“Taldea berdina da, helburuak ere bai; pertsona aldatzen da”

Andoni Urbistondo 2020ko urr. 16a, 09:00

Urnietako aginte-makila hartu zuen astearte goizean, Mikel Pagola ordezkatuz; pixkanaka Urnieta hobeago bat egingo balu, konforme omen litzateke.

Jorge Segurado Urnietako alkatea

Legegintzaldirako alkate izango da, printzipioz: “gero-gerokoak”; institutu berria eta Babiloniko eta Ermotegiko garapena lehenbailehen martxan jartzea dira bere erronkak.

Pasa den asteartea egun betea izan zen Jorge Segurado Urnietako alkate berriarentzat (50 urte beteko ditu igandean). Goizean udalbatzan bere hautagaitza berretsi zuen, eta bazkalostean lehen elkarrizketa eman Aiurriri. Euskaraz egin du ia elkarrizketa osoa, esaldi pare batetan izan ezik: “Euskaldun berria naiz”, dio, damutu antzean. Herritar guztiek bere atea irekita izango dutela nabarmendu du sarri.

Batzuk ezustean hartu ditu zu alkate izendatzeak legegintzaldi betean. Zu?

Ni ere bai, Mikel Pagolaren aldaketa hurrengo legegintzaldirako zegoelako aurreikusia, ez oraingo. Dena aurreratu egin da. Joseba Muxika Gipuzkoako Foru Aldundiko Hiritarren Partaidetzarako zuzendaria hil zen, abuztuan. Eta hutsune hori betetzeko Mikel Pagola hautatu dute. Ni ere ezustean hartu nau aldaketak.

Eta, nola bizi izan duzu aldaketa?

Beno, azkarra izan da. Mikelek Aldunditik proposamena jaso eta berehala nirekin hitz egin zuen, nire iritzia jakiteko. Taldean hitz egin genuen, gero alderdiko baimena eta oniritzia jaso, eta Udalean ere bete beharreko tramite guztiak egin ditugu. Oso azkar joan da dena.

Eta nola pasa dituzu bi aste hauek?

Gustura hartzen dut ardura, baina erantzukizun handia da. Herri guztia zure bizkar dago. Gogotsu nago, indartsu, taldearen babes eta konfiantza osoarekin. Talde polita daukagu erronkak gainditu edo aurre egiteko, eta udaletxeko teknikariek ere oso jarrera eta borondate ona erakutsi dute denon artean Urnieta hobe bat lortzeko. Horretan gaude.

6.300 biztanle, 9-10 milioi euroko aurrekontua urtero… Ardura sentitzea normalena da.

Bai, goizean udalbatza baino lehen pixka bat urduri nengoen. Erronka berri guztien atarian bezala, ez? Hala ez balitz arraroa litzateke. Mikel Pagola ondoan izango dut, beharrezko aholkuak emateko. Gauzak ondo egiteko gogoz nabil.

Bost urte daramatzazu udalean zinegotzi moduan. Zer da denbora epe horretan ondoen ikasi duzuna?

Administrazioaren epeak. Nik ohitura neukan administrazio zibileko epeekin funtzionatzen, enpresa pribatuko arauekin moldatzen, baina administrazioan askoz luzeagoa, geldoagoa da dena. Gaurtik biharko egin nahi dituzu gauzak, baina ezinezkoa da. Lege bat, arau bat… Burokrazia pila dago. Udalean eta beste erakundeetan. Moldatzea kosta egin zait, eta sarri haserretu egiten naiz.

EAJ-PNV bozkatu zuen herritar batek esan zidan, pasa den astean: “Ziri ederra sartu digute honekin; nik Mikel Pagolari eman nion nire bozka”. Zer diozu?

Jende askok pertsonari ematen dio botoa udal hauteskundeetan baina pertsona horrek talde batekin lan egiten du. Guk talde moduan egiten dugu lana, eta Mikelek taldeko kide izaten jarraituko du, alkate bezala ez badago ere.

Definitu zaitez urnietarren aurrean. Nolakoa da Jorge Segurado?

Herritar normala. Jendearekin harreman ona edukitzea gustatzen zait, eta nire bulegoko ateak irekita egongo dira denentzat. Nire izaera nire egunerokora aplikatzen saiatuko naiz. Gauzak ondo egin zalea naiz, kirol zalea…

Zerk ezberdintzen ditu Jorge Segurado eta Mikel Pagola, zerbaitetan ezberdinak badira?

Erronka berdinak ditugu. Gure helburuak eta erronkak berberak dira, baina pertsona ezberdinak gara. Lan egiteko moduak ezberdinak izango dira, noski. Mikel, bere eskarmentuagatik, oso zuzena da. Karisma handiko pertsona da, urte asko egin ditu jendearen aurrean lanean. Alde horretatik asko dut ikasteko Mikelengandik, baina pentsatzen dut, nik ere esperientzia hartu ahala, aldaketa nabarmenak izango ditudala nire jardunean. Nire aldetik ahalegina egingo dut ahalik eta txukunen aritzeko.

Zer izango zara, legegintzaldi bateko hautagaia, edo denbora gehiagorako?

Momentuz legegintzaldi baterako. Batez ere gehiago jarraitzea ez dagoelako nire eskuetan bakarrik. Erabakia nire eta alderdiaren artean hartuko dugu, unea iristen denean. Momentuz, bi urte eta erdi pasatxo hauek, eta gero-gerokoak.

Zer da Udaletxeko jardunaz gehien eta gutxien atsegin duzuna?

Jendearekin edukitzen duzun gertuko tratua, harreman pertsonala dut gustuko, baina jendea bere arazoekin etortzen zaizu, eta askotan ezin duzu gauza askorik egin, legeak mugak jartzen dituelako. Drama pertsonal asko daude, eta hori onartzea ez da erraza. Eta onena da proiektuak landu, osatu eta gauzatzea.

Zein erronka izango dituzu legegintzaldia bukatu bitarte?

Eliza atzeko igogailua martxan da, kiroldegiak ere badirudi abiada puntu bat hartu duela, erronka handiena institutua eraikitzea da. Tramite guztiak bukatu eta herrian 0-16 ziklo osoa gauzatu ahal izatea.

Eta nola doaz tramite horiek?

Tramiteak betetzen ari gara Babiloniko ordenazio planean. Trabatuta gaude plan partzialaren hasierako onarpenarekin, uren txostena falta zaigulako. Zain gaude, eta txosten hori iristen denean tramiteak azkartzea espero dugu.

Bitartean Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harreman emankorra dugu, dena prest dago martxan jartzeko, tramite hori bukatzean. Ermotegiko lanetan ere erreka horren txostenarekin atzerapena izaten ari da.

Eperik ematera arriskatuko zinateke?

Espero dut legegintzaldia bukatzerako lanak hasita egotea. Gure lana lurrak lortzea da, eta Hezkuntza sailari ematea, egungo ikastola dagoen eraikinaren atzean, Lasarte-Oria aldera. Behin lurrak Hezkuntza Sailari eman ondoren, bera izango da arduraduna.

Legegintzaldia bukatzerako proiektua behintzat onartua egotea espero dut, edota lanak abiatuta. Lurrak eman ostean, gure zeregina proiektu hau lehen bailehen garatzea izango da.

Igogailua ere bukatu zen, halako batean, baina ongi etorria izan da.

Bai. Baziren bertan dorre elektriko batzuk, eta Iberdrolak dorreak kentzeko aukera eman zigun. Horrek asko atzeratu zituen lanak, pandemiak ere erdiz-erdi hautsi zuen obra…

Erabiltzaile asko du.

Bai, Etxeberri auzoan jende asko bizi da, eta Osakidetzako anbulatorio berria ere han dago. Eskola ume asko ere bertatik igotzen dira ikastolatik plazara edo Urraka eta Azkorte aldera. Esango nuke bi igogailuek, Etenetakoak eta Santa Leokadia kalekoak herritar askoren mugikortasun ohiturak aldatu dituztela. Bazirudien Urrakako igogailua ez zuela inork erabili behar, baina jende dezentek erabiltzen du Arantzubiko aldapa edo Azkorte ikastetxera daramaten eskailerak saihesteko.

Nola dago Udaletxeko altxortegia?

Justu samar.

Zer da justu samar?

Urtea bukatzeko eta ohiko gastuak betetzeko kreditu bat eskatu beharko dugu. Soberakinean diru dezente zegoen, baina Etenetako igogailuak eta kiroldegiak ia dena jan dute. Ez dugu dena erabili, baina konprometitua daukagu diru hori. Gainera urte erdian pandemia etorri da, aurrekontuak osatuta genituela.

Zenbatean murriztu da Aldunditik jasotzen den dirua?

%20 inguru.

Nola dago Urnieta Covid-19 pandemiari dagokionez?

Gaur nahiko ondo esango nuke (astearte arratsekoa da elkarrizketa), baina bihar ez dakit. Badakizu egoera asko alda daitekeela, egun batetik bestera. Orain bi aste susto bat eduki genuen, arduratzeko moduko kutsatze datuekin… Datu horiek jakinarazterakoan komunikazioa hobea izan behar zen, baina behintzat jendea esnarazi genuen. Aste honetan lasaiago gabiltza. Pasa den ostiralean lau kutsatu, hurrengo hiru egunetan kutsatu bakarra eguneko. Momentuz kontrolatuta dago, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu beti.

Komertzioetako langileekin sestra handi samarra izan zen, eztabaida potoloak uda aurretik. Zertan da egoera hura?

Guk akordio batera iritsi nahi genuen. Komertzioek oso mantso gindoazela leporatu ziguten, baina pandemiarekin ez genekien zenbat diru izango genuen. Proposamen bat helarazi genien, baina borroka eta ezadostasuna egon da, ezin dugu ukatu. Bi aldeek ikuspuntu ezberdina daukagu oraindik ere, baina nire ustez akordio batera heldu behar dugu derrigor, alde guztientzat ona izango delako. Merkatarientzat eta herriarentzat.

Bono sistema bat ere jarri zenuten martxan. Eraginkorra izan al da?

30 eurokoak dira, non herritarrak 20 ordaintzen dituen, eta Udalak 10 jarri. Bi bono sorta denera, 60 euro. Irailaren 21ean jarri genituen salmentan. Ez du espero genuen salmentarik izan. Bono kopurua handitu dugu.

Zergatik ez du, bada, salmenta onik izan?

Ba ez dakit, ez nago ziur. Udaletik gure eskura dauden baliabideak erabili ditugulako bonoen berri emateko herritarrei: webgunea, Berrittu aldizkaria, Aiurri, El Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa argitalpenak, informazioa etxe guztietara helarazi da… Esango nuke jendeak badakiela bonoak daudela, baina akaso herritarrek beste erosketa ohitura batzuk dituzte, herrian bertan egin beharrean. Aztertu egin beharko ditugu bono salmenta handitzeko neurriak. 

Ermotegiko etxeak ez al dira garestiegiak? 70 metro koadroko etxe berri bat, bi logelekin, 300.000 eurotik gora… Ez al da gehiegizkoa Urnietarentzat?

Ba bai, arrazoi duzu, diru asko da.

Eta Udalak ezin al du ezer egin salneurri garesti horiek apaltzeko? Herritarrak azkenean Lasarte-Oria edo Hernanira joaten ari dira etxebizitza merkeago baten bila…

Aukera bakarra beste etxe promozio bat abiatzea da, eta promozio horretan babes publikoko eta salneurri tasatuko etxe gehiago erosteko aukera ematea herritarrei. Prezio librea duten etxeetan ezin dugu ezer egin. Promotoreak erabakitzen du prezioa, eta oker ez banago Ermotegiko etxe guztiak saldu egin dira.

Ermotegin babes publikoko eta tasatutako etxeak kopuruz gutxiago dira, Babilonin askoz gehiago izango dira. Etxebizitza guztien %75a.

EAJko Gobernuak ez du gatazka handirik eduki azken urteetan. Gazte talde batek ateratako pankarten kontuak piztu du sute txiki bat.

Adierazpen askatasuna errespetatzen dudala, dugula esango nuke, baina errespetuz jokatzea ere komenigarria da. Gazte horiek, noski, antzera jarraituko dutela pentsatzen dut, baina Gobernu taldeko pertsona baten izenak jartzea eta horrela seinalatzea, onartezina da guretzat. Horrek mugak gainditzen dituela esango nuke. Nire ustez ez dago ondo.

Gehiengo oso bidezko kudeaketa bakarrik ezagutu duzu. Horrela hobe?

Erosoagoa da, noski, gehiengo osoarekin gobernatzea, baina astearte goizeko onarpen plenoan esan nuen, EHBildu eta PSE-EE taldeekin harreman hobea edukitzen saiatuko naizela legegintzaldi honetan. Nire atea irekita dago denentzat. Lortuko dudan ez dakit, baina asmoa, behintzat, garbia da. Denok ditugu gure pentsamoldeak, ideiak, baina denon helburua berbera da: Urnieta hobe bat edukitzea.

Oposizioko alderdiekin harreman hobea edukitzea espero duzula diozu. Txarra al da ba?

Beno, udalbatzak ikusten badituzu, agerikoa da oposizioko bi alderdiek ez daudela ados gure jardunarekin. Informazio guztia ematen saiatuko naiz, elkarrizketa sustatzen, errazten.

2023an, legegintzaldia bukatzen denean zugatik zer esatea gustatuko litzaizuke?

Mikel Pagolak oso lan ona egin du, neurri ona eman du. Itzal handia utzi du Urnietan, bederatzi urte luze egin ditu alkate jardueran. Uste dut bere eta nire jardunaren artean konparaketak egiteko joera izango dutela askok. Konparaketak gorrotagarriak omen dira, hala esaten dute. Esan dut lehen ere, pertsona ezberdinak gara, ezberdin jokatuko dugu. Mikelen hutsunea sobera nabaritu ez dadin saiatuko naiz, eta helburu argi batekin: pixkanaka Urnieta hobeago bat ehuntzen saiatu. Horregatik sartu nintzen EAJ-PNVko udal taldean, eta horregatik bilakatu naiz orain alkate.

Legegintzaldia bukatzen deneko Urnieta oraingo Urnieta baino hobexeagoa balitz, ni neu konforme nengoke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!