Ez zen giro goizean Guria, Goi Mendi eta Riojanos tabernetan. Han zeuden tabernako arduradunak, batzuk barra atzean lanean, besteak bestelako gestioak egiten datorkien egoera latzari aurre nola egin aztertzen. Kolpe ikaragarria hartu baitute azaro osoan tabernak ixteko agindua jakinda. Hori behin-behinean, erabaki horrek luzeago jotzea ez litzatekeelako arraroa izango. Guria jatetxeko Iker Karrazedo sutan zegoen, telefono deiak egin eta egin: “Desastre bat da. Errudun bakarrak garela dirudi. Kolpe ikaragarria da, eta ez dakit ze pasako den langileekin, jasoko ditugun laguntzekin… Ez genuen erabateko itxierarik espero, akaso ordu murrizketa bat bai, baina erabateko itxiera ez”. Urtea oso gogorra eta zaila doala dio, “udaberrian dagoeneko bi hilabete eta erdi egon ginen itxita. Orain beste hilabete bat, ez dakit zer pasako den, baina gauza onik ez, noski”. Herriak basamortu bat ematen duela dio Guriako nagusiak, amorratu antzean.
Antzeko sentimenduak plazaratu dizkigu Goi Mendi tabernako nagusiak, Julen Goiak: “Halako erabaki potoloak ezin dira inoiz onak izan… Oharkabean gainera erortzen zaizun zerbait bezalakoa da. Atzo baikorrak ginen, pentsatuz akaso ordu gutxiagotan lan egin ahal izango genuela, baina lana egin, azken finean. Azken orduan jakin genuen erabat itxita egon beharko garela, gutxienez hilabete bat. Eszeptikoak gara, eta beldurtuta gaude, ziurgabetasun latza baitaukagu”. Osasunez eta pattal samar sentitu omen da esnatzean Julen, “sabelaldea nahastuta bezala”.
Riojanos tabernako Iñaki Nieblak, aldiz, bazuen susmo txarren bat: “Susmoa banuen. Ez nekien Jaurlaritza edo Espainiako Gobernua izango zen erabakia hartuko zuena, baina etorriko zela bai”. Izan ere, elikagai eskaera egin gabe utzi zuen, badaezpada, eta hala abisatu zien hornitzaileei atzo. “Kasuak gora, hildakoak gora, Bartzelona ere itxi dute… Guregana iristea egun kontua zen, eta iritsi da, zoritxarrez”, dio atsekabetuta.
Guria tabernak genero, elikagai piloa erosi du azken egunetan, eta orain horrekin zer egin ez dakitela daude: Iker Karrazedo: “Batere abisurik eman gabe etorri da ixte agindua, genero piloa erosi ondoren. Zer egin behar dugu guk elikagai piloa erosi ondoren?”, dio, erantzunen bat bilatu nahirik. Tabernak pandemiaren sortzaile bakartzat jo nahi direla salatzen du Karrazedok: “Errudun bakarrak gu garela saldu nahi dute. Ostalaritzaren sektorea pikutara botako dute, tamainako erabakiekin. Kolpe honi buelta eman ezinik geratuko dira asko. Pentsa, gainera, ze publizitate txarra ikusten den Urnietari buruz. Guk aste pare bat itxita eduki dugu taberna, zerbitzari batek positiboa eman zuelako, eta berriro irekita, bezero kopurua erdira jaitsi da. Jendeak beldurra dauka, ez da etxetik ateratzen, eta gastuak ordaintzeko ere ez dugu ateratzen”.
Ixteko erabakia jaso dute, baina laguntzak jasoko dituzten edo ez arrastorik ez. “Lotsagabe batzuek gobernatzen gaituzte, ze espero behar dugu haiengandik? Aholkulariekin hitz egin behar dugu, eta zain gaude, ea ze panorama daukagun”. Gastuak ordaintzen segitu behar dutela gogoratzen du Karrazedok: langileen segurtasun sozialaren zerga, aseguruak, kredituak, argia… “Hemen inork ez du barkatzen, baina kontuak garbiak dira. Guk 25 langile baino gehiago ditugu, eta horien zergak ordaindu egin behar ditugu. Diru sarrerak 0 izango dira. Diru ordainketak zenbatekoak diren kalkula ditzatela tabernak ixtea erabaki dutenek. Nola demontre ordaindu behar ditugu?”. Sententzia garbia bota du: “Taberna askok itxi egingo dute, eta herriak zailtasunak izango ditu bilakatu den basamortuari buelta emateko”.
Goiak ere bankuei ordaintzen segitu behar zaiela dio: “Ez pentsa haiek gure egoera ikusi eta zorrak atzeratu edo beste moduan ordaintzeko prestutasun handia dutenik. Ordaintzen ez baduzu zorduna bihurtzen zara, eta gutunak bidaltzen dizkizute ordaintzeko exigituz”. Tabernako bezero batek bankuak krisia larrian egon zirenean Gobernuek zein azkar lagundu zituzten kritikatzen du, ozen. Egoera oso prekarioa dela dio Julenek: “Negatiboan egon ginen, martxoan, eta egongo gara berriz. Hasi da, eta ikusiko da nola bukatzen den. Akaso hainbat taberna itxi egin beharko dituzte, ze tabernari garenongan ere ondorio txarrak sortzen ditu. Halako ziurtasun faltarekin tabernariari tabernan lanean jarraitzeko gogoa joaten zaio”, bota du zintzo.
Tabernariak estigmatizatu izanaz, honakoa dio Goi Mendiko nagusiak: “Atzo, watsap talde batean, egoera hau kontatzen zuen norbaitek: IKEA beti jendez lepo dago. Hara joan dena metroan kabitu ezinik sartzen da. Metro geltokitik autobusera berdin, eta bere auzora iristen denean, ezin du kafe bat edo garagardo bat hartu, taberna guztiak itxita daudelako. Noski, baztertuak sentitzen gara”.
Gauzak txukun egin arren, zigor handia
Zigor gogorra jaso dute, arauak zorrotz betetzen ari badira ere. Iñaki Niebla, Riojanos taberna: “gure tabernan, behintzat, segurtasun neurri guztiak zorrotz betetzen ari gara. Sei lagun gehienez elkarrekin, mahaitik mahaira metro eta erdiko distantzia, likido desinfektagarria sarreran… Bezero batzuk galdu ditut, neurriak betetzeko eskatu, eta prest ez daudelako. Hainbat supermerkatuetara joaten naiz, elikagaiak erostera, eta horietan segurtasun neurriak gure tabernan baino eskasagoak dira, jendea produktu guztiak ukitzen, adibidez”. Riojanos taberna tren geltokiaren ondoan dago, eta tren asko jendez lepo ikusten ditu Iñakik, “ordu jakin batzuetan. Hor ez al da neurririk hartu behar? Ezin al dute tren gehiago jarri? Tabernek bakarrik ordaindu behar al dugu pandemiaren zabalkuntza? Ni arauak betetzen, eta betearazten ari naiz, baina hilabete itxita. Normala haserre egotea, ezta?”.
10 urte atzera egin du Julen Goiak, bat-batean: “Gauzak ongi egiten saiatzen ari gara, eta kolpeari kolpe gabiltza. Orain 10 urte ere negozioa ixtear egon ginen. Ni berriro harakin hasi, Ainhoa Ostolaza bikotea beste lanen batean… Une honek hura ekartzen dit gogora. Negozioaren itxura aldatu dugu, pintxoak eta beste indartu, eta kopak eta beste murriztu. Aurrera egiteko zailtasun ugari izan dugu, baina atera gara. Ikusiko dugu zer gertatzen den orain, baina esandakoa, ahalegin handia egin dugu gauzak ondo egiten saiatzeko, eta aurrera egin beharrean atzeraka goaz”. Etorkizunaz galdetuta, Iñaki Nieblak eskuak lotuta dituela sentitzen du: “Taberna ixten badut, zer egin behar dut? Ni sukaldaria naiz, ez daukat beste ikasketarik… Taberna ixten badut panorama beltza daukat. Bi urte eta erdi daramatzagu jada hemen lanean. Hasiera guztiak izaten dira zailak, baina aurrera egiten saiatu nahi nuke nola edo hala”.
Riojanos tabernan kolpe handi samarra hartu zuten martxoan, baina burua altxatzen ari ziren lehen kolpe hura hartu eta gero. “Eman zizkiguten diru laguntzak zulo batzuk estali zituzten, orduan, baina orain etortzen ez badira panorama beltza daukagu. Tabernak gastu finko asko dauzka, eta ari gara begiratzen, zertan aurreztu, ze ordainketa atzeratu: argia, autonomoak... Azaroa itxita egongo gara, baina iruditzen zait Gabonak aldera ireki egingo dituztela tabernak berriz, kontsumoa suspertzeko, eta gero berriro itxi, beste agerraldi bat eman arte. Horrela ibili behar badugu, jai dago. Taberna batek hilabete bat, bi ixten badu, zenbaki gorrietan sartzen da, ez dakit erabakiak hartzen dituztenek hori ba ote dakiten…”, galdetzen du ozen.
Take away edo etxera eramateko janaria
Nola atera sarrera-irteera balantze negatibotik? Julen Goia; “Ba pentsatu egin beharko dugu zerbait, negatiboan ezin baitugu geratu… Take away edo etxerako janaria prestatzea izan liteke aukera bat. Udaltzainekin hitz egin behar dugu, ea aukera dugun, eta horrela diru apur bat bildu”. Ainhoa Ostolazak hartu du hitza: “Egingo dugu. Bermerik ez dugu batere, baina 20 euro biltzen baditugu, ba 0 baino hobeto, ezta?. Gainera eguna betetzeko aukera bat izan liteke: goiz-eguerdi partean ordu pare bat, arratsaldean beste pare bat. Egun osoa egoerari bueltak ematen pasatzen baduzu, asunto txarra”.
Iñaki Niebla, aldiz, ez dago ziur etxeetara janaria eramateko zerbitzuarekin: “Ez nago konbentzituta. Idiazabal kaleko Kebab-eko jabea laguna dut, eta esan dit, ez duela merezi, jendeak denbora libre asko edukiko duela orain sukaldean aritzeko. Eta sos kontuetan ere ez dut uste jendeak kanpoan eskatu eta dirua gastatzeko sobera handirik duenik”.
Horixe Urnietako ostalaritza langile eta taberna zenbaiten testigantza. Panorama zaila, esku artean, eta euren kontroletik ihes egiten duena, gainera.