Asier Nieblaren auzia du abiapuntu proposamenak, eta Sorkun erakundearekin, genero-indarkeriaren gaineko aholkularitzan eta emakumeen ahalduntzean espezializatutako taldearekin, batera garatu du Urnietako Udalak. Jorge Segurado alkateak hartu du hitza prentsaurrekoan; elebitan aritu da: "Egungo legeak erasotzailearekin aldez aurretik harremana duten edo izan duten emakumeak soilik onartzen ditu indarkeria matxistaren biktima gisa, eta gainerako biktima guztiak, emakumeak zein gizonak, alde batera uzten ditu, Asier Niebla urnietarrarekin gertatzen den bezala".
Hala, alkateak gogorazi du genero-indarkeria emakumeen aurka gauzatutako indarkeria estrukturala dela, baina haren hitzetan "ez da soilik emakumeengana zuzenean gauzatzen, baizik eta gizarte osoari, eta biktimaren ingurune osoari eragiten dio". Beraz, errealitate hori islatzearen beharraz legedia aldatzeko proposamena luzatu dute:
• Lehena abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren erreforma da, genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.
• Bigarrena Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen eta gizonen berdintasunerako legearen erreforma.
Era berean, alkateak argi utzi nahi izan du Urnietako Udalaren proposamenak ez duela zalantzan jartzen indarkeria estrukturala pairatzen dutenak emakumeak direla, baina uste du osotasunean ulertzeko indarkeria matxistaren biktima guztiak babestu behar direla: "Ez gara proposatzen ari gizonak genero-indarkeriaren zuzeneko biktimatzat hartzea, proposatzen ari gara biktimaren kontzeptua zabaltzea, biktima bat denaren ikuspegi murriztaile horretatik kanpo geratzen direnak barne hartzeko”.
Azkenik, eskerrak eman dizkie oposizoko taldeei lege-proposamena aho batez babesteagatik: "Urnieta Asierren kasuarekin oso lotuta egon da hasiera-hasieratik, eta oso garrantzitsua da maila politikoan akordio honetara iristeko gai izan izana".