Urnietako Udal egutegia osatzeko argazki-lehiaketa

Aiurri 2020ko aza. 19a, 11:22

Urnietako Udalak 2021. urteko egutegia egin nahi du, eta horretarako,  egutegia osatzeko argazki lehiaketa bat antolatu du:  azaleko irudia eta hilabete bakoitzerako erabiliko diren argazkiak hautatuko dira.

Urnietako txoko berezienak ezagutarazi nahi dira egutegian. Hori dela eta, herria bera izango da aurtengo gaia. Egilearen emozioak, esperientziak, bizipenak, historia eta leku jakin horrekin daukan lotura afektiboa argazkiaren ardatz izango dira eta azken emaitzan islatuko dira. Orotara, hamahiru argazki osatuko dira datorren urteko egutegia osatzeko. Horretarako, hainbat baldintza bete behar dira.

  • Argazkiek Urnietan kokatuak izan behar dute.
  • Argazki bakoitzaren kokapen zehatza adierazi beharko da.
  • Argazki bakoitzak izenburua izan beharko du.

Argazkiak aurkezteko epeari dagokionean, gaurtik abenduaren 4ra bitartean izango dute aukera parte-hartzaileek; egile bakoitzak gehienez bost argazki aurkez ditzake, eta bi modu daude argazkiak aurkezteko:

  • Lekaio Kultur Etxeko bulegoetan (astelehenetik ostiralera 09:00-13:00 eta 16:00 -18:00, ostegun eta ostiral arratsaldeetan itxita): eskaera inprimakia beteko da eta argazkiak pen drive edo CD batean aurkeztuko dira gutunazal batean.
  • Telematikoki Wetransfer bidez kultura@urnieta.eus helbidera eskaera, inprimakia eta argazkiak bidalita: Kulturnieta S.Ako langileek zenbaki bat emango diote eskaera bakoitzari, eta argazkien egileen anonimotasuna gordeko dela bermatuko dute, epaimahaiak lanak aukeratu ditzan egiletzak  ezagutu gabe. 

Parte hartzeko oinarriak

Parte hartzeko ezinbestekoa da lehiaketaren oinarriak ondo irakurtzea irudien behar teknikoak zeintzuk diren ezagutzeko, baita lehiaketaren prozesuaren eta baldintzen berri izateko ere. Lehiaketan partaide izateak oinarrien onarpena eskatzen du. Egile bakoitzak gehienez bi argazki saridun izan ditzake, bakoitza 40 euroan. 

Abenduaren 14tik aurrera jakinaraziko dira emaitzak Urnietako Udalaren web orrialdean. Hautatutako hamairu argazkiak 2021. urteko Udal egutegia osatzeko erabiliko dira eta erakusgai egongo dira Lekaio kultur etxean 2021eko urtarrila eta otsaila bitarte.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!