Dantzan hasiko dute urtea Urnietan

Alba Cabrera Jauregi 2021ko urt. 8a, 09:25

Gogoz hasi du Egape dantza taldeak urte berria. “Egun garelako” eta “Almanakea” emanaldiak ikusteko aukera izango dute herritarrek bihar eta etzi. Sarrerak jada eskuragai daude Sarobe arte eszenikoen gunean.

2020. urtea zamatsua izan bada ere, ez da oztopo izan Urnietako herritarrentzat euskal dantzaz gozatu eta gozarazteko. Denbora luzez egon dira itxita aretoak, eta aukera mugatua izan dute dantzariek biltzeko eta entseatzeko. Hala ere, Egape dantza taldeak urteroko konpromisoari eutsita, bi emanaldi egingo ditu bihar eta etzi taldeko dantzari gazteen eskutik. Bi ikuskizun izango dira eguneko, bata bestearen atzetik, 18:00etan eta 19:30ean.

“Egun garelako” emanaldian egunerokotasuna irudikatzea izan dute oinarri, eta eguneroko bizipenak atzemango ditu ikusleak bertan, gorputzaren mugimenduaz adierazita. Esanahi zabaleko izenburua ipini diote arratsaldeko 18:00tako ikuskizunari: batetik, eguneroko ekintzek nortasuna eraikitzen dutelako; bestetik, pasa den urteak utzitako korapiloak korapilo, tinko jarraitzen dutelako. Beraz, erraz identifikatuko dituen egoerekin egingo du topo bertaratuko den orok.

Bestalde, “urtean ospatzen diren usadioen ibilbidea” kontatzen du “Almanaka” 19:30eko ikuskizunak. Bertan, hilabete batetik bestera salto egingo du ikusleak, musikak eta dantzak gidatuta. Joan den urteko irailaren 19an aurre-ekoizpenaren erakustaldia egin zuten udal pilotalekuan. Asteburu honetako hitzorduan, emanaldia osorik ikusteko aukera izango da. Gainera, dantzariek ez ezik, beste hainbat gaztek kolaboratu dute proiektuan: besteak beste, Lear taldeak, Maialen eta Jone Izagirre ahizpek eta Naroa Agirrek doinua ipini diete Aiatz Hernaniren bertso idatziei.

Ostiraleko emanaldia gonbidapenarekin izango da, eta, aldiz, larunbatekoa herritarrei zuzenduta izango da. Azken horretara joateko sarrerak jada eskuragai daude 3 euroan Saroben. Egunean bertan ere erosteko aukera izango da txarteledegian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!