Erremontea

Ansa eta Aizpuru azpitxapeldun erremonteko Binakako txapelketan

Akatsak, tanto ikusgarriak eta partida borrokatua. Final polita jokatu zen ikuslerik gabeko Galarreta frontoiean. Urrizaren esperientziak eta Labakaren segurtasunak garaipenera bideratu zien.

Urriza eta Labaka dira binakako erremonteko txapeldun berriak, finalean Ansa II-ri eta Aizpuru III-ri 40-31 irabazita. Gorriek indartsu ekin zioten norgehiagokari eta hasieran lortutako zazpi tantoko abantailari eutsi zioten. Bikote urdinak ez zuen partida ondo hasi eta, ondoren, finalari beste aurpegia erakusten saiatu ziren, baina akatsak garesti ordaindu zituzten.

Urrizak seigarren txapela eskuratu du eta guztiak atzelari ezberdinekin irabazita. Atzelari azpeitiarrak aurten egin du debuta txapelketa nagusian eta maila bikaina erakutsi du. Labaka izan zen finalean maila onenetik gertuen egon zena eta gainera lasai egon zen, urduritasunik gabe. Iruindarrak ez zuen bere partidarik onena egin erasoan, baina defentsa ikaragarria erakutsi zuen.

Ansa-Aizpuru bikotea urduri egon zen, hasieran batez ere. Artegatasunaren ondorioz 12-4 galtzen hasi ziren, alde handia Urrizaren aurkako partidari bira emateko. Desabantaila murrizteko ahaleginak egin zituzten arren, ez ziren bost tanto baino gutxiagora hurbiltzen. Aizpuruk bi sake falta ere egin zituen eta Ansaren akatsek ez zieten gehiago hurbiltzen uzten.

Gorriak indar gutxiagorekin iritsi ziren amaierara eta bikote urdina lau tantora hurbildu zen (34-30). Txapelketako finalera arte ez zuten partidarik galdu, baina norgehiagoka erabakigarrian ez zuten maila erakutsi.

Finalean Urrizak 15 tanto eta bi akats egin zituen, Labaka bikain aritu zen lau tanto atera eta 6 tanto egin ondoren. Urdinetan, berriz, Ansak tanto asko egin zizkien erasoan, baina behar baino akats gehiago egin zituen. Aizpuruk ez zuen aurreko partidetako maila erakutsi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!