[ERRADIKALAK GINEN, GAUR SAROBEN]

“Konplizitate handia dugu, eta oholtza gainean nabari da hori”

Alba Cabrera 2021ko urt. 14a, 13:10

Aiurrik Beatriz Egizabal pailazoa eta kontalaria elkarrizketatu du. Pandemiak kulturgintzan utzitako ajeari aurre egiteko ahaleginean, “Erradikalak ginen” obra izango da Saroben ostiralean arratsaldeko 19:00etan hasita.

“Feminismoa bai, baina batzuk pasa egiten dira, erradikalak dira”. Uste horri erantzuna ematea du helburu Beatriz Egizabal Lasarte-Oriako umoregileak Ane Labaka bertsolariarekin elkarlanean sortutako proiektu eszenikoak. Barre algaretatik bata; errimetatik bestea. Hala, seriotasunaren eta umoregintzaren arteko elkarrizketa posible dela frogatu dute “Erradikalak ginen” antzezlanean. Hainbat gaiez mintzo dira taula gainean: gorputzeko aldaketez, sexualitateaz, eta zahartzeaz, tartean. Nor bere eskarmentutik, esparrutik eta errotik, “erradikaltasunetik”.

“Erradikalak gara” sortu zenuten lehenik, eta jarrain etorri zen “Erradikalak ginen”. Lehen lanaren arrakastak eragin zuen bigarren ikuskizuna egiteko beharra?

Hori da. Ez genuen hasieratik aurreikusita beste ikuskizun bat egitea. Baina harrituta gelditu ginen hasieratik, ez baikenuen espero izan zuen harrera ona. Zerbait duina egin nahi genuen lehen ikuskizunean, eta duina zela argi gelditu zen publikoaren erantzunari erreparatuta. Biak gara urte luzez oholtza gainean aritutakoak, baina ikusten genuen emanaldiaren bukaeran zerbait berezia gertatzen zela. Uste dut asmatu egin genuela formatuarekin eta horri eman genion emozioen bidearekin. Hortik sortu zen jarraitzeko gogoa, izan ere, ikusten genuen formula hori ez zegoela amaituta.

Horrelaxe zenioten “Erradikalak ginen” obraren iragarpenean: “Bigarren aldiak inoiz ez direla onak izaten esaten dutenei aurka egitera gatoz”. Lortu al duzue ustea apurtzea?

Nire ustez bai. Noizbait utzi behar diozu lehen ikuskizuna egiteari, eromena baita bestela. Kosta egin zitzaidan niri, beldurra sentitzen nuen. Hainbeste gozatu nuen lehenarekin, non sentitzen nuen bigarrena bestelakoa izango zela. Hala ere, “Erradikalak ginen” emanaldiarekin sentsazio berberak ditut. Eduki aldetik, osatuagoa dago bigarrena. Lehen lanean feminismoa landu arren, bertsogintzaz eta euskalgintzaz ere jarduten ginen, besteak beste. “Erradikalak ginen” ikuskizunean, ordea, feminismoan dauden askotariko eztabaidek hartzen dute indarra.

Gai-zerrenda luzea mahaigaineratzen duzue obran.

Hamaika gai ikutzen ditugu ikuspegi feminista batetik, alegia, bi emakume feministen begietatik. Guretik egindako ikuskizuna da; geure buruari barre egitetik abiatzen gara, baita gure kontraesanetatik ere.

Oro har, seriotasunari zein errimei eusten die Labakak. Aldiz, umoretik hitz egiten duzu zuk obran. Nola uztartu itxuraz kontrakoak diren bi aldeak?

Barrenetik atera zaigu eta funtzionatu du. Badirudi ez baduzu sufritzen sortze-prozesua ez dela emankorra izango. Baina guk ez dugu sufritu, oso ondo moldatu gara hasieratik. Gainera, ez da bakarrik eduki kontua. Aneren seriotasunak, umorearen kontrapuntuak, oso ondo funtzionatzen du. Behar bada, formula bera ez litzateke egokia izango beste bi kiderekin. Konplizitate handia dugu, eta oholtza gainean nabari da hori.

Erronka handia al da gai sakonak umoretik jorratzea?

Erronka da, bai. Ipuin-kontalaritzatik eta clown mundutik nator; bertan, umorea zehar-lerroa da, seriotasunari buelta ematen zaio. Nolabait hori da nire lan tresna, baina erronka handia da, muga fin batean kokatzen zarelako. Clown-a egin izana oso lagungarria da niretzat, zeren ikuspuntu horretatik, inozentziatik, gauza asko esan baitaitezke. Sudur gorria kenduta, jabetu naiz esaten ditudan hitzetan dudala indarra. Beraz, bada erronka, baina hogei urte daramatzat prestaketan.

Parez pareko edota behetik gorako umorea egiten duzue obran, ezta?

Hori da aurretik aipatutako muga fin horretan aritzeko gakoa. Kritika gogorrak egin ditzakezu zeure buruari barre eginda; are gehiago, publikoan, gizartean dauden jarrera asko kritikatzeko aukera ematen dizu horrek. Baina zure zilborretik egiten duzunez, zailagoa da inor mintzea. Bestalde, behetik gora egindako umorea
ere oso inportantea da: guztiaz egin al daiteke barre? Egin, guztiaz egin daiteke barre, baina umorea nola eta nondik egiten duzun da gakoa. Botere-harremanak daude tartean: behean dagoenak noski erabil dezakeela umorea, iraultzailea da; ordea, boterea duenak behekoari barre eginez gero, zapaltzailea da.

Barre algarak entzuten dira ikuskizunean, baina bada deseroso sentitzen denik.

Jakina dela helburuetako bat. Publikoa deseroso sentitzen da gu geu ere horrelaxe sentitzen garelako hainbat gai landuta; esaterako, intersekzionalitatea jorratzean deseroso sentitzen naiz eta sentimendu hori publikoak berak sentitzea dut helburu; zeren arazo bat baita, baina are arazo larriagoa da horrelako gai batekin deseroso ez sentitzea. Hausnarrarazi egin nahi diogu jendeari, eta umoreak badu pisua horretan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!