Amiantoaren biktimak justizia eske

Jesus Uzkudun, Elena eta Maria Diez OmaƱas Felipe Diezen alabekin batera, Urnietako San Juan plazan.

Amiantoak minbizia eragin zuen langile askoren artean, eta Beterri-Buruntzan kasu bat baino gehiago dago. Ostegun honetan Donostian Felipe Diez urnietarraren kasua epaitzen hasiko dira. Urteak eman zituen Hernaniko Orbegozo lantegian lanean

2018an hil zen Felipe Diez urnietarraren familiak eta amiantoak kaltetutako Asviamie elkarteak bultzatuta, epaiketa abiaraziko da ostegun honetan. Bere alaba Elena eta Mariak eta Jesus Uzkudun elkarteko kideak Orbegozo lantegian amiantoarekin lan egin zuen Felipe Diezen kasua azaldu dute.

Euskal Herrian milaka dira amianto mineral kantzerigenoarekin lan egin ostean osasuna hondatuta hil diren langileak, Asviamie elkartearen ustetan. Gero eta epaiketa gehiago bultzatzen ari dira azken urtetan, hainbat lantegiek zein administrazioak oker jokatu zutelakoan hamarkadetan. Langileen aldeko epaiak irten dira epaiketa gehienetan. Hernaniko Orbegozo lantegiko langilea izan zen Felipe Diez Mielgo urnietarra da horietako bat. 2018ko azaroaren 26n hil zen, bronkio eta biriketako minbiziak luzez jasan ostean. Osakidetzan, 2018ko abuztuan, Felipe Diez oraindik bizi zela, bronkio eta biriketako gaixotasun hilkorra diagnostikatu zioten, eta aurrekari pertsonalen atalean, Orbegozon lehenbizi eta Acenorren ondoren lan egin izana idatzita utzi zuten.

Txosten hori eskuetan, familia Asviamie elkartearekin harremanetan jarri zen, eta demanden bidea irekitzea erabaki zuten. Orduan, Osalanek (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) amiantoren fibrak manipulatzeaz gain irentsi ahal izan zituela lanean aritu zen urteetan. 2019ko uztailean, berriz, Gizarte Segurantzaren Instituto Nazionalak (INSS) Felipe Diezen aldeko ebazpena eman zuen, berea gaixotasun profesionala izan zela adieraziz eta alargun-saria aitortuz.

Ebazpen horrekin argi geratu zen Felipe Diez Aceros y Fundiciones Pedro Orbegozo-ACENOR lantegian ingurune toxikoan lanean aritu zela, babes eta prebentzio neurririk gabe aritu ere, eta bronkio eta biriketako adenocarcinoma edo neoplasia malignaren eraginez hil zela.

Donostian gaur egingo den epaiketan, familiak SIDENOR-COFIVACASAri (ACENORek hartu zuen enpresa) eskatzen dioten 175.876 euroko indemnizazioa aztertuko da. Izan ere, enpresa horrek Segurtasun eta Higienearen inguruko araudia bete ez izanak Felipe Diezi gaixotasuna eta heriotza goiztiarra eragin ziotela uste dute familiak eta elkarteak.

Epaiketa burutzen den bitartean, Asviamie elkarteko kideak atarian pankarta baten atzean bilduko dira, eta Felipe Diezen familiak jarritako demanda babesteaz gain administrazioari konpentsazio-funtsa sortu dezan eskatuko diote. Premiazkotzat jotzen dute funtsa hori, batik bat desagertu diren enpresen kasuetan indemnizazioa hortik joan dadin, eta ordainketa ez dadin Osakidetzaren, eta azken batean, diru publikoaren bizkar geratu.

Uzkudunen urte luzeetako borrokaldia

Amiantoarekin lan egin ostean hil diren langileen eskubideen alde borrokan urteak daramatza Jesus Uzkudun hernaniarrak. Baikor da epaiketaren atarian. “Orain arte epaitegietara eramandako kasu gehien-gehienak irabazi egin ditugu, arrazoia gure alde daukagulako argi eta garbi. Herrialdeko epaile batek atzera botatzen badu, errekurtsoa jarri eta Euskadiko epaitegira doa. Orain gutxi arte, epaileren batek argudiatu zezakeen amiantoaren biktima erretzailea zela, eta enpresek ere horri heltzen zioten. Baina Espainiako Epaitegi Gorenak doktrina ezarri du, esanez nahiz eta erretzailea izan, kontuan hartu behar dela sustantzia hilkorrekin lan egin izana”.

Uzkudun arazoaren larritasunaz ohartarazten saiatzen da ahal duen guztietan. “Problematika hau benetan aztertuko bagenu eta erakundeek kontzientzia hartuko balute, gizartean iraultza piztuko litzateke. Europako erakundeetan aitortzen du lantokietan gertatzen diren heriotzen %53a minbiziak eragindakoak direla. Frantziako kontseilu ekonomiko sozialak ere esana du, Europan, amiantoagatik bakarrik, urtean 88.000 pertsona hiltzen direla. Izugarrizko eskandalua iruditzen zaigu; tabakoaren kalteak aipatzen dira, baina beste arnastutako sustantzia kantzerigenoen gai hau estalarazi egiten da”.

Atzera begira jarri da Uzkudun, eta bere ustez bete ez diren legeak aipatu ditu: “Espainian, 1947rako jada, aitortua zegoen amiantoak eragindako asbestosiaren gaitza. Arautegi oso bat ezarrita dago. Baina azken urtetan gure alde egin diren sententzia guztiak, arau horiek ez bete izanaren ondorioz etorri dira; tailer txikiek ez ezik CAF, Bizkaiko Laba Garai edo Ontzi-industrietako enpresa handiek ere ez dituzte aplikatu, eta administrazioak berak ez du neurririk ezarri legedi hori betearazteko”.

Epaiketa abiatuko da Donostian,  ostegun honetan

Diez Omañas familiak eskatzen duen diru indemnizazioa aztertuko da gaurko epaiketan. “Zoritxarrez, ekonomikoki jotzea da erremedio bakarra erakunde publikoek eta enpresek kontzientzia har dezaten behingoz; auto gidariek isunekin nola, bada halaxe!”, adierazi du Uzkudunek, tinko.

Elena eta Maria ahizpek ere badute zer esana, eskakizun ekonomikoaren inguruan: “badakigu diruaren atzetik gabiltzala pentsatuko duela baten batek. Jakina, dirua beti datorkio ondo edonori, eta are gehiago alargun bati. Baina guk batez ere aitarekin aitormen morala nahi dugu. Badakigu aitak zenbat sufritu zuen gaitzarekin. Hondatutako birikek ez zioten arnasa hartzen uzten, eta gainera, hezurretako minbizia sortu zitzaion. Ez dago eskubiderik nola igaro behar izan zituen bere bizitzako azken urteak! Familiari inoiz ez ziguten ohartarazi zer nolako lan baldintzetan aritu zen Orbegozon”.   

Kasu gehiago Urnietan

Beste familia askok ez bezala, Diez Omañas familiak epaitegietarako pausoa ematea erabaki zuen. “Ez zaigu batere atsegina egiten endredatzen ibiltzea eta epaitegietara jotzea; ezta ere komunikabideetan azaltzea. Baina egindako kaltea aitortu dezaten nahiko genuke, eta aldi berean, kasu berberean dauden familiak animatu nahi genituzke guk hartutako bide berbera har dezaten. Urnietan, esate batera, Orbegozon nahiz Vegasan osasunarentzat kaltegarriak ziren lan baldintzetan aritu zen jende ugari bizi da…”.

 

Felipe Diez, Urnietako langile xumea

Felipe Diez Mielgoren biografia, Estatuko herrialde anitzetatik Euskal Herrira 60ko hamarkadan emigratu zuten pertsona askoren antzekoa da.

Zamorako herri txiki batean, Manganeses de la Polvorosan jaio zen, 1940ean. Gaztetan, bertako harrobian zenbait urtetan lan egin zuen. Herrikidea zuen Bernardina Omañas eta biak ezkondu, eta bost seme-alaba eduki zituzten: Isabel, Maria, Felipe, Elena eta Manuel (gaztetan hil zen). Emaztea ere ondo zaildutako emakume da, neskame bezala jardun baitzuen urtetan, 14 urte bete zituenetik.

Bikoteak, lehenbiziko alaba eduki ostean, Euskal Herrira emigratzea erabaki zuen, Zamoran bizimodua ezin zela atera-eta. Urnietan jarri ziren bizitzen. Maria, beren bigarren alaba, Urnietarako etorrera irudikatzen saiatu da, argazki bat deskribatuz: “aita, Isabel alaba txikia beso batean, eta bestearekin egurrezko maleta bati eutsiz. Ama, berriz, haurdun, neu sabelean naramala”.

Etxe batean errentan jarri ziren bizitzen. Ama, ahal izan zuenean, Zumarragan neskame gisa lanean hasi zen, eta bien bitartean, aitak Orbegozon 1968an lanpostua topatu zuen, fundizioaren hobian (amiantoa, silizea eta kirats metalikoak arnasten ziren tokian) aritzeko. Hilabete batzuetan lan horretan aritu ostean, eraikuntzako sektorera aldatu zen. Urtebete bertan eginda, ostera Orbegozora itzuli zen 1970ean, laminatzaile gisa oraingoan. 80ko hamarkadako industria-birmoldaketa bortitzaren eraginez, ordurako Orbegozoren jabe zen Acenorreko planta ugari itxi egin zituzten 1992an, eta irekita mantendu zituztenak SIDENOR-COFIVACASAk erosi zituen ondoren. Felipe Diez, prozesu horretan egin zen aurre-jubilazioen planean sartu ahal izan zen.

Urte guzti horietan, produktu hilkorrak manipulatuz lan egiteaz gain, istripu larri bat jasan zuen Felipe Diezek; barra pisutsu bat oin batera erori egin zitzaion; tibia eta peronea hautsi zuen, eta zangoa burniez josita geratu zitzaion.

Elena Diezek adierazi du bere aita, familia aurrera ateratzeko asmoz lan eta lan besterik egin ez zuen gizona izan zela. “Goizean goiz etxetik irten eta gauean itzultzen zen, umeak lotan ginela. Horrexegatik zenbait egunetan amari eskatzen zion gu ohi baino beranduxeago oheratzeko, behintzat une batean ikusi nahi gintuelako. Denak elkarrekin ikustea izaten zen bere ilusioa. Asko maite gintuen”.    

Jesus Uzkudun Felipe Diezen lankide izan zen Orbegozon hainbat urtetan, eta ondotxo daki zer nolako lan baldintzetan egiten zuten lan Hernaniko enpresa horretan. “Ni baserrian, zerratokian, papertegian… zaildutako gaztea nintzen orduan, eta Orbegozon sartu nintzenean, hango panorama ikusi eta agudo esan nion nire buruari hori ez zela gizaki batek jasan zezakeena. Nolanahi ere, frankismoa zen, eta sindikalismoan murgilduta nenbilenez, militantziagatik bertan geratzea egokitu zitzaidan. Laminazio ataleko mekanikoa nintzen eta Felipe laminazio-trenean aritzen zen, oso lanpostu neketsu eta arriskutsuna. Hamasei orduko lan orduak egiten ziren, eta urtean langile bat hiltzen zen istripuz. Lantokiko lurra irakiten egoten zen, eta ordu erdiro ur hotza bota behar izaten zen zolura, izan ere oinaren zolak erresuminduta edukitzen baikenituen. Eta horri erantsi, zarata jasanezina, sudurretik irensten genuen zikinkeria guztia….”.

Uzkudunek gehitu duenez, giroa hain zen jasangaitza, ezen ordubeteko lana bitan zatitu behar izaten zutela: ordu erdia lanean, eta beste ordu erdia atsedenean. “Baldintza horiek jasateko, langileek alkohola hartu behar izaten zuten, derrigor, gorputzak eskatuta. Behin, lantegiko medikuak esan zidan: “Jesus, lortu behar dugu atsedenetan langileek laminazioan txerrikiak erre eta jan beharrean entsaladak jan ditzaten; horretara, ardo gutxiago edango dute”.      

Orbegozoko langileek oihartzun handiko protestak eta grebak egin izan zituzten 60, 70 eta 80ko hamarkadetan. “Lan-istripuak maiz gertatzen ziren, eta 1979an, egunduko matxinada antolatu ostean, segurtasun eta higieneko batzordea osatzea lortu genuen. Lorpen gehiago ere etorri ziren hurrengo urtetan, baina 80ko hamarkadan industria-birmoldaketa heldu zen, eta hark dena hankaz gora jarri zigun; produkzioak lehentasun osoa hartu zuen berriro, langileen lan baldintzak eta eskubideak bazterrean utzita”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!