Eskaintzak

“Gertukoari lagundu beharreko premia sartu zaio jendeari, eta garrantzitsua da hori”

Alba Cabrera Jauregi 2020ko abe. 6a, 09:00

Aiurrik Muazpi harategiko Pello Urretabizkaia elkarrizketatu du: "Ni ere ostalaria naiz kanpainan asko harritu nau herritarren erantzunak. Jarrera izugarria izan da".

Egoera zaila bizi duzue garaiotan, ezta?

Elikagai-sektoreko dendak gara egoera ondoen ematen ari garenak, gure salmentek ez dutelako behera egin. Are gehiago, esango nuke gora egin dutela, jendeak tokiko komertzioan kontsumitzen duelako. Alde horretatik, pribilegiatuak gara, beste hainbat kide une zailak igarotzen ari dira-eta; batez ere garaiotan ostalariekin gogoratzen naiz. Oso une zailak igarotzen ari dira, eta ez da erraza.

Zein eragin izan du zuen jardunean?

Luzatu egiten du gure  jarduna. Garbitasuna oso garrantzizkoa da, noski. Ohitu gara, ikasi dugu, eta geroz eta errazagoa zaigu. Gainera, jendeak badaki nola portatu, nola egin gauzak. Alde horretatik bai, batez ere higienean kontu gehiagorekin ibili behar dugu. Bezeroei dagokionean, bat edo bi sartzen dira harategian, eta gainontzekoak kanpoan itxaroten dute. Neguan zer egin pentsatzen ari gara, kale honetan izugarrizko haize-boladak sartu eta hotz handia egiten duelako.

Eguberriak ate-joka ditugu; zuen salmenta baldintzatuko du pandemiak?

Gabonetan asko igotzen da salmenta. Arautegia ez dakit nola geldituko den, badakigu seiko taldeak onartuta daudela, eta badirudi Gabonetarako hamarrera igoko dutela muga. Baina bai, horrek are gehiago ekarriko baitu talde txikitan elkartzea. Akaso erosketa zabaldu egingo da, baina kantitateak txikiagoak izango dira, batuko den jendeak talde murritzagoan egingo dituelako otorduak. Gainontzeko urteetako jardunari eustea pentsatzen ari gara.

Tokiko kontsumoaren gaineko kontzientzia eragitea ekarri du egoerak?

Bai. Elikagai-sektoretik at dauden denda txikiek antzeman dute. Jendea kontzientziatu da. Gertukoari lagundu beharreko premia sartu zaio jendeari, eta garrantzitsua da hori. Guk ere somatu dugu jarrera hori "Ni ere ostalaria naiz" kanpainan. Asko harritu gaitu jendearen erantzunak; herritarren jarrera izugarria izanda. Kanpaina horren helburua diru-laguntzetatik haratagokoa da: sentsibilizazioa, solidaritatea eta babesa. Badakigu tabernetara ari dela jendea hots egiten etxera eramateko janaria eskatzen, zentzu handi batean, ostalariei laguntzeko. Urnietan erantzuna oso ona izaten ari da.

Prestatutako janaria ere saltzen duzue.

Hala da, bai. Baina familia askok jakiak etxean prestatzeko ohitura hartu dute. Izan ere, etxean gehiagotan egon behar duten honetan, umeekin batera sukaldatzeko tartea hartzen dute. Nire ustez, egoera zaila den arren, jendea berrasmatzen ari da, indarberritzen ari gara. Egindako janariari dagokionean, gehien eskatzen dena lasagna da, baita kroketak ere. Hanburgesa mota ezberdinak ere baditugu gurean.

Otorduek badute indarra Gabonetan, ezta? Zein da zuenean gehien eskatzen den jakia?

Azpizuna da gehien eskatzen dena. Hortik jotzen du jende askok.  Erosoena da prestatzeko, partitzeko erraza da, bi, hiru edo lau xerra. Arkumea asko saltzen da, baina arkumeak lan gehiago ematen du, aurretik eginbeharreko lana handiagoa delako. Aurrez erretzen jarri behar duzu, labea zikintzen da, eta horrek lana dakar. Baina arkumea hemengo produktua da eta horren alde ere egin beharko genuke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!