“Kultura gauzatzeko zirrikituak uztea eskatzen dugu”

Alba Cabrera 2020ko aza. 16a, 11:58

Koronabirusak mugatu egin du bertsolaritzaren jarduna. Hala ere, Bertsozale elkarteak lanean dihardu Euskal Herriko plazak doinuez eta errimez betetzeko.

Oier Iurramendi Etxeberria Bertsozale Elkarteko sustapen eragilea

Nola jaso zenuten martxoan etxeratze aginduaren albistea?

Bilera baten erdian geunden itxialdiaren berri izan genuenean. Ez zen ustekabean izan, baina egun gutxiren buruan normaltasun batetik etxean sartuta egotera igaro ginen. Konfinamendua azkar iritsi zen, ia erreakzio bat izateko denborarik eman gabe; hori izan zen kolpe handiena, ez genuelako denbora izan etorri zitekeena aurreikusi eta aurrea hartzeko. Astebete baino gutxiagoan kultur jarduerak bertan behera gelditu ziren, eta Bertsozale elkartetik ikusi genuen garrantzia eman behar zitzaiola plazak berraktibatzeko ahaleginari. Oso denbora gutxian aldatu ziren gure lehentasunak, eta bizpahiru astean eginda genuen jada gure jardunaren birmoldaketa, etxetik lana egin, baina kanpora begirako eskaintza emateko.

Zein baliabide erabili zenituzten plaza berraktibatzeko ahalegin horretan?

Nahiko joko-arau murritzak genituen. Hasiera batean, ez genuen ezer antolatu, baina argi genuen egoerak utzi orduko elkartea martxan jarriko zela. Ordura arte elkartearen jarduna horretan enfokatu ez arren, berebiziko garrantzia eman genion plazari, baita bertsolariei ere. Hala, diru poltsa bat sortu zen: batetik, langabezian zeuden bertsolariei babes ekonomikoa emateko; bestetik, “Plaza biziberritzen” ekimenerako. Azken horren helburua plaza berraktibatzea zen, eta bi atal zituen. Lehenik, antolatzaileei gure baliabideak eskaintzea zen asmoa, bertso-saioak gauzatu ahal izateko, hala nola, Subijana etxea eskuragarri zuten beren herrietan egin ezin ziren ekimenak antolatzeko. Bigarrenik, plazako saioak antolatzen hasi ginen, eta horren adibide da “Bidaiak” ekimena. Hiru hilabetetan (maiatza, ekaina eta uztaila) 23 saio antolatu genituen, zuzenean zein diferituan. Horietatik zortzi Bertsozale elkarteak hutsetik antolatuak izan ziren, eta gainontzekoak herrietako antolatzaileekin egin ziren elkarlanean.

Zein nolako uda izan da bertsolaritzarentzat?

Inork ez zekien nola izango zen uda, zein eragin izango zuen kulturari dagokionez. Egia da egoerara nahiko ondo egokitzen den kultur diziplina dela bertsolaritza. Izan ere, publikoa eserita dago eta bertsolariak oholtza gainean ez dira mugitzen. Beraz, beste diziplinekin alderatuta, neurriak betetzea erraza izan da bertsolaritzaren kasuan. Udan antolatu ohi diren saio gehienak herriko zein auzoko festei lotuta dira, eta, beraz, jaiak bertan behera uztearekin batera emanaldi asko eten dira. Batez ere, jaialdi formatuko saioa mantendu da, baina askotariko saioak galdu dira, tartean, otorduen bueltan egoten direnak, bertso-poteoak eta libreko saioak. Orduan, egun batetik bestera nahiko eszenatoki bereziarekin egin genuen topo: datuei erreparatuta, izugarria da zenbateko aldea dagoen pasa den urteko udaren eta aurtengoaren artean.

Emanaldiak antolatu ez ezik, bertsolaritza klaseak ere antolatzen dituzue hezkuntza arautuan.

Ikasturte amaieran etorri zen lehen konfinamendua, eta hezkuntzan egin zen legez, bertsolaritza klaseak ere telematikoki eman ziren. Hala ere, beldurra bazegoen, ikasturte berriari zegokionean. Zorionez, iraila hastearekin batera ekin diote bertso eskolak emateari hezkuntza arautuko eskoletan. Oraingoz, bertan behera dauden bertsolaritza klaseak konfinatu egin behar izan diren eskolenak dira soilik. Bertso-eskolei dagokienean, bakoitzak ahal duena egin du. Aurten antolatu gabe gelditu behar izan direnak bertso udalekuak izan dira, urtero udan egiten diren udalekuak, hain zuzen.

Kultura babesteko nahia dagoela sentitzen duzue emanaldiak antolatzen dituzten eragileen partetik?

Eragile txikiek (bertso-eskolak, herri mugimenduak...) oztopo gehiago izan dituzte emanaldiak antolatzeko, baliabide falta dela medio. Horretan lan egingo dugu datozen hilabeteetan, Bertsozale elkartetik herriko eragile txikiei baliabideak nola eskaini pentsatzen, alegia. Udalei dagokionez, nork bere neurriak hartu ditu, eta gure lana izan da, ahal izan den heinean, ikustaraztea emanaldiak egin daitezkeela, kultura segurua dela.

Pandemiak eragindako egoera ekonomiko larriari aurre egiteko hartu diren neurriei dagokionean, zein leku du kulturak?

Pasa den astelehenean egin genuen azken neurriak baloratzeko bilera, baina kultura gauzatu ahal izateko zirrikituak uztea eskatzen dugu. Izan ere, ikusten dugu oso kontrolatuta dagoen ingurua dela, jendea pilatu arren, oso era neurtuan ematen dela, segurua dela. Neurriek uzten dizkiguten aukerak baliatuko ditugu plaza ahalik eta gehien sustatzeko eta baliabideak eskaintzeko.

Zer erakutsi dizue pandemiak, kultur jardueren kudeaketari dagokionean?

Zaildu egin du kudeaketa. Orain saio bat antolatzeak lehengo lau saio antolatzeak bezainbeste kostatzen duela esango nuke. Emanaldiak adosterako orduan, ez dakizu hemendik bi hilabetera zein neurri egongo diren indarrean, ez eta bertsolariek zein osasun egoera izango duten. Hori dela eta, saio asko bertan behera gelditu dira, baita atzeratu ere, eta horrek lana dakar, ezintasun handia; antolatzaile askok atzera egitea ekarri du horrek. Lehen saio bat antolatzeak lana eskatzen bazuen, orain are nekezagoa da. Hala ere, gu egoskorrak gara zorionez, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu ahalik eta saio gehien antolatzeko. Pazientzia edukitzen eta egoskorrak izaten ikasi dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!