espezialitate batean. Eta aldi berean, kontuan hartuta sega mundutik datorrela, eta orain gutxi ekin diela bost pentatloia osatzen duten proba horiei.

Ederki estutu zuen iaz ere txapeldun izan zen Xabier Zaldua, baina honek probari neurria ondo hartua diola erakutsi zuen.

Saioa bukatu orduko, Elene Azpeitia ETBko kazetariak egin zion elkarrizketan, Gabirondok aitortu zuen irabaztera joana zela Azpeitiko zezen plazara, “Pozik nago, baina egia esango dizut: irabaztera etorri naiz, eta pena hori daukat. Bigarrena egitea oso ondo dago, baina nire burua ondo ikusten nuen etxean, eta ilusio txikia neukan irabazteko. Banekien oso zaila zegoela, eta Xabier Zaldua zoriondu beharra daukat”.

Harriarekin zeukan erreparorik handiena urnietarrak aurrez, baina gustura aritu zela esan zuen: “Irrist egiten zuen harriak, baina nahiko ondo jaso dut”. Aizkoran sufritu duela gehien gehitu zuen: “Pasada, aizkoran hartu dut, ikusten bainuen alde egiten zidala Zalduak, eta hari heldu ezinik ibili naiz…”. Korrika ere, txapelduna harrapatu nahian nahiko estu ibili dela adierazi zuen: “Arrastaka-arrastaka, txikituta ailegatu naiz azkenean”.

Inguruko jendearekin oso esker oneko agertu zen Gabirondo: “Etxean laguntza handia daukagu emaztearekin, bi ume dauzkagu. Lanetik atera eta entrenatzera joan, eta ordu gutxi etxean… Emaztearengatik ez balitz ez litzateke posible izango ni gaur hona etortzea”.

Emazteaz gain, prestaketan ondo ondoan izan dituen beste zenbait pertsonak ere gogoan hartu ditu: “Paliza eta pasada nik hartu dut, baina gaurkoa inguruko laguntzaileei esker izan da; laguntzaile izan ditudan Beñat eta Luis Telleria anaiei, eta aizkoarekin nirekin aritu diren Pello Telletxea eta Iñaki Azurmendiri esker”.

Azkenik, 2018ko abuztuan hil zen Mikel Garaialde urnietar gaztea aipatu nahi izan du bereziki: “bera da beti indarra ematen didana, eta nahiz eta bi urte izan joan zela, segundo bat ere ez da pasatzen hura gogoan eduki gabe. Maite zaitugu, Mikel! Eskerrik asko!”.

 

Zaletasuna pizteko moduko saioa

Euria goian-behean, haizea bortizki jotzen... Kirola egiteko baldintzarik kaskarrenak pilatu arren, bikain aritu ziren sei kirolariak, pentatloiaren espezialitate zail horren inguruan kirolari zein zaleengan zaletasuna pizteko moduko ikuskizuna eskainiz telebistan.

* Azken sailkapena:

1.- Xabier Zaldua 36:06

2.- Julen Gabirondo 38:41

3.- Xabier Orbegozo Arria V 37:55

4.- Kepa Peñagarikano 38:42

5.- Iñaki Errazkin 40:05

6.- Julen Kañamares 43:23

 

* Egindako lanak:

- 100 kiloko harria (bola) 25 aldiz jaso;

- giza proban 400 kiloko harriarekin bi plaza,

- aizkoran hiru kanaerdiko enbor ebaki

- 50 kiloko bi txingarekin sei plaza, eta,

- lasterka hiru kilometro plazari bueltaka, 30 itzuli plazari.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!