Bertso saioa eta antzerki emanaldia Saroben, Gabonetan

Aiurri 2020ko abe. 18a, 10:35

Abenduaren 26an "Baldin Bada" ikuskizuna, eta abenduaren 27an bertso saioa.

Urte amaierak emango dizkie urnietarrei kulturaz gozatzeko zenbait aukera. Izan ere, ikuskizun bat eta bertso-saio bat antolatu dira hilaren amaierarako. Biak ala biak lehenago egitekoak ziren, baina atzeratu egin behar izan zituzten, egoera epidemiologikoa dela-eta.

Umorezko ikuskizuna abenduaren 26an

Lehen hitzordua, abenduaren 26an izango da, larunbatean. Urnietako udalaren eskutik, zirkua ekarriko du Sarobe arte eszenikoen gunera Shakti Olaizola artistak. “Baldin bada” du izena ikuskizunak eta margolari baten zein musikari baten abenturak izango dira oinarri obran. Kontortsio eta akrobaziak ez ezik, umoreaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango du bertaratzen den orok. Gainera, zuzeneko musikak girotuko du, Joseba Negrok, hain zuzen ere. Kaleko ikuskizun formatukoa bada ere, Saroben egingo da ikuskizuna.

Bertso saioa abenduaren 27an

Bigarren kultur-ekitaldia egun bat beranduago izanen da, hilaren 27an, igandean, 19:00etan. Poxta Zaharrek errimez beteko du Sarobe, Irati Zinkunegik gidatutako bertso-saioan; kantuan Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal izango dira.

Sarrerei dagokionez, abenduaren 26ko ikuskizunerako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Saroben eta Bibe.me webgunean ere. Bertso-saiorako gonbidapenak ere Saroben har daitezke, dagoeneko.

Hitzordu berriak egonez gero, horiek Aiurri.eus webgunearen eta sare sozial ezberdinen bitartez zabalduko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!