Xoxokan jairik ez da izango aurtengoan

Xabier Lasa 2020ko urr. 4a, 09:00

Urriko lehen astean ospatzekoak ziren, ohi bezala. Osasun krisialdia dela eta, Jai Batzordeak jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu du. "Arduraz jokatu nahi izan dugu", adierazi dio Aiurri astekariari Joseba Ubillos jai batzordeko kideak.

Joseba Ubillos Jai Batzordeko kideak adierazi duenez “Normalki uztailean hasten gara antolaketa lanekin, eta orduan dena zintzilik utzi genuen, arreta jarriz egoerak nola eboluzionatzen zuen. Bagenuen itxaropena behin udan aurrera joan ahala egoera onera etorriko zela, eta erne egon gara Euskal Herriko herri eta auzo jaiekin, eta batez ere Urnietan Sanmielei dagokionez zein erabaki hartzen zen. Azkenean, arduraz jokatu nahi izan dugu”.

Arriskurik ez hartzeko erabakia

Ubillosek aitortu duenez, Jai Batzordeko kideek eztabaidan jarri zuten jende askorik bilduko ez zuen ekitaldiren bat antolatu ala ez. “Egia da ekintza batzuek ez dutela hainbesteko jendetza erakartzen. Esate batera, pilota txapelketa antola genezakeen segurtasun neurri guztiak hartuz; baina azkenean erabaki genuen ez zuela merezi arriskatzeak”.

Hogei bat lagunek hartzen dute parte Jai Batzordean urtero. Gaztea jendea da gehiena, auzoan bizi dena; gogotsu eta armonia ederrean aritzen dira lanean, eta ikusle ugari erakartzeko moduko ekintza ikusgarriak antolatzeaz gain, horietan parte hartzeko denbora ere hartzen dute. Esate batera, eurek egiten dute herri antzerkia, edo eta, bi taldeen arteko herri kirolen desafioa.    

Pena handiz hartutako erabakia

“Pena handia eman digu dena bertan behera uzteko erabakia hartu behar izanak. Auzokoak gara,  borondatez aritzen gara antolakuntzan, eta nahiz eta buruhausteak eman, gozatu egiten dugu festek irauten duten aste osoan. Ea hurrengo urterako normaltzen den egoera”.

Ubillosek zehaztu duenez, jaiez gain, auzoan urtean zehar pentsatuta zeuzkaten kultur ekintzen dinamika ere bertan behar utzi behar izan dute. “auzoari bizitza emateko asmoz, Xoxokako auzo elkarteak urte hasieran erabakia hartua zeukan formatu txikiko kultur ekitaldiak (hitzaldiak, musika kontzertuak…) eskolan antolatzeko. Baina hutsean geratu da asmoa. Ea noiz heltzen diogun egitasmo horri ere”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!