Euskaraldia

Badator Euskaraldia Urnietara

Aiurri 2020ko aza. 11a, 11:52

Martxan da euskararen erabilera handitzea helburu duen ekitaldia. Euskaraldiaren bigarren edizioa da aurtengoa, eta azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean gauzatuko da. Parte hartu nahi  duen orok “Ahobizi” edo “Belarriprest” rolean aritzeko aukera izango du.

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, zeinetan bi astez parte-hartzaileak euskara sustatzeko ahaleginetan ariko diren. Lehenengo edizioan legez, aurten ere Urnietak parte hartuko du. Interesa duten herritarrek Euskaraldiaren web orrian egin dezakete izen-ematea. Horretaz gain, izen-ematea aurrez aurre egiteko aukera eskainiko da Lekaio kultur etxean, baita online izena eman dutenek txapa jasotzekoa ere.

Azaroak 9, 10, 11, 12 eta 13: 16:00-19:30
Azaroak 14: 11:00-13:30 / 17:00-19:30
Azaroak 16, 17, 18 eta 19: 16:00-19:30


Ariguneak, aurtengo berrikuntza

Proposamen berri batekin dator aurtengo Euskaraldia: ariguneak. Euskaraz lasai aritzeko guneak dira, mota guztietako enpresa, elkarte eta erakundeak, alegia. Euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko da ariguneetan, izan taldeko kideen artean zein entitateak herritarrekin duen harremanetan. Horrez gain, aurreko edizioko rolak mantendu dira. Bakoitza zein roletik ari den jakiteko txapa bat eraman beharko da gainean. “Ahobizi” direnek ezpain batzuen irudia izango dute txapan, eta “Belarriprest” direnek ostera, belarri batena.


“Ahobiziak” euskaraz hitz egiteko gaitasuna duten pertsonak izango dira, eta euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute. Beste pertsonek euskaraz ulertzen ote duten ez dakitenean berriz, lehen hitza, beti, euskaraz egingo dute. 

“Belarriprest” rola dutenak, bestalde, haien gaitasun eta aukeren arabera erabakiko dute euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dute euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek beraiei uneoro euskaraz hitz egitea eskatuko diete.


Hartu lagunen eta familiako kideen txapak

Nork bere txapa hartu ez ezik, bere familiako kideen edo lagunen txapak hartzeko aukera izango du. Horretarako, pertsona horiek Urnietan izena emanda egon behar dira eta izen-abizenen zerrenda eraman beharko du txapak jasotzera doan kideak.


Bistaratu Euskaraldia etxeetan banderatxoa ipinita

Bestalde, edizio honetan, herritarrak etxeetako leiho eta balkoietan banderatxoak jarrita Euskaraldia bistaratzera animatuko dira. Banderatxo horiek ere Lekaio kultur etxean erosi ahal izango dira 5 eurotan aurretik aipaturiko egun eta orduetan.


Edozein zalantza izanez gero Euskaraldiaren Urnietako dinamizatzailearekin harremanetan jartzeko aukera dago.


Helbide elektronikoa: euskaraldia.urnieta@gmail.com
Telefono mugikorra: 688826530

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!