Alderdi abertzaleen arteko ika-mika Urnietan agertutako kartel baten eta bi pintaden harira

Jon Ander Ubeda 2020ko urr. 3a, 09:50

Urnietako Udalak aurreko asteburuan agertu ziren pintadak eta kartelak deitoratu zituen, EAJ-PNVk aurkeztutako salaketa-mozioaren ondorioz. Proposamenak PSE-EEren aldeko botoa lortu zuen, eta EH Bilduren aurkakoa.

Argudioen tartean ika-mika piztu zen, bereziki EAJ-PNVko Mikel Pagola eta EH Bilduko Ainara de Miguel Udal ordezkarien aldetik. Bideoan ikus daitekeen eztabaidan ez dira aipatzen eztabaidagai diren pintaden eta kartelaren esaldi zehatzak. Pintadei dagokionez, biak poliziaren aurkakoak dira. Batean aipatzen da “Zipaiok ez zarete ongi etorriak”, eta bestean “Polizia gutxiago elkartasun gehiago”. Kartela, aldiz, gobernu taldeko zinegotzi bati zuzenean egindako aipamena da. Eta horrekin bereziki minduta antzematen zitzaien jeltzaleei. Kartelak zera zioen: “San Rosco urnietarren babesle ofizial eta jai alternatiboen etsai”.

Batzuren eta besteen argudioak Urnietako Udalak plenoaren ostean argitaratutako bideoan ikusgai daude. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!