Goiburuko korrikalari bizia

Xabier Lasa 2020ko abe. 13a, 09:00

Goiburu bailarako Ezkerranea baserrian jaio zen Joakin Iraola Toledotxiki, 1931n. 1962an, Ezkerraneatik gertu dagoen Bekobarkaiztegi baserriko alaba Luisita Urdangarin Elosegirekin ezkondu zen, eta biak bertan bizi dira azken urtetan.

Goiburu auzoan Xoxokako jaiak iraganean nolakoak ziren kontatzen hasita, Migel Arrieta Legarralde baserriko semearen testigantza izan genuen kontagai Aiurrin joan den urrian (664. zenbakia). Bertan, korrika saioen berri ematen hasita, hiru korrikalari biltzen dituen argazkia argitaratu genuen. Otxotorena, Irazu eta Arrieta zirela jarri guk, eta hor non hanka sartu haietako batekin! Otxotorena ez, baizik eta Joakin Iraola, Ezkerranea baserriko semea izan hura!

Oraindik orain, Joakin Iraolak berak eman dizkigu garai hartako Goiburu auzoko jaien inguruko zenbait xehetasun, bere garaian Migel Arrietak egin zigun kronika aberastuz. Biek ala biek, une historiko zehatz bati buruzko erretratu polita eskaini digute, argigarria giza komunitate nekazari batek auzo-jaiak eta aisialdia nola ospatzen zituen jakiteko orduan. Hain zuzen, historian atzera, 1936ko gerraren minak eta oroitzapen mikatzak zein gosetea pittin bat gainditzen hasita zegoen garaitsura (40ko hamarkadaren azken urtetan eta 50eko hasieratan) eramaten gaituzte.

Harrobian istripu larria

Joakin Iraola Buruntzako harrobi zaharrean, Aizkibelen, urtetan aritu zen lanean. Hasi berritan, 24 urterekin (1955) istripu larria izan zuen: “Hondar gorria ateratzen genuen. Behin, harri galantak azpian harrapatu ninduen. Ni azpitik atera ezinik, eta inguruan ziren hamalau langileak denen artean harria gainetik kentzen saiatu ziren. Noizbait altxa zuten, eta hantxe, denak harria pultsuan zeukatela, zer da-eta, ni arrastaka tiratzeko pertsona falta! Berriz ere harria lurrean utzi behar! Orduan dena puskatuta geratu nintzen. Bigarrengo saiakeran atera ninduten azpitik… Hiru hilabete ospitalean egin nituen mugitu ezinik, kristo eginda”. Joakin osasunez hondatuta geratu zen geroztik, pelbisa, uretra… Dena hautsita, eta pittin bat erren.

Galera fisikoak betiko berarekin eramatera etsia hartu behar izan zuen arren, harrobian segitu zuen lanean, beste zenbait urtetan. Harrobiaren lur janak kasik Azkorteko Santa Krutz ermita zaharra jateko zorian egon zeneko hura ere egokitu zitzaion bizitzea, 1970a aldera. “Harrobia Andoain aldera hazten zihoan, eta goiko ermita zaharra jateko zorian zela, guk mugitu genuen goiko partetik behealdera. Gurutzea bakarrik mantendu zen zaharretik. Berria harrokiko nagusiak eraiki zuen, Udalak lurzorua erosi eta gero”.

Goiburuko jaiak, Sanmielen ostean

Belaunaldiz belaunaldi Hernanirako joera eduki arren, Joakinek eta ingurukoek beti eutsi izan diote goiburutar izatearen sentimenduari. Era horretan, eta soldaduskara joan aurreko urtetan, Joakin modurik naturalenean murgildu zen auzoko jaien antolakuntzan. Gogoan dituen zenbait jardun eta ekitaldien berri eman dizkigu. Nik 14-15 urte izango nituen gazte kuadrillan saltsan sartu nintzenean, eta hala ibili nintzen 1946-1952ko urte-boladan. Eusebio Orkaizagirre izaten genuen antolatzaile nagusia; soinujole, korrikalari, errifen bultzatzaile… Hark, Antsoko Antonio Lekuona panderojolea ondoan hartu, eta gazte guztiak atzetik eramaten gintuen. Igande arratsaldean Urnietako Sanmiel jaietako azken soinua bukatu, eta handik abiatzen ginen gure auzora Iruraingo kaskotik gora, horretara astelehenean goizean festari ekiteko”.

Urnietako Sanmieletako festa ofizialak kito egin bezain pronto hasten ziren Goiburu auzokoak, Errepublika aske moduan funtzionatzen zuen baserri auzoko jaiak alegia. Izan ere, bertakoen abilidade libreak kontatzen zuen jaiak antolatzeko orduan.

Behin, karroza bat eratzea erabaki zuten, eta Urnietako kaleetan desfilean ibili ostean igo ziren Xoxoka aldera. Ikustekoa izan omen zen Orkaizagirreren soinupean gazteek karroza gainean eskaini zuten ikuskizuna, txantxarako eta irrirako gogoa gainezka zituztela, eta Urnietako herritarren harridura eraginez. Gaur egun auzoko gazteek eskaintzen duten herri antzerkiaren aitzindaritzat jo ote daitekeen ekintza hura, nork daki!

Baserriz baserri diru eskean ibiltzea ere beharrezko erritua izaten zuten, festa giroa zabaltzeaz gain diru pixka bat biltzeko. “Urnietan goizeko 07:00tako meza entzun eta abiatzen ginen, Arantzubi baserrian hasi eta hortik behetik gora. Gu soinua joka sumatzen gintuztenean, neska gazteak leihora atera, eta sagar ustelak tiraka! Zelataka eta burlaka ere bai, eta orduan baserrietako ateetatik sartzen ginen, gelaz gela neska haiek harrapatzera…”.

Auzolana jaien antolakuntzan

Auzolanera ohitutako jendea izan da baserritarra, eta auzo jaietara ere eraman izan dute filosofia horixe. Baldintza kaskarretan jardun behar arren, festa antolatzeko ilusioa ezin baztertu zezaketen, Goiburuko gazte haiek. ”Orduan ez zen traktoretik ez kristorik, eta kioskoa, adibidez, Pardaki aldeko basotik bizkarrean edo arrastaka ekarritako enborrekin osatzen genuen, gainean toldo zaharraren bat jarrita; nonbait, galarazita zegoen zuhaitzak ebakitzea, eta behin, hor eduki genuen atzean Martin guarda kargua hartuz...”.

Beste gaiztakeria txikiren bat aitortu digu Joakinek: “Eusebio hori, behin, errifa jarri behar genuela eta jarri behar genuela esaka, gastutarako ez geneukala nahikoa-eta. Bada, galtzerdi parea eta bazkaria bi lagunentzat jarri genituen. Saldu gabeko zenbakiak zakuan bildu, eta haiekin zozketa egin genuen. Atera kontuak!”.

Egitarauan, denetik

Baserritik baserrirako erromeriaz gain, jai egitaraua bi ekitaldi motekin osatzen zituzten. Batetik, kultur ekitaldiekin (bertso saioa, dantza-sueltoa, dantzaldia…), eta bestetik, kirolekin (lasterketa, enbor-trontza, soka-tira, bolo-jokoa…). Baserriko animaliekin lotzen diren probetarako joera, berriz, geroztikakoa dela uste du Joakinek: “tabernan haserretu, pikea sortu, eta hortik hasi ziren ateratzen idi apustuak! Bateko idiak zirela, besteko behorrak zirela…, Xoxokako festak hazten eta irabazten joan dira urtetan!”.

Kultur kutsuko ekitaldiak hartu ditu hizpide Joakinek lehenbizi: “Alejandro Ubillos Pagoalerdi baserrikoa bertsozale amorratua zen, eta kiosko famatu hartara bertsolari bikainak ekartzen zituen, Uztapide, Basarri, Lasarte, Mitxelena…; horiekin saioa betetzeko, auzoko Migel Arrieta eta Aritzolabordako Anatx zaharra izaten ziren gehientsuenetan. Bestalde, dantza-sueltoko txapelketara Urnietatik bikoteak etortzen ziren, baina sekula ez ziren kapaz izaten Modesto Orkaizagirre eta Petronila Esnal auzotarrei irabazteko. Ilunabarrean dantzaldiaren txanda izaten zen, Los Alegres eta antzeko orkestinekin”.

Egunean zehar, gizonezko askok ahal zuten tarte libre guztietan boloen jokoan aritzen zirela ziurtatu du Joakinek; bera zen lehenbizikoa, “egundoko afizioa baineukan! Orduak eta orduak bolo-jokoan pasatzen genituen, Mainguanea etxeko bolatokian. Eta ilunabar aldera, boloetan nahikoa egin, eta musika sentitzen genuenean, nesketara!..”.

Mainguanea etxea izaten zen festa-zentroa, “bertan musikariak eta bertsolariak lotarako aukera edukitzeaz gain, jan-edana ere izaten zuten. Mostradorean bost litroko ardo barrika jartzen zuten eta handik baxoerdiak ateratzen ziren. Baina ez zen eztarriak freskatzeko toki bakarra izaten; batetik, orain Adarra deitzen den hori, lehen Goiko-Borda edo Xoxoka-zaharra zena irekitzen zuten; han bertsolariei afaltzen ematen bazieten, eta horiek kantari ekiten bazioten, entzulez lepa-hezurreraino jartzen zen! Besabin ere, bertako nagusiak atarian mostradorea jarri, eta barruko ukuilua jantoki gisa prestatzen zuen”.

Lasterketarako afizio handia

Lehia, grina, norgehiagoka, sesioa… zeukaten kirolek ziurta zezaketen arrakasta Goiburu auzoan; esan beharrik ez gizonezkoentzat gordeta zegoela aisialdi klase hori. Kirol guztien artetik, garai hartan korrika zela punta-puntakoa iruditzen zaio Joakini. Ziurrenik, nor den gehiago erakusteko orduan, erraztasun handienak ematen dituen kirola delako. Norbera bestearen aurka, tresna edo animaliarik behar ez duena (beharrik ez aizkora zein egurrik, sega zein belarrik, idi zein probetarako harririk…). Zango parea edukita arin eta hauspoa ere berdin, hortik aurrera… Apusturako ere, aski bi aldeak adostea!

Joakinek txikitan ezagutuak zituen emozioz beteriko norgehiagokak Marizuloko Fermin Txapartegi, Etzabalberriko Juanito Sarasola eta Zuloetako Martin Rekalderen artean. “Bestalde, aita ibilitakoa zen apustu kontuetan sesioa zeriola, eta behin gertu-gertutik bizi izan nuen Andoaingo Aldasoro Bentaberri eta biek Elketa baserriko Joxe Esnaolaren aurka jokatu zuten desafioa. Haiek ziren, haiek, aitak egin zituen entrenamenduak! Etxe ondoan zirkuitua egina zeukan, eta han ibiltzen zen bueltaka; iratzargailu bat erabiltzen zuen denbora neurtzeko, kronometroaren ordez. Kaletxikiko Berrozpe etxetik Beltranenera joan-etorria zen akordatu zutena; eta ilunabar batean, aitak Bentaberrirekin hitz eginda zeukan entrenamendura eraman ninduen Kaletxikira. Auzo hartako Loidi automobila gidatzen, eta bi korrikalariak lagun zituela. Bat automobilean eta bestea korrika, txandakatzen, nire kontra. Kaletxikitik abiatu eta Urnieta aldera jo genuen eta atzean utzi nituen. Apustu eguna etorri bezperan, ordea, galarazi egin zieten errepideaz egitea, eta azkenean, Kaletxikiko Berrozpe etxeari itzuliak egitera konformatu behar izan zuten hiru apustulariek. Bikotea gailendu zen”.

Joakinek, ordurako bazekarren korrikarako joera. “Aipatu apustu horren aurretik, 15 bat urte nituela, arratsalde batean, aitak anai bati eta bioi baldintza jarri zigun: jaietako lasterketan parte hartzekotan, lehenbizi berari aurrea hartu beharko geniola, etxetik abiatu eta goiko kaskora. Irabazi egin nion, eta hala lortu nuen libertatea Xoxokan aritzeko. Urnietako herritik etortzen zirenak batuta, igual 40 gazte bilduko ginen lasterka; etxe guztietan ume mordoa izaten baitzen! Xoxokatik atera eta Ormatzarreta aldera egiten zen zirkuitua. Horrela, infantilen mailan, bi urtetan irabazlea izan nintzen, Migel Arrieta atzetik izanik; zazpi pezetako saria jaso nuen orduan. Hirugarrengo urtean, Orkaizagirre, Arrieta eta hirurok azken aldera pare-parean heldu ginen. Elkarrekin iristea pentsatu genuen bidean, baina hor non Orkaizagirre hasi zen kristoren abailan azken metrotan! Nik bere parean jartzea lortu, ordea, eta azkenean, hark irabazi zuela eta nik irabazi nuela! Haiek istiluak, nor gailendu zen jakiteko!”.

Laugarren urtean, festa handia antolatu zuten Xoxokako plazan, jendea erruz erakarri zuena: Joakin eta Migel Arrieta batetik, eta Gipuzkoa mailan azkarrena zela erakutsia zuen Patxi Irazu Garro andoaindarra bestetik. Arrietak Aiurriko aipatu zenbakian kontatu zituen orduko gora beherak.

Gustura aritu zen urte haietan korrika Joakin; bide horretatik zailtzen segi zezakeen, baina uztea erabaki zuen soldaduskatik igaro ostean. Eta ez da damu. “Pena bakarra sentitzen dut, ez korrika ezta bolotan ere, sekula kopa xixtrin bat irabazi ez izana”. Soldaduskan zela, Zikuñagako festetan bolo txapelketan irabazi zituen 43 duroek eragindako poza, kopa batek gaindituko luke Joakinengan ziurrenik…

Sokatiran, trontzan, harri jasotzen…

Herri kiroletan zernahi egokia izaten zen gazteen arteko indar eta abilitate neurketak egiteko, eta bide batez, auzotarren interesa pizteko eta auzo-jai bizi-biziak antolatzeko.

Sokatiran, konparazio batera, Goiburuko mutilek ondoko Lategi bailarakoekin eduki zuten behin xextra galanta, Xoxokako plazan, 1950ean. Nork bere bailararen ohorea jokoan balego bezala aritu omen ziren indarka bi taldeak, ikusle mordoa garrasi batean animatzen zuten bitartean. “Aldapan egin zen desafioa. Aurreneko tiraldian, 45 segundoren ondoren nagusitu ginen. Bigarrengoan, ordea, Lategikoak bizkor ibili ziren, eta tiraka hasi, gure taldea oraindik preparatzeko zegoela! Hamar segundo nahikoak izan zituzten gu arrastaka eramateko. Martin Aldanondo zen jueza, eta harekin haserre bizian jardun genuen, baina alferrik! Lategikoak irabazle”.

Trontzan ere, bikote batek besteari desafioa luzatzearen “formulak” ez zuen hutsik egiten. Joakinek dio, umetan, sonatua izan zela Altzibarko Mariano eta Nikolas Lasarte anaiek Goizuetako bi mutilen aurka egindako indar neurketa bikoitza; Xoxokan lehenbizi eta Tolosako zezen plazan bigarrena. Nafarrak irabazle bitan. Geroztik, makina bat norgehigoka jokatu izan dira Xoxokako plazan, eta Urnietako Erretratu Zaharrak liburuko (Iñistorra eta Larramendi Bazkuna, 2006) argazki eta testuak dira horren erakusle. 

Harri jasotzeari ere beti zor izan zaio errespetua Goiburun jaietan, gaur bezainbat iraganean. “Donostiako San Martin kalean zegoen sagardotegitik harritzar bat ekarri genuen Xoxokara, eta Antsoko Bixente Elizegi eta Legarraldeko Nikasio Arrietaren arteko apustu ikusgarria antolatu, auzotarren txoramenerako. Egia esan, harritzarrak joko handia eman zuen egitarau ofizialaz aparte, izan ere, gauetan, zurruta pixka bat egin ondoren, gazteak hasten ziren desafioka, nork altxatu, nork ez. Behin, auzoko kankailu batek, harriari heldu bai, baina saiatu arren ezin eta ezin, eta azkenean, hor erori dira biak lurrera, ziplo! Urnietan ere adituko ziren egoerak eragin zituen algarak!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!