Marizulo kobazulotik irtenda behar zuen Mielak joan den asteburuan. Jaien lehen egunarekin batera jaitsi behar zuen elizako kanpandorretik, urnietar guztiak lekuko zirela. Patata tortilla lehiaketan eta herri bazkarian egon behar zuen gazteekin, baita goizean goiz Txanbolin Txistulari Bandarekin ere, Urnietako kaleak esnatzen dituen Dianan. Erraldoiekin dantzan eta buruhandiekin haurren atzetik korrika egin behar zuen, eta agurra dantzatu azken egunean egiten den dantza-sokan. Baina beste herrietan gertatu den legez, Urnietan ere aurten ez da festarik izan.
“Hasiera batean, egoera lasaitu eta aurtengo Sanmielak ospatuko zirenaren esperantza nuen” dio Unai Iraolak, dantza-sokan parte hartzen duen gazteak. Hala ere, udako egitarauak bertan behera gelditzen hasi orduko, Urnietako aurtengo jaiak oso bestelakoak izango zirela jabetu zen. Gauza bera gertatu zitzaion Anne Elustondo Txanbolin Txistulari Bandako kideari ere. Egoerak ezustean harrapatu arren, jaiak bertan behera geldituko zirenaren ideia burutik pasatu zitzaion: “Konfinamendua baliagarria izan zen normaltzat jotzen genituen gauzak nahi bezala egingo ez genituela jabetzeko, eta Urnietako festak zaku horretan sartzen ziren”.
Inork baino lehenago dituzte gogoan Sanmiel jaiak Poxta Zahar gazte koadrilen elkarteko kideek, izan ere, euren jarduna herriko jaietan oinarritzen da, eta urtea hastearekin batera ekiten diote festen antolaketari. Malen Ezeiza elkarteko kidea da eta konfinamendua hasi aurretik hainbat ekitaldi lotuta zituztela dio: “Osasuna bermatzeko neurriak zeintzuk ziren ikusita, argi genuen Sanmielak ez zirela aurreko urteetan bezala ospatuko. Ez genekien noraino iritsiko ginen, baina behin udan sartuta ez genuen baztertzen herriko jaiak bertan behera gelditzeko aukera”.
Herritarren konpromisoa
Ospakizunetik asko eduki arren, arduratik ere badute jaiek. Izan ere, buru-belarri aritzen dira Urnietako elkarteak hainbat hilabeteko lana eskatu dien egitaraua osatu eta herritarrei zer gozatua emateko. Gaueko giroa bezain beste probatu du goizetakoa Elustondok, txosnaguneko dantzaldiak bukatu bezain laster Dianan parte hartzen baitu. Jaietako egitarauan dagoen hitzordu jendetsuena izan ez arren, Elustondok dio ikusten duela jendea balkoira irtetzen. Diana Sanmielen “bereizgarria” den ekitaldia dela deritzo txistulari gazteak, “tradiziotik asko duena”. Aurten ere parte hartzeko asmoa zuen, baina ez dira entseatzeko batu. “Arraroa” egin zaio urnietarrari, iraileko azken asteburua itxaroteko beharrik gabe jai giroan murgiltzen baitziren diana prestatzeko saioetan.
Dantza-sokan parte hartu nahi duten kideak ere pare bat aste lehenago biltzen dira. Unai Iraolaren esanetan, giro “berezia” sortzen da taldean, elkar ezagutzen ez den adin ezberdinetako jendea elkartu eta emanaldi bat prestatzen dutelako: “Helburua ez da izugarrizko ikuskizuna egitea, herrikideekin batera Urnietari zerbait eskaini eta dantzaz gozatzea baizik”. Joan den urtean hartu zuen parte lehenengoz Iraolak helduen taldean, baina hiru urtez jarraian dantzatu du gazteekin batera. Jaietako azken eguneko iluntzea girotzen du dantza-sokak eta Miela agurtzeko “modu polita” dela uste du urnietar gazteak: “Jende asko gerturatzen da ikustera, eta herrian dantzak garrantzia handia duenaren seinale da hori”.
Urnietarren amarauna
“Urtean zehar ikusten ez den konplizitate hori ikusten da Sanmieletan, adin ezberdintasunetik eta koadriletatik at dagoena”. Herritarren harremanak sendotzeko eta estutzeko aukera moduan definitu ditu festak Ezeizak, ospakizunetik harago doazen jaiak direla uste baitu: “Urtean zehar bizitza herritik kanpo egiteko joera dago, baina inertzia horretan, Sanmielak iristean badago etxera bueltatzeko joera bat; oso giro polita sortzen da herri guztia batzen delako”. Jaietan familia txiki bat osatzen dela dio Unai Iraolak: “Herria bizitu egiten da”. Bat dator berarekin Anne Elustondo ere, txistulariarentzat “ez dira festa batzuk soilik, horren atzean gauza gehiago daude. Egun bereziak dira urnietarrontzat, guk geure modura gozatzen ditugunak”.
“Aurten ez ditut haurrak koadrilako kamiseta jantzita ikusi, ez eta balkoiak apainduta ere”. Nostalgiaz begiratu ditu Iraolak aurten ospatu ez diren Sanmielak; jai egunak ez ezik, horien aurreko asteburuan antolatzen den bertso afaria ere faltan bota du. Malen Ezeizarentzat, aldiz, “xumea bezain polita” da txosnen irekiera, baita horren ostean egiten den patata tortilla lehiaketa ere; herritar denek hartzen dute parte bertan, mozorrotuta, gau horretarako adostu den gaian oinarriturik. Jaien hasierak ematen duen ilusioa botako du faltan Poxta Zaharreko kideak, eta aurtengoak ospatu ez arren, egunotan herritarrak jaiekin gogoratu direla dio: “Denok izan ditugu Sanmielak gogoan, baina aurten halakorik egingo ez den onarpen horretatik”.
Egoera berrira egokituta
Iazko festen aje emozionalak hurrengo urtera arte iraungo die urnietarrei. Aurtengoak nahi bezala ospatu ez arren, lagunarteko bazkariak egin dituzte gazteek, etxean zein tabernetan, jaien omenez. Gainera, datozen hilabeteetan hainbat kultur ekitaldi izango dira Urnietan, Poxta Zaharrek antolatu dituenak, tartean. Kulturari bultzada ematearen garrantziaz mintzo da Ezeiza, sektoreak bizi duen egoera zailaz jakitun, garrantzitsua iruditzen baitzaio Poxta Zaharri Urnietako zein inguruetako artistei leku bat egitea.
Gauzak horrela, urriaren 17an irekiko du egitaraua herriko Kyxo taldeak, Gartxotekin batera Sarobe arte eszeniko gunean egingo duen kontzertuan. Jaien debekuak elkartearen ikuspegia zabaldu duela uste du Poxta Zaharreko kideak, izan ere, gaueko giroarekin bat egiten duten kontzertuetara mugatu ohi da gehienbat euren kultur eskaintza. Beraz, Malen Ezeizaren hitzetan, oraingoan, musikaz ez ezik, bertsolaritzaz zein antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango dute urnietarrek, aurki ezagutzera emango duten egitarauan: “Momentu polita suertatu zaigu horrelako ikuskizunetara jotzeko, beharrak deituta inoiz eskaini ez ditugun emanaldiak luzatzeko aukera suertatu baitzaigu”.