“Kulturan azken emaitzak balio du, hori da ordaintzen dena”

Alba Cabrera 2020ko aza. 16a, 12:06
Mariñe Arbeo, Nerea Ibarzabal, Ane Labaka eta Malen Amenabar. TXAKURGORRIA

Itxialdiak ezustean harrapatu zituen euskal sortzaileak, baita Txakur Gorriako kideak ere. Hala ere, pandemia ez da traba izan buruari eragin eta proiektu berriei ekiteko.

Ane Labaka Mayoz Txakur Gorria koletiboko kidea

Sorkuntzan eragina izan du etxetik atera ezin ahal izateak?

Oso arraroa izan zen dena. Izan ere, konfinamenduan kultur eragileoi eskatzen zitzaigun oso sortzaileak izateko, eta hasieran nik ere horretan sinistu arren, beranduago konturatu nintzen ezetz. Alegia, nire ustez, sortzaile izateko estimuluak behar ditugu: kalera irten beharra dago, jendearekin egon, hitz egin eta ikusi. Etxean sartuta zaudenean, eta zure egunerokotasuna betiko lau paretak direnean, ez dago zer sortu handirik. Leku askotatik iritsi zitzaigun sortzaileoi mezu bera: zuen momentua da, sortu proiektuak, gizarteak behar ditu-eta. Baina horrek kontraesanak zituen berekin, izan ere, sortzaileoi asko eskatu zitzaigula iruditzen zait, baina gero trukean ez zaigu hainbeste itzuli.

Hitz berriak sortzeko erronka plazaratu zenuten itxialdiaren hasieran, eta “Hizteria Kolektiboa” liburuxkan jaso zenituzten denak.

Tailer bat egiteko proposatu zigun BERRIA Aretoak, eta aurretik egindako proiektu bati eutsi genion, "Hizteria". Jolas gisa proposatu genuen: parte-hartzaileek hitz bat asmatu behar zuten, eta beste kide batena definitu, hirugarren batek hitza zein definizioa hartu eta horren gaineko marrazkia egiteko. Oso harrera ona izan zuen, jende askok hartu zuen parte. Oiartzunen, esaterako, “Hitzen lihoa” ekimenean herri mailako "Hizteria" propioa sortu nahi dute, eta proiektua dinamizatzen lagundu diegu.

Apirilaren 21ean eta 22an greba digitala izan zen Euskal Herrian. Bat egin zenuten? Zergatik?

Bat egin genuen grebaren harira sortutako irakurketarekin. Nabarmendu nahi genuen ez dela euskal sortzaileak egoera ideal batean geundela eta mundu mailako izurria etorri eta dena hankaz gora jarri duela, baizik eta pandemia aurretik gaizki zegoen egoeraren azken tanta izan dela. Gainera, kulturan azken emaitzak balio du, hori da ordaintzen dena. Beraz, bertan behera gelditu diren emanaldien kasuan, azken emaitza oholtzara eramaten ez bada, ez dio inork balioa ematen aurretik egin den lanari.

Neurriak arintzen hasi zirenetik sormen tailerrak antolatu dituzue. Zein nolako harrera dute halako proiektuek garaiotan?

Deba, Barañain zein Hernaniko plaza feministan izan gara idazketa eta marrazkigintza ikastaroak ematen, eta oso harrera ona izan dute. Jendeak behar du jendearekin elkartzea, bizitzen ari garenari hitzak edo irudiak jartzea; sartu nahi diguten eguneroko horretatik atera nahi du jendeak, eta hori kulturak bermatzen du.

“Orainmenean” proiektua estreinatu zenuten Bilbon urriaren 8an.

Duela urte batzuk garai bateko emakume bertsolarien inguruko lan bat egin genuen, eta 40 bat pasartetan kontatu genuen emakume ikusezin horien istorioa. Orduko hortan, Mariñe Arbeo eta Malen Amenabar ilustratzaileek 20 kontaketa ilustratu zituzten. Gauzak horrela, Lanku sormen beka eskatu genuen gainontzeko 20 kontaketei irudia jartzeko. Hala, liburuxka bat argitaratu dugu kontaketekin zein irudiekin. Horrez gain, soilik emakumez osatutako bertso-saioak antolatzean datza proiektua, liburuxkako irudiak atrezzo gisa daude emanaldian, eta gaiak kontaketetan oinarrituak dira. Helburua emakume bertsolariei espazio bat ematea da, elkarrekin kantatzeko zein esperimentatzeko. Gauzak horrela, zerrenda luze bat osatu dugu parte hartu nahi zuten kideekin. Hiru bertsolarik abestuko dute aldiro, horietako bi antolatzaileek aukeratuko dituzte, baina hirugarrenak beti izan beharko du ordura arte parte hartu ez duen bertsolari bat.

Babesa sentitu duzue herritarren partetik? Eta instituzioetatik?

Herrigintzatik eta kulturgintzatik bai ikusten dut; aldiz, instituzioen partetik bestelakoa da jarrera. Emanaldi bat antolatu nahi duenak neurrien arteko zirrikituetan ibili behar du, ez dago erraztasunik. Baina datuei erreparatuz gero, agerikoa da ez dela egon kutsatzerik kultur ekitaldietan. Nekatu egiten du egoerak. Gainera, konfinamenduan jende askok zioen kultura beharrezkoa dela, baina, egun, askok interes pertsonalei erreparatzen diete, kolektiboetan pentsatu beharrean.

Pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko hartu diren neurriei dagokionean, zein leku du kulturak?

Orain arte ez dira ausartu esaten kultur ekitaldiak debekatuta daudela. Baina herri mailako konfinamendua ezarriz gero, hainbat lekutan antolatutako emanaldiak bertan behera gelditu dira. Iruditzen zait ez dutela zuzenki kulturaren aurka egiten, baina hartutako neurriek kultur ekitaldietan eragina izango dutenaren jakitun dira: “Guk ez dugu zuzenean kultura hilko, baina utziko diogu bere horretan hiltzen”.

Osasun larrialdiak eragina du zuen jardunean?

Zortea izan dugu, martxotik eutsi diogulako jardunari. Hala ere, pandemiak psikologikoki eragiten du, izan ere, martxoan ekitaldi bat erortzen zen bakoitzeko larritu egiten nintzen, antsietatea sortzen zidan egoerak. Baina orain normala iruditzen zait asteazken batean jakitea ea asteburuko ekitaldiak egingo diren edo ez. Gainera, taldean lan egiteak asko laguntzen du, proiektu batek kale egiten badigu, batera egiten diogulako aurre egoerari. Barrura begira jarri gaitu pandemiak eta lana nola egin nahi dugun eta zein balore nahi ditugun zaindu erabakitzeko baliagarria izan da. Beraz, hein batean, parentesia ondo etorri zaigu guretzat tarte bat hartzeko. Pasa dena pasa dela ere, indartuta atera gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!