Afrikar erroko josturak

Alba Cabrera Jauregi 2020ko abe. 11a, 07:48

Maialen Mujiika eta Aziz Mounpe. AIURRI

Oihal afrikarrez egindako produktuen eskaintza zabala du Puochi nah proiektuak, Kamerungo Bamun herria oinarri. Kolore biziko oihalekin egiten dute lan Aziz Mounpek eta Maialen Mujiikak.

Puochi nah diote Kamerungo Bamun herrian elkar agurtzeko, “behin ikusi garenez gero, berriro ere ikusiko garelakoan” adierazteko, alegia. Hari horri tiraka ekin zioten Aziz Mounpek eta Maialen Mujiikak Puochi nah proiektuari: “Polita iruditu zitzaigun esapidea, gure eskaintza probatu duenak berriro ere gugana jo dezakeela esateko modua baita” dio Mujikak. Duela urtebete inguru jarri zuten martxan proiektua, eta mota guztietako produktuak egiten dituzte oihal afrikarrak oinarri hartuta, ileko zintetatik hasi eta kuxinetaraino.

Jatorri afrikarrekoa da Mounpe, Kamerungo Bamun etniakoa, hain zuzen ere. Haurra zelarik, josteko makina zaharrarekin aritzen zen lanean ama, eta bere arrebek ere maiz josten zuten, amak erakutsita. Berak, ordea, ez zuen sekula ikasi, gertutik begiratu besterik ez zuen egiten. Hala, joan den urtean bere iraganarekin egin zuen topo, Mujikarekin batera Emaus dendara altzariak erostera joan zenean. Amaren josteko makinaren berdina zen singer zahar bat aurkitu zuten, baita erosi ere. Etxera eraman eta bizkarroiak kendu zizkioten. Egun hori bera du abiapuntu  Puochi nah proiektuak.

Mujikak gogoan du egitasmoari “aurrikuspen handirik gabe” ekin ziotela: “Guretzat hasi ginen gauzak sortzen, eta, ondoren, ingurukoentzat”. Itsu-itsuan hasi baziren ere, berehala zabaldu zuten bezero-sarea, sare-sozialei erabilera ematean. Gipuzkoara mugatzen zen beren eskaria; egun, ordea, Andaluziako eta Kataluniako jendeak, besteak beste, badu haien berri.

Kolore biziko oihalekin egiten du lan bikoteak, wax delakoekin, alegia. Horrelaxe deitzen zaie argizaria dutelako; ehuna bustitzea eragozten du horrek. Gehienbat, Afrika erdi-mendebalearekin lotu du Mujikak oihal mota horren erabilera, ez baita soilik Kamerungo erakusle; hala ere, gehitu du, maiz, oso bestelakoa den herrialdeetan dutela oihalek jatorria: “Enpresa handienak Europan daude, Holanda aldean.  Jatorriz afrikarra den oihala da, baina hori ere europearrek ustiatu egin dute. Saiatzen gara ekoizle horiei uko egin eta tokikoei erosten, gure filosofiarekin bat datorrelako”. Hala, Mounperen familiarekin harremanetan ipini, aukeraketa egin eta bidali egiten dizkiete Urnietara lanerako behar dituzten ehunak. Osasun-larrialdia zela medio, mugak itxita egon ziren denbora luzez eta beren jarduna berrasmatu beharrean, Bilboko zein Madrilgo stock handietatik eskuratu zituzten oihalak.

Hurbileko hartu-emanean

Bezeroarekin konplizitatea izaten saiatzen dira bi artisauak. Gainera, gustuko dute erosleen nahiak entzutea, eta Mujikak nabarmendu du iradokizun oro ongi etorria izaten dela: “Josten goazen heinean, argazkiak bidaltzen dizkiegu berezoei, prozesua partekatzen dugu eurekin. Polita da, erosten duenak parte hartzen duelako etxera eramango duen produktuaren sormen-prozesuan”. Eskaintza zabala dute esku artean, hala nola, koleteroak, koadernoak, gerriko poltsak, arropa eta baita musukoak ere. Osasun-larrialdi egoeran ekin zioten azken horiek egiteari, zalantzak izan ostean. Podologia klinika batean egiten du lan beren lagun batek, eta berrerabilgarriak ziren musukoekin lan egin nahi zuten bertan. Horrenbestez, proposamen horretarik abiatuta ekin zioten musukoak egiteari, homologatutako oihalarekin. Denborarekin, Mujikaren esanetan, jende anitzak darama wax ohialeko musukoa soinean: “Azken batean, gure egitasmoa ezagutarazten lagundu dute musukoek”.

Azokak, loturak ehuntzeko

Puochi nah proiektuak ez du denda fisikorik, eta sare sozialetara jo behar du haiekin harremanetan jarri nahi duen orok. Tamalez, udak aberatsa behar zuen bikotearentzat, izan ere, azoka gehien egoten den urteko sasoia da. Saldu ez ezik, proiektua ezagutzeko eta sortzaileen arteko elkarreragina elikatzeko funtsezkoak dira horrelakoak; ekitaldi asko bertan behera gelditu arren, Mujikak nabarmendu nahi izan du herritarrek artisauak babesteko izan duten jarrera: “Jende asko kezkatu da gurekin. Pila bat eskertu dugu jasotako babesa. Kontzientziatua dago jendea.”

Gabonak ate joka diren honetan, “Gabonetako afro azokan” hartuko dute parte. Diziplina anitzeko artisauak eta sortzaileak batzen ditu azoka birutal horrek, jatorri afrikarrekoak guztiak. Hilaren zazpian ipini zen martxan, eta helburua da astelehenero sortzaile afrikarren negozioen berri ematea, bai ikusgarritasuna emateko, bai opariak egiteko ideiak proposatzeko. Mounpe eta Mujikaren txanda hilaren erdialdean izango da.

Inork gutxik zuen bikotearen berri duela hilabete batzuk. Baina jada asko dira beren produktuak soinean daramatzaten herritarrak. Afrikako kolorez margotu dituzte Urnietako zein inguruetako kaleak, eta bizitasuna eman diote pandemiak eragin duen egunerokotasun monokromoari.  Kamerungo lur zati bat ekarri dute Euskal Herrira, eta herritarrengana hurbildu, lehen aldiz bai, baina azkena izango ez delakoan.  Izan ere, Bamun herrian dioten lez, Puochi nah, bikote.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!