Covid19 | Datuak egunez egun

“Politikarien erabaki okerrek baldintzatu dute osasun egoera”

Andoni Urbistondo 2020ko aza. 1a, 09:00

Leire Ibarbia Osakidetzako langilea da administrazio sailean. Aste honetan hasiko omen da egoera baretzen Urnietan; herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die, test-a egiteko, eta kontaktu zuzena izan badira, informazio hori jakinarazteko.

Pandemiaren lehen lerroan dago Leire Ibarbia andoaindarra (44 urte), administratzaile jardunean, eta baliabide falta handia dutela dio. Politikariengan jartzen du fokua, haiena omen egun dugun osasun egoera larriaren erantzukizuna. Eta Urnietari buruz, astebete atzera hartu ziren neurriak urria hasieran hartu behar zirela dio, eta Udalak ondo jokatu zuela. Jaurlaritzak, aldiz, ez. 

Zer lan egiten duzu, Leire?

Administratiboa naiz Osakidetzan, pertsonal arloan: anbulatorioetako ordezkapenak lotzen ditut, errefortzuak bilatu...

Zein da egungo egoera ordezko edo errefortzuei dagokionez?

Erizain eta mediku faltarekin gabiltza orain, gaizki. Erizain laguntzaileak, zerbitzuetako langileak, sukaldariak horien falta dugu ere. Administrazio laguntzaileak, bagaude, baina arlo horretan ere larri samar gabiltza.

Zergatik, baliabide falta hori?

Ba jende asko kanpora joan zelako murrizketak egin zirenean. Kanpora joan zen lanera edo beste enpresetara  edo beste lanbide batean hasi zen. Denetik dago. Ordezkapenak egiten dituzten askok udan, Eguberrietan eta Aste Santuan bakarrik zeukaten lana, eta baldintza horietan zaila da bizitza proiektu bat garatu ahal izatea. Lan ziurragoa zuten beste nonbaitera joan ziren, eta orain komeri asko dugu. Orain murrizketarik ez dago, kontratatu dezakegun guztia kontratatzen ari gara, baina iraganeko murrizketak asko nabaritzen ari gara. Jende askok lehenetsi du soldata apalagoa, baina iraupen luzeagoko kontratuarekin. Euskaditik kanpo jende asko joan da, kontratu luzeak lortu dituelako. Eta orain haiek gure lan poltsatik kanpo daude, noski.

Eta zer sentitzen du zuloak bete behar dituen langile batek, egoera horren aurrean?

Ba gaizki. Inpotentzia latza sentitzen dut. Anbulatorioetan lanean ari den jendea nola dagoen ikusteak ere arduratzen nau, ordu pilo bat egiten ari delako, eta horrek bere ondorioak ekarriko dituelako. Kalean ere jendea haserre dago, eta herritarra gurekin ari da ordaintzen haserre hori. Errua, baina, ez da gurea, erabaki okerrak hartu dituzten politikariena baizik. Osakidetzak ezin du nahi duen guztia egin, politikariek diotena egiten du.

Koronabirusak dena jan du, ezta?

Bai, baina pandemia aurretik zeuden gaixotasunek hor jarraitzen dute: minbiziak beranduago detektatuko dira, bihotzeko arazoak aztertzeko kontsultak ez dira egiten anbulatorioan dagoeneko, aurrez-aurreko arreta murriztu egin da… Jendeak hori ikusi egiten du, eta bere ondorioa atera: medikuak denbora pasa daudela. Ba ez. Medikuek eguneko 60 lagun artatzen dituzte, telefonoz, eta telefonoz gauzak diagnostikatzea oso zaila da. Txertoa iritsi, iritsiko da, laster izatea espero dugu, baina pandemia honek zehar kalte asko utziko ditu denbora luzean. Ez da gauza bera minbizia garaiz edo ez antzematea, eta hori jasaten duen herritarrak medikua, erizain edo zaindariarekin du tratu zuzena. Horiek dakite psikologikoki zer nolako kolpea hartzen duten gaixoek, eta alboan dauden guztiek.

Nola zaudete Osakidetzako langileak?

Estresa, antsietateak jota, fisikoki eta psikologikoki oso nekatuta… Albo kalte asko ekarriko dizkigu pandemiak. Gauza asko nola egingo zenituzkeen garbi daukazu, baina ezin duzu egin, eta horrek halako estutasuna sortzen du langileongan. Ordezkapenak egiten dituenak badaki zer nolako bizitza daraman. Sakelakoaren baitan uneoro, orain astebete hemen, hurrengoan bi egun han… Aldi baterako langileek, gainera, kontratuak lotuz, ezin dute oporrik hartu, atsedena hartu, eta horrek asko erretzen du. Eta jendearekin egiten dugu lana, ez, adibidez, kotxeko piezak ordezkatzen. Esan nahi dut, harreman zuzena dugu pertsonekin, eta psikologikoki prestatuta egon behar dugu: izan garbitzaileak, zaindariak, administrariak, erizainak edo medikuak. Erreta eta nekatuta bazaude, ez duzu egokia den arretarik emateko modurik. Langileak hobeto zaindu behar dira: plaza gehiago, kontratu luzeagoak, aldikako langile kopurua murriztu… Orain kontratu luzeagoak egiten ari dira, baina dagoen egoeragatik. Pandemia hau bukatzen denean iraganeko egoerara bueltatuko gara, zoritxarrez.

Politikoek murrizketarik ez dela egon errepikatzen dute, eta zuek murrizketak direla-eta kexu. Zein iritzi sumatzen duzue jendearengan, egoera horretan?

Jendeak uste du funtzionarioak garela, eta funtzionarioek ez dutela lanik egiten. Ohikoak dira harrera guneetan hitzordua exijitzea, gure soldata eurek ordaintzen dutela eta beste esanez. Guk ere gure zergak ordaintzen ditugu. Kritikatzen gaituztenoi gure tokian jartzeko esango nieke. Ordubete batekin nahikoa litzateke. Komenigarria da tarteka bestearen lekuan jartzeko ariketa egitea. Nik ikusten dudana da jendea %150a ematen ari dela, eta horrela gaude otsailaz geroztik. Luze doa, dagoeneko.

Baliabide faltaren egoera nork sortu duen garbi duzu, ezta?

Bai, oso. Politikak baldintzatu du osasuna erabat. Egia da ekonomia ezin dela gelditu, ni naiz hori onartzen duen lehena, eta bizitza soziala ere gustukoa dut, denok bezala, baina ezin baldin bada, ba ezin da. Murrizketak jarri behar badira indarrean, ba jarri egin behar dira. Ez dira jarri, eta orain muturreko erabakiak etorriko dira, neurriak berandu hartzeagatik.

Berandu al goaz?

Noski. Orain zer egin behar da, dena itxi? Ni ez naiz aditua, baina nire ustez agerikoa da ekonomia lehenetsi dela osasuna baino gehiago. Hauteskundeak egon ziren orain hilabete batzuk, baina hauteskundeak baino lehenago erabakiak, murrizketak indarrean jarri behar zituztenek, ez zituzten jarri, eta iritsi berriak direnek ere ez, denborarik ez dutelako izan. Haurrak dituenak ikusi du, ikasturte hasierarekin ez dela inolako plangintzarik egin… Dena azken unean. Biharko utzi da gaur egin behar zena, eta halaxe gaude.

Bueltarik ba al dauka, krisiak?

Bai, baina gogorra izango da: ekonomikoki, sozialki eta osasun arloan. Depresio asko etorriko dira, gaitzak beranduago detektatuko dira… Epe luzean nabarituko da hori nire ustez.

Zer diozu Urnietari buruz? Markak hausten ari da kutsadura kopurua eta intzidentzia tasa… Zuk susmoak bazenituen.

Bai. Udalak orain lau aste jaso zuen abisua Hernaniko anbulatorioaren bitartez, transmisio komunitarioa gertatzeko arriskua zegoela, baina Udalaz gaineko politikariek arazorik ez zegoela esan eta kontrako mezua zabaldu zuten komunikabideetan. Momentu hartan neurriak hartu izan balira, egun ez genuke daukagun egoera larria izango. Hori nire iritzia da, garbi uzte aldera.

Alegia, egoera okertzen hasia zela duela lau aste.

Bai, transmisio komunitarioa gerta zitekeenaren susmoak zeuden. Ez zen ziurra %100, baina gerta zitekeela bai. Hortik abisua. Irizpide jakin batzuk erabiltzen dira: zenbat kutsatu dauden, ze adinetakoak, asintomatikoak diren edo ez… Inork ez dio beste inori nahita pasatzen birusa, hori garbi dago, baina nahi gabe ere birus transmisoreak gara. Akats txiki bat egin, ohitura jakin batengatik, eta kutsatu egin dezakegu. Jende asko kutsatu da, besterik gabe: batzuk pasa egin direlako, eta beste batzuk tontakeria txiki bategatik. Orain lau aste Udalak bere lana ondo egin zuen, transmisio komunitario arriskua egon zitekeela zabaldu zuen, kontuz ibiltzeko, baina gero beste mezu bat etorri zen Jaurlaritzatik. Eta ez dakit zergatik, ze alderdi politiko berdinekoak dira. Jaurlaritzak esan zuen ez zela hainbesterako, baina azken asteetako datuek erakusten dute bazela. Abisua pasa den unean neurriak hartu izan balira, ez ginen orain gauden egoeran egongo. Eta ea nola bukatzen dugun, etxeratzea etortzen den edo ez, edo ez den ezbeharren bat gertatzen Urnietan.

Datuak beldurtzeko modukoak izan dira. 87 kutsatu urriko lehen 20 egunetan.

Eta gehiago aterako dira, kutsatu horiek antzeman direnerako beste batzuei pasa dietelako birusa (elkarrizketa pasa den ostiralean egina da). Hirugarren aste hau kritikoa izan da, eta urriko azken astean hasiko da egoera apurtxo bat hobetzen. Arazoa asintomatikoak dira, horiek jende asko kutsatu baitute. Sintomak badituzu, medikuari deitu, eta normalean etxean geratzeko esango dizute. Denek ez dute medikuaren agindua beteko, agian, baina %95ak bai. Baina sintomarik ez dutenekin zer? Asintomatikoa dena ez da arduratsu ibiliko, normala den bezala. Batzuk bai, baina asko ez, eta akats txiki batekin birusa atera egingo da, ondokoa kutsatzeko.

Baheketak egin dira, baina orokorrean badirudi jendeak ez duela testa egiteko konpromiso handirik erakutsi.

Urruti ikusten du birusa, %40 joaten da batez beste. Ezin da herritarra behartu, juridikoki, hori da arazoa. Osakidetzak bitartekoak jarri eta jendea ez azaltzea ere… Ordutegi eremu handia jarri dute, jakinda jendea lanean dagoela eta beste. Test-a egitea gogo kontua da, joaten ez dena gogorik ez duelako da. Hiru egunetan jarri baita baheketa egiteko, larunbat goiza barne. Zorionez, Urnietan erantzuna ona izan da. 1.567 egin dira, de-nera, egun hauetan Urnietan, eta 1.800 herritar deitu zituzten.

Eta ez bazara joan, zer gehiago egin behar da? Egin analisia, gauza serioa da, eta denontzat ona. Pentsa norbaitek, jakin gabe, birusa norbaiti pasa diola, eta kutsatu horrek gaizki pasa duela… Ez zaio beldurra eduki behar birusari, baina errespetu osoa bai, eta besteengan pentsatu ere bai. Hor bada halako mantra bat, norbaitek positibo eman, eta norekin egon den esan nahi ez duena… Esan lasai, kutsatzea gehiago ez zabaltzeko ezinbestekoa da. Izan gaitezen txintxoak.

Zergatik arduragabekeria hori?

Ez zaielako mezu garbirik eman. Zer saltzen da komunikabideetan? Udan ez al zegoen birusik? Oporretara joan al zen, akaso? Hemen zegoen, baina ez zegoen interesik hori saltzeko. Beste interes batzuk zeuden, ekonomia, turismoa… Ulertu dezaket hala izatea, baina akaso beste era bateko turismoa planteatu beharko litzateke, ez? Orain zer, mundu guztiari sartu zaio beldurra bat-batean? Denok geunden barrez udan, deseskalatzea egin genuen gustura, eta orain beldurrak jota, ‘zer egingo digute’ galdetuz? Komunikabideek zabaldu dute ezer gertatzen ez zela zioen mezua, eta jendarteak sinetsi egin du. Gutxietsi egin nahi izan da birusaren hedapena, eragina. Ni zurrunbiloaren erdian nago, eta bestelako informazioa daukat, baina ni ez bezala dagoena erreta egotea normala da: orain neurri hauek bai, gero ez, orain birusa ez dago, gero bai, gripe arrunt bat da, musukoak eraginkorrak dira atzo, bihar ez… Ez edo bai esan ordez, hain garbi, esan liteke “ez dakigu balio duen”… Baina “ez du balio” esan da, oinarri zientifikorik gabe. Txotxongiloak bailitzan tratatzen gaituzte.

Zer esango zenieke konspirazioak eta besteri buruz mintzatzen direnei, gripeak askoz jende gehiago hiltzen duela diotenei?

Ez naiz medikua. Gripeak lehenagoko patologiak dituenak hiltzen ditu, batez ere. Birus hau ezezaguna da, ez dakigu nola jokatuko duen. Jendea hiltzen du, eta epe luzerako osasun ondorioak ditu. Eta asintomatikoengan ere ondorioak izan ditzake lau edo bost urte barru. Orain erietxeetara gazteak ari dira iristen… Baten batek birusa sartu duela esaten dutela? Berdin zait. Orain lehentasuna birusa da, txerto bat bilatzea kalte gehiago eragin ez ditzan. Konspirazioak egon diren edo ez aztertuko da egoera larri hau pasatzen denean, orain ez. Orain dakiguna da gripea baino oldarkorragoa dela, gripea pasa egiten delako.

Eszeptikoak ere ez dira gutxi.

Ez, eta horiek eskarmentu txiki bat pasatzea nahi nuke, ZIU Zaintza Intentsiboen Unitate batean ordu batzuk pasatzea, edota gertuko senide baten egoera gertutik ezagutzea. Nik gauzak txukun egiten ez baditut eta kutsatzen banaiz, nire ardura da, baina nik txukun jokatu ez eta beste norbaiti pasatzen badiot birusa, orduan jada ondorioak biderkatu egiten dira. Joka dezagun zuhurtziaz.

Ze udazken, negu aurreikusten duzu?

Gorria, ze gripeak ere gogor joko du, baina litekeena da musukoarekin gripearen eragina apalagoa izatea. Ezin da jakin. Gripeak dakartzanak akaso beste nonbaitetik etorriko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!