'Antonio Zesterua', Zalduaren eskutik

Xabier Lasa 2020ko urr. 25a, 09:30

Hitzaldian Garmendia familiako kideak egon ziren. Argazkian: Juanjo Garmendia, Gartzea Zaldua, Luis Mari Zaldua, Imanol Garmendia, Iraitz Garmendia, eta Oier Garmendia

Luis Mari Zaldua hizkuntzalariak Antonio Garmendia Urnietako azken zesteroari buruzko hitzaldia eskaini zuen Saroben, urriaren 15ean. Zestoak eskuz egiteko aparteko trebezia zeukan urnietarrak.

Zalduak kronologikoki egituratu zuen hitzaldia, eta Urnieta zestogintzan tradizio handiko herria izan zela esanez ekin zion. Horrela, Antonio Garmendia Zestao jaio zenean, 1915ean, hamazazpi familia zenbatu zitezkeen ofizio horrekin lotuta. Nekazal giroko herria zen orduan Urnieta, eta 2.300 biztanlek osatzen zuten; Oria auzoa kanpoan utziz gero, 1.500 biztanle zituen, eta horietatik 400-500 herri kaskoan bizi ziren. Ikusten denez, arrakasta itzeleko ogibidea zen zestogintza Urnietan, belaunaldiz belaunaldi transmititzen zena. Antonio Garmendia 1929an, 13 urterekin lanean hasi zen, aitarekin batera. Orduan familia Pintore etxean bizi zen.

Sasoi hartan, zestoak oraindik ere lan edozein lan jardunetarako ohiko erraminta izaten zela azpimarratu zuen Zalduak: “Gaur egun obretan-eta makinak erabiltzen dira, baina aitzinean dena eskuz egin beharra zegoenean, zestoak zama-lanetarako izaten ziren ohikoak. Antonio adierazi ohi zuen bezala, langileek, kintal kopa izaten zen zestoa eta pikatxoia hartu, eta aurrera egiten zuten. Baserri edo itsasoko zereginetarako ere zestoak izugarri balio izaten zuen”.

Ofizioaren gainbehera, pixkanaka

1958rako saltoa egin zuen Zalduak, segidan. “Antoniok 43 urte zituen, eta lanean sasoi betean ziharduen, baina mundua eta Urnieta aldatzen ari ziren. Sanmiel jaietako esku-programan ustez Lander Etxaniz egilea zuen idatzi poetiko samarrak zesteroek Urnietan zeukaten presentzia azaldu gaitzake: “(…) en breve ya no se oirá en los maravillosos atardeceres de verano, entre la magia de la luz que agoniza tras el Azcorte, la música bien timbrada y extrañamente dulce de unos hombres que cantan llevando el ritmo de la melodía a golpes sordos de machete… mientras sus dedos ágiles trazan cestos de labor”.

1958ko testu horrek, halaber, pixka bat gainbehera zihoan ogibidearen berri ematen digu, Zalduak gaineratu zuenez. “Arrazoien artean, gero eta eskari gutxiago edukitzea, industria modernoaren garapena, materiala gero eta garestiagoa, beste langileek baino ordu gehiago sartu beharra antzeko soldata jasotzeko…”.

1979an, Antonio Garmendiak Elixabete Garmendia kazetariari Zeruko Argia astekarian eskaini zion elkarrizketan, ogibidea zergatik ari zen desagertzen arrazoi berri bat erantsi zuen. “Lehenago lan guztietarako zestoak erabiltzen ziren, baina gaur plastikoak leku asko jan dio”.   

Zestogile urnietarrak beste hainbat kontu aitortu zituen aipatu elkarrizketan: semeari erakutsia ziola ofizioa, gaztaina zeparen makilen tona batek 5.000 pezeta (30 bat euro) balio zuela, garaitsu hartan perretxikotarako eta erosketak egiteko esku-zestoa egiten zuela ugari eta Donostiako denda bati 475 pezetatan saltzen zizkiola, 10-12 orduko lanaldiko egun batean lau esku-zesto egiten zituela eta sasoirik onenean, berriz, sei egin izan zituela…

Zesteroaren lan prozesu artetsua

Luis Mari Zaldua 1989an jarri zen harremanetan Garmendiarekin, eta hainbat bideo grabazio egin zizkion, Idiazabal kaleko lantokian lanean ari zela. “Txundituta utzi ninduen, erakutsi zidan guztiarekin”. Bideoen irudiez baliatuta, Zalduak Garmendiaren lan prozesuaren inguruko urratsak kontatu zituen Sarobeko hitzaldian: materiala (gaztaina-zeparen makilak) erosi, eta, lantegi kanpo aldean, etxe aurrean airean utzi (egurra bere onera etorri zedin); makilak erdibitzen eta erdibitzen joan zumitzak sortzeko; egurra irekitzea zestoaren egitura osatzen joateko; eta, errematea.

Lan prozesu guztiak aparteko abilidadea eskatzen du, eta Zalduak azpimarratu zuenez, Garmendiak hotzean egiten omen zuen zailtasun izugarrikoa den makilak erdibitzeko teknika; “modu tradizionalari eutsi zion beti, nahiz eta azken urtetan gainerako zesteroek makilak labean berotu ohi zituzten erdibitzearen lana errazteko”.

1990ean, Antonio Garmendiak ez ezik Ergobia auzoan zestogintzan aritzen zen Ju anito Larburuk egindako zestoekin erakusketa antolatu, eta Euskal Herrian zehar erakutsi zuten. Hamar lagunentzako ikastaroa ere antolatu zuten Urnietan, Garmendia irakasle zela.

Garmendiak egindako zenbait zesto Foru Aldundiak Irunen daukan Gordailu ondare-biltegian gordetzen dira, eta Zalduak Sarobera ekarri zituen, bertan ikusgai jarriz. Hona Garmendiaren “maisu lanak”: kintal-kopa (50 kiloko neurria, harria garraiatzeko); zestera (emakumeek erabiltzen zutena, buru gainean), Aingira-zestoa (aingirak arrantzatzeko zestoa); zarea (sagarra kizkiaz biltzeko saskia); eta, asto-zestoa (baserritarrek beren trasteak zamatu eta garraiatzeko).

Euskara zoragarria

Zalduak Garmendiaren inguruan doktore tesia egin zuen urte haietan, eta zestogintzaren ogibide zailaren gora beherak aipatzeaz gain, Garmendiaren euskara zoragarria ere kontuan hartu zuen. “Ondare bikaina utzi zigun euskararen arloan ere. Euskara jatorreko hiztegia, aditzak eta esapideak erabiltzen zituen ugari. Egia esanda, beste bi hitzaldi osatuko nituzke Antoniok hizkuntzarekin zeukan altxorraren gainean!”. Hiztegiari dagokionez, adibidez, hitz askori gaur ematen ez zaizkion esanahiak ematen zizkion Garmendiak, Zalduaren esanetan. Hona zenbait hitz, Garmendiaren hiztegitik jasoak: belaka (belaxka, biguna); zakatza (sakatsa begi asko dauzkan makila); zirtzilleya (zirtzileria, ezertarako balio ez duten zumitzak); masko(r)(ro)molla: hondoaren eta ehoduraren artean ezarritako zumitzak; igo (ehundu).

Zerabilen hitano forma ere txundigarria omen zen, Zalduaren iritziz. “Hika jatorra, aintzinakoa zeukan: niuan, ziuan, niayan, zailliyan, zamakiñan, huan, uban, giñun, giñuan… Antoniok ez zuen gaur egun “ke” nahiko baldar horrenik erabiltzen (neoken, zatorreken, nioken, nijoaken…)”.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!