Asier Niebla indarkeria matxistaren biktimatzat jotzeko eskatu dute senideek eta Urnietako Udalak

Aiurri 2020ko aza. 20a, 11:44

Urnietako Udalak mozioa onartu zuen pasa den uztailean, Asier Nieblaren gisako kasuak indarkeria matxistatzat aitortzeko. Hala, hilaren 25ean, akordio hori sinatuko da, arratseko 18:30ean, eta Gobernu Zentralari zein Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaie 1/2004 lege organikoa aldatzeko proposamena.

Iluntzeko 19:00etan elkarretaratzea deitu dute senideek San Joan plazan, Asier Nieblaren auziagatik ez ezik, indarkeria matxistaren biktimei ere omentzeko. Bestalde,  Asier Nieblaren erasotzaileari behin-behineko espetxealdia beste bi urtez luzatu zion Gipuzkoako Auzitegiak pasa den uztailean. Niebla 2018ko urrian hil zen, bi hilabete koman egon ostean. Neska baten bikotekide ohiak, espetxeratuta dagoenak, jipoitu zuen, gaztea emakumearekin hizketan ari zenean, Donostiako Aste Nagusian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!