Egapetxou taldearen "Tsunami Euskaraldia" antzezlana: kronika, argazkiak eta bideoa

Xabier Lasa 2020ko abe. 3a, 14:34

Egapetxou antzerki talde amateurrak “Tsunami Euskaraldia” antzezlana, igandean eskaini zuen Berrasoeta parkean. Kronika, irudiak eta bideoa, eskura.

Egapetxou antzerki talde amateurrak “Tsunami Euskaraldia” antzezlana Berrasoeta parkean eskaini zuen joan den igandean. Joxe Mari Berasategi zuzendaritzapean, Olatz Iturzaeta, Elaia Marruedo, Liam San Jose, Aitor Etxeandia eta Vanesa Sanchez aktoreek fantasiaz eta umoreaz zipriztindutako obra eskaini zieten Berrasoeta parkera igandean hurbildu ziren haur zein helduei.

Donostiako kostaldetik abiatuta Urnietara nola heldu den tsunamia kontatzen du antzezlanak. Horrek herrian nola sortu duen Berratxuta Bitx hondartza, eta horrekin batera, nola lortu duen aztoratzea hainbat pertsonaje: haur bahitzaileak, turista italiarrak, udaltzainak, AEK irakasle eta ikasleak, Marizuloko Miela... Ikusleek ordu erdiko ikuskizun entretenigarriaz gozatzeko aukera eduki zuten, publikoari begirako kultura bazter guztietan horren urri dagoen garai hauetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!