"Erradikalak ginen" antzezlana izango da Saroben

Aiurri 2021ko urt. 13a, 12:08

Pandemiak kultura-sektorea gogor jo arren, indarrez ekin diote Urnietan Sarobe hitzorduz betetzeari. Hala, "Erradikalak ginen" emanaldia ikusteko aukera izango da ostiralean, arratsaldeko 19:00etan. Pasa den urterako antolatu zuen Poxta Zaharrek, baina egoera epidemiologikoa medio, bertan behera gelditu zen. 

Feminismoa, bertsolaritza eta umoregintza ardatz dituen obra da "Erradikalak ginen", Ane Labaka bertsolariaren eta Beatriz Egizabal umoregilearen eskutik plazaratua. Proiektu eszeniko baten bigarren zatia da honakoa: lehenik, "Erradikalak gara" taularatu zuten, eta orain bi urte, "Erradikalak ginen". 

"Neska gazte promesa etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz," eta beste hainbat kontuz mintzo dira obran: "Feminismoa zehar-lerrotzat hartuta eta umorez. Umorez, beraz, serio".

Gonbidapenei dagokionez, eskuragai daude jada Sarobe arte eszenikoen gunean. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!