Irailaren 24an egin ziren pankartek sortutako polemikaren harira komunikatua zabaldu dute Zatoz! Asanbladakoek

Urnietako Gazte Asanblada 2020ko urr. 8a, 14:16

Pasa den irailaren 24an bi pankarta egin ziren "Gora San Fermin" eta "San Rosco urnietarren babesle ofizial eta jai alternatiboen etsai" esaldiekin. Segituan kendu zituzten arren, polemika sorrarazi du Udaletxean eta kaleetan. 

Hona hemen Zatoz! Urnieta Gazte Asanbladak helarazitako komunikatua:

Pasa den irailak 24an asanbladako kideok bi pankarta egin genituen. Batean “Gora San Fermin” jartzen zuen eta bestean “San Rosco urnietarren babesle ofizial eta jai alternatiboen etsai”. Azken pankarta honen harira (beste gauza batzuen artean) salaketa mozio bat ospatu zen udaletxean.

Lehenik eta behin adierazi nahi dugu penagarria iruditzen zaigula salaketa mozio bat antolatzea pankarta honen edukiagatik. Kritika bat besterik ez da eta gainera tonu komiko batean idatzita dago. Abizen hori, zinegotzi bati zuzenduta badago ere, pertsonai publiko bati dago zuzendua, politikari bati alegia. Eta pankartaren edukia hain zuzen ere, bere lan mixerablea salatzeko egin zen. Ez du zer ikusirik bere bizitza pribatuarekin. Pankartek bi ordu inguru iraun zuten zintzilik Mikaelako eta “Once” autobus geltokiko barandetan. Pankartaren edukia baino askoz ere larriagoa iruditzen zaigu adierazpen askatasunaren aurkako eraso hau eta eskubide hauen urraketa normalizatua. Antza denez ez zaie gustatzen inor publikoki beraien aurka agertzea.

Honekin ulertzen dugu hainbeste urte udal gobernuan doazen kide batzuk ez daudela ohituak kritika xume batzuk jasotzera, eta horrelako kasuetan beraien indarra erabiltzen dutela mezua isilarazi eta kriminalizatzeko. Hau kezkagarria da.

Eta bai Mikel, haserre gaude. Urnietar batzuk haserre gaude zuen herriko politikekin eta zuen alderdi politikoaren nagusitasun morala eta ustelkeriarekin. Eta kalea denona da, ez kendu pankartarik mesedez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!