“Hazia jartzea da sortzea, dirurik ematen ez duena ereitea”

Alba Cabrera 2020ko aza. 16a, 11:48

Pandemia egonda ere, buru-belarri aritu da lanean: gidoilari, zuzendari laguntzaile gisa zein aktore lanetan. “Fadoak entzuten zituen gizona” obra estreinatu du berriki.

Kepa Errasti aktorea eta gidoilaria

Zein proiektutan lanean harrapatu zintuen martxoko konfinamenduak?

“Ama Kuraia” obran nengoen lanean, berriki Bilbon estreinatu den antzezlanarekin. Lanaren euskarazko itzulpena egin nuen nik, eta zuzendari laguntzaile lanetan zein aktore gisa nengoen, kide bat ordezkatzen. Obra estreinatu baino bost egun lehenago iritsi zen konfinamendua. Harridurarekin hartu nuen, zer gertatuko zen oso ondo jakin gabe. Ez genekien zenbat iraungo zuen, ez eta zer gertatuko zen ere, baina kolpe handia izan zen, ilusioa handiarekin geundelako. Hiru hilabete eman genituen lanean eta oso prozesu gogorra izan zen; jende asko ginen obran, muntaketa handi batean. Esan ziguten, epe laburrean behintzat, ez zela berrartuko. Ondoren, urrian egingo genuela jakinarazi ziguten, baina nik ezin izan nuen lantaldean jarraitu, hainbat proiektu lotuta bainituen.

Kultur eragile gisa, nola egin zenion aurre martxoan hasi zen konfinamenduari?

Zorte handia izan nuela iruditzen zait. Izan ere, konfinamendua hasi eta bi astera “Etxekoak” telesailetik deitu zidaten gidoilari lanetan aritzeko etxetik. Gainera, lauzpabost  astetara “Barre Librea” iritsi zen. Beraz, konfinamendua lanean igaro dut: lehenik eta behin, etxetik eta ondoren, lantokian. Izan ere, “Barre Librea”-ri ekin genionerako neurriak lausotu ziren. Gainera, etxetik lana egitea ez zen arraroa izan, izan ere, Goenkalen lanean egon nintzenean gidoigintza etxetik egiten nuen.

Zaila al da “Barre Librean” bakarrizketak egitea aurrez aurreko publikorik gabe?

Bai. Gainera, ez ditut inoiz bakarrizketak egin, ez dakit zer den jendaurrean bakarrizketa bat egitea. Hasieran, sekulako beldurra genuen, gu geu makillatzen ginen. Baina egia esan,  berehala konektatu genuen lantaldeko kideek eta oso erraza izan zen; askatasuna sentitzen dugu formatu horren barruan nahi duguna egiteko, alegia, nork bere gaiak aukeratu eta lantzeko. Hasieratik planteatu zen sei kide egongo zirela bakarrizketak egiten: batek egin bitartean gainontzekoak inguruan egongo ginen eserita babesa emateko.

Zein rol jokatzen du kulturak osasun larrialdi egoeran?

Informazioaren bonbardaketa izan dugu, eta ezinegon handia sortu da, hein batean, beharrezkoa izan dena kontzientzia sortzeko. Hala,  garrantzitsua izan da jendeak beste gauza batzuetan pentsa dezan, antsietate horretatik aldentzeko. Era berean, baliagarria izan da euskal sortzaileon ahotsa entzuteko.

Uda oparoa izan duzu?

Izugarrizko zortea izan dut. Ekainaren erdialdean, itxialdia arintzen hastean, “Fadoak entzuten zituen gizona” obraren entseguekin hasi ginen, eta uztailan, obra berarekin, beste bi aste eman genituen lanean. Abuztuan "Erlauntza" pelikulan parte hartu nuen gidoia idazten. Ondoren, irailean “Sisiforen paperak” obrari ekin genion. Ez dut trabarik izan nik neukan lan hori egin ahal izateko.

“Fadoak entzuten zituen gizona” obra estreinatu zenuten Tolosan irailaren 18an.

Oso pozik gaude izan duen harrerarekin. Xabier Ormazabalekin batera sortutako Xake produkzioak konpainiaren hirugarren obra da. Zorte handia izan genuen, izan ere, aurrez hitzartuta genituen, diru-laguntza baten bitartez, hogeitik gora emanaldi, eta momentuz, denak egiteko aukera izan dugu.

Arrotza da musukoa jantzita duen publiko baten aurrean aritzea?

Bai. Batez ere, “Fadoak entzuten zituen gizona” obrarekin nabil jendaurrean lanean, eta barre asko egiteko obra da. Irribarre egin baino, jendeak algarak egiten ditu, eta entzun egiten dira. Baina arrotza da jendearen aurpegia ez ikustea.

Herritarren partetik kultur eragileak babesteko nahia sentitzen duzu?

Zaila da hori baloratzea, izan ere, edukiera murriztuta dago aretoetan eta ez dakizu zenbat jende etorriko litzatekeen berez. Baina nik ikusten dut kultura babesteko borondatea herritarren partetik, egin ditugun emanaldi guztietan sarrerak agortu baitira. Zirraragarria da ikustea antzokiak bete egiten direla.

Eta instituzioen partetik?

Gauza askotan inprobisatzen ari direla uste dut, ez dakitela oso ziur nola egin aurre egoerari. Konfinamenduaren hasieran neurri oso polemikoak hartu ziren artistei bideratutako diru-laguntzetan. Hala ere, sortu dira espazioak gaiaz eztabaidatzeko eta egoerari irtenbidea emateko. Esaterako, Reset izeneko plataforma arte biziek lehen eta orain zuten egoeraz mintzo da, baita egoerari aurre egiteko moduaz ere.

Nolakoa da  sortzaile baten egunerokotasuna larrialdi egoeran?

Ez da ona beldurrez bizitzea.  Konfinamendua hasi zenean erabaki nuen telebista ez ikustea, ez zidan bizitzen laguntzen, antsietatea sortzen zidan. Berriro ere konfinatzen bagaituzte gauza berriak sortzen, pentsatzen hasi beharko dut, baina okerrena da horrek ez duela jatekoa ematen. Hazia jartzea da sortzea, diru sarrerarik ematen ez duen hazia ereitea, eta horrela zenbat irauten da?

Zer erakutsi dizu osasun larrialdi egoerak?

Zeinen txarra den beldurrarekin bizitzea. Osasuna tartean dagoenean, ez gara ausartzen ezjakintasunetik egoerari aurre egiten, eta ez dauzkagu horrenbeste erreminta gure kabuz jakiteko agintzen digutena nahikoa den ala ez. Garbi daukat ez dudala nahi beldurrez bizi, eta luzerako joko badu honek, bilatu beharko dira baliabideak egoera honetan bizi ahal izateko, eguneroko bizimodua oztopatu gabe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!