Zakur baten hozkada Buruntzan

Andoni Urbistondo 2020ko urr. 17a, 09:00

Haginkada ez zen haragiraino iritsi, baina galtza motzak erabat zartatu zizkion zakurrak.

Hilabetearen hasieran gertatutakoa kontatu digu Joseba Oiarzabal urnietarrak. Iluntzeko 19:30ak aldera, Buruntzako gailurra iristetik gertu zela, beherantz bi zakur azaldu ziren bat-batean, horietako bat podenco campanero arrazako zakurra, eta hozka egin zion eskuin izterrean. Argazkian ikus daitekeenez, haginkada ez zen haragiraino iritsi, baina galtza motzak erabat zartatu zizkion zakurrak. Gertu ziren jabeei kontuak eskatu zizkien mendizaleak, haserre, zakurra lotuta bazihoan ere, mendizaleari koska egin baitzion. Lotuta eramanda ere, zakurrak kontrolatzen ez baditu, jabeak muturrekoarekin eraman behar dituela esan zien Oiarzabalek. Iskanbila betean, bakoitzak bere martxa jarraitu omen zuen.

Buruntza aldean jende asko dabil pandemia garaian, eta legeak garbi dio jabeak kontrolatu ezin dituen zakurrak lotuta eraman behar dituela mendian. Podenco campanero arraza, berez, ez da arraza arriskutsua, baina bistakoa da, jabeak muturrekoarekin eraman beharko lukeela, pertsona bati hozka egin badio. Kaltetua izan den herritarrari salaketa jartzeko aholkua eman dio Udaltzaingoak, erasoa egin duen zakurra zein izan den identifikatu, eta arriskutsu gisa etiketatzeko, aurrerantzean jabeek lotuta eta muturrekoarekin eman dezaten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!