Urnietan errepresio frankistaren kronika, bi liburuetan

Xabier Lasa 2020ko abe. 17a, 14:04

Urnietan iraganean gertatutako giza eskubideen urraketen kronika bi liburuetan jaso dituzte. Joan den ostiralean aurkeztu zituzten, Saroben egindako ekitaldian. Iraitz Arizabaleta historialaria da bere egilea. Arantzadi elkarteak bideratu du argitalpena, Urnietako Udalaren enkarguz.

 

Bi liburuak salgai jarri dituzte jada, 10 eurotan. Hiru tokitan eskura litezke: Bertan herritarren arreta bulegoan, Urnietako Udal liburutegian, eta Elkar liburu dendan (dendatan) eta baita online bidez Elkarren webgunera sartuz.

Jorge Segurado Urnietako alkateak, Mikel Pagola zinegotziak eta Iraitz Arizabaleta historialariak aurkeztu zituzten “Urnieta, 1936-1945 Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan” izenburuko bi liburukiak. 

Ekitaldian, Aukeran Dantza konpainiak bi dantza saio eskaini zituen, Edu Murumendiaraz koreografoaren zuzendaritzapean. Memoria historikoa ardatz duen “Gernika, Mihise gaineko dantza” ikuskizuneko bi zati taularatu zituen konpainiak, hain zuzen. Urnietako hainbat dantzarik osatzen dute ospe handiko dantza taldea.

Dantzariak, ezker-eskuin: Claudia Talavera, Unai Iraola, Uxue Sanchez, Maier Muruamendiaraz, Unai Balerdi, Ane Etxeberria, Danel Serrano, eta, Nahikari Sanchez.

 

Seguradok adierazi zuen Urnietako eta urnietarren memoria historikoa berreskuratu, eguneratu eta ezagutarazteko helburua dutela liburuek, eta, aldi berean, “gertatu zenaren egia zabaldu nahi dute, mundu guztiak ezagutu dezan eta memoria kolektiboaren parte izan dadin”.

Saroben bildutako entzuleei gogorarazi zien sasoi hartako Urnieta herriak ondo bereizitako bi gune zituela. “Alde batetik, gaur egungo hirigunea eta hura inguratzen duten lau auzoetako baserriak (Goiburu, Lategi, Ergoien eta Oztaran); bestetik, Oria auzoa eta Oztaran auzoaren mugakide zen landa-lur guztia”. Bukatzeko, errepresioa modu anitzera sufritu zuten urnietarrak goraipatu zituen, Oriako langile-auzokoak bereziki.

Mikel Pagolak liburuek non duten sorburua azaldu zuen. “Bizikidetza batzarreko presidentea zen Maribel Vaquerok gidatuta, eta Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien aldeko jarrerarekin Urnietan ere denbora askoan isilik egon eta gero, garaia bazela erabaki zen”.

Aranzadik egin duen lan sakonari esker informazio zabala publikatu dela erantsi zuen Pagolak. “Sufrimendu asko pairatu behar izan zuten urnietarrek eta guztiek aitortza publikoa merezi dute, eta hori lortzen saiatu gara liburuekin”.

 

Hiru ataletan banatuta

Iraitz Arizabaleta historialariak liburukiak hiru ataletan banatuta daudela azaldu zuen. “Lehenbizi, Urnietako testuinguru historikoa azaltzen da, 1931tik 1936a arte, gerrak eztanda egin arte. Bigarren zatian, gerra zibileko gertakizun belikoek Urnietan eta urnietarrengan izan zuten eragina aztertzen da. Eta azkenik, hirugarren zatiak, behin armada frankistak Urnieta bereganatu ostean ezarri zuen erregimena jorratzen du, urnietarren aurka burututako errepresioa eta giza eskubideen urraketak aztertzen dira. Horretarako, Marijo Henriquesek zuzentzen duen Urnietako Artxiboa ezinbestekoa izan da Urnietaren bilakaera soziopolitikoa zein errepresioan ikertzeko unean”.

Ikerketa prozesuan hainbat metodologia erabili izan dituela adierazi zuen. Era horretan, artxiboetako agiriez gain, testigantza pertsonalei garrantzia eman zien: “Giza faktorean sakondu nahi izan da, eta garrantzitsua izan da sasoi hura bizi izan zutenen pertsonen bizipenak jasotzea. Ez baita aski kontaketa historikoa egitea eta agiritegietako ondarea argitara jartzea; oinarrietara jo behar da, eta herritarren gertuko gora beherak jaso behar dira”. 

Urnietarren oroimen kolektiboan bi liburuak argitaratzea lehen pausotzat jo zuen Arizabaletak. “Ikerketa historikoari gertatukoa ezagutaraztea dagokio. Justiziaren eta erreparazioaren atalak beste esparrukoak dira, baina biek horiek gertatutakoa jakitea eskatzen dute aldez aurretik. Ezagutzarik gabe ezinezkoa ondoren doazen beste bi printzipioak ulertzea”.

Bi liburukiek ehunka urnietarren egoera anitzetan bizi eta pairatutako gorabeherak jaso dituzte; hilketak, epaiketak, kartzelaldiak, fronteko borrokaldiak, langile batailoiak, ile mozketak, isunak, exilioa, ondasunen errekisak…). Gainera, zapalketa jasandako herritar horietako asko eta asko kasik berrehun irudiez osatutako argazki sortan topa daitezke. 

 

1936ko Gerra, Urnietan haur izandakoen begietatik

Nati Garmendia

Nati Garmendia Ubillosek sei urte eta Agurne Arizmendi Txapartegik bi urte eta erdi zituzten faxistek 1936ko uztailaren 18an kolpe militarra eragin zutenean. Adi-adi jarraitu zuten aurkezpen ekitaldia Saroben, eta aski ezagunak egin zitzaizkien bertan aipatu zituzten gora behera ugari, baita izendatu zituzten biktimak. 

Nati Garmendiak, familiarekin batera, urnietar askok osatu zuten ebakuazioan parte hartu zuen. “Frankistak Urnietan sartzera zihoazela-eta beldurra zen bazterretan, eta guk Aiako Gaztañaga baserrian hartu genuen aterpe, hamabost bat egunetan. Gu sei ginen: gurasoak (Alejandro eta Rikarda) eta lau ume, Maria (1922), Joakina (1923), Jose (1925) eta neu (1929). Hogei bat lagun baserrian bizitzen! Bertako bi bikote, bost ume, bi anai-arreba ezkongabeak, izeba-osaba, eta gu seiak. Oso familia zintzoa bilatu genuen Aian; guregatik edozer egiteko pronto zeuden, eta ukuiluan belar artean lo egiten zuten, guk ohea eduki genezan. Dena bukatu, eta handik urtetara ere harremana mantendu genuen Aiako familia harekin.

Gurasoek Txapelania taberna edukitzen zuten errepide nagusiko kalean Urnietan, eta ama egundoko sukaldaria izaten zen. Era horretan, Aiako baserrian ederki jan genuen; egunero zopa, babarrunak eta baita txipiroiak; izan ere, baserri bertako amona ausarta zen, eta egunero Oriora jaisten zen enkarguak egitera. Egia esatea nahi baduzu, hamabost egun haiek oporrak balira bezala bizitu izan nituen, abentura batean ibili izan bagina bezala! Zer den umea izatea! 

Urnietan bake pixka bat berreskuratu zela eta, itzuli egin ginen berriro. Hura kuxiedadea tabernan! Dena hustuta topatu genuen, dena lapurtu ziguten! Bestela, guri ez ziguten kalterik egin, baina bai auzoko batzuei: betirako ezkutarazi zuten Trino Olaizola gaztea ere ezagutu genuen. Gero, urteak aurrera joan ahala, gure ahizpetako bat Txomin Barkaiztegirekin ezkondu zen, eta orduan hasi ginen jabetzen Barkaiztegi familiak zenbat sufritu zuen: aita eta seme bat fusilatuak, eta ez dakit zenbat anai kartzelan edo Iparraldean ihes eginda”.

 

Agurne Arizmendi

Agurne Arizmendik lau urte eta gehiago igaro zituen aitaren arrastorik gabe. “Frankistak Urnietan sartu aurretik, hiltzera zihoazen herritarren zerrenda zabaldu omen zen. Gura aita abertzalea zen, eta behin esan zioten: zerrendan omen zaude, eta hobe dezu alde egiten baduzu! Apuratu, eta Iparraldeko bidea hartu zuen Etxalarko mendietan barrena. Etxean azaldu gabe lau urte pasa zituen horrela. Bien bitartean, gure ama, bi ume (Josebe eta biok) besoetan hartu eta amonaren etxera lasterka, Marizulo baserrira! Amak, tarteka, guardia zibilen bixita jasan behar izaten zuen, señora, dónde está su marido galdezka. 

Marizulon bolada eginda, etxera itzuli ginen. Natiren familia eta gurea konfiantza handikoak izaten ziren, eta nik haien etxean denbora asko pasatzen nuen. Natiren aita, nire aitatzat hartuta neukan kasik, eta noizbait gurea Urnietan azaldu zenean Iparraldeko babesa utzita, orduan esan zidaten “hau da zure aita!”. Baina nik ezetz, nire aita Txapeleneko Alejandro zela!

Gure etxeko sukaldean inoiz ez ziren aipatzen gerra garaiko kontuak. Dena “ixo!” izaten genuen. 

Zer esan eta zer ez jakinda kontuz ibiltzeko urteek asko iraun baitzuten Urnietan, galdu zutenen etxeetan batez ere. Nolanahi ere, goiz ala berandu, jakin genuen aitaren hiru ahizpei (Gloria, Margarita eta Maria) nola moztu zieten ilea, nola isurarazi zieten olio errizinoa eta nola derrigortu zituzten egunero-egunero Andoaingo komandantziara joatera sinatzera, Alkain hiru ahizpei bezalatsu”.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!