Oholtzara igo aurreko urduritasuna eta tentsioa ahaztuta izango duenik egongo da tartean, baita publikoaren txaloak eta txistuak faltan botatzen dituenik ere. Kultura hala moduz “oparitu” zen hilabete luzez, gutxietsi; lehenagotik ere halaxe gertatu ohi zen maiz.
Hala ere, amore eman ez, eta murrizketek utzitako zirrikituetatik loratu dute kulturgileek beren sortzeko grina.
Egape dantza taldeak ere ez dio uko egin nahi izan urteroko hitzorduari. Hobe berandu ezer baino lehen. Hala, bina emanaldi egin zituzten urtarrilaren 8an eta 9an Sarobe Arte Eszenikoen gunean. Lehena “Egun garelako”, dantza taldeko gaztetxoen eskutik. Bigarrena “Almanakea”, beteranoenek ondutakoa. Hilabetetako etenaldiaren eta azken orduko entsegu ordu luzeen ostean, azkenean, iritsi zen estreinaldia, jendaurrean aritzeko tenorea, iazko zamak orpo-puntetan arintzeko beta.
Egunero hasten delako
Eñaut Elorrietaren "Hegoak astindu" kantuaren doinupean sartu dira hamar gorputz lurretik arrastaka. Eta bizitzaren lehen arnasaren gisan egin dute dantzan, zuriz jantzita; sartu bezala irten dira oholtzatik banan-banan, dantzari bakarra gelditzeraino. Argiak itzali dira eta belarriak zulatzeko adina jo du iratzargailuak. Ametsa eten dio dantzariari; txapinak jantzi bezain laster hasi du jarduna, bizitza.
Egunaren irakurketa egitea du helburu “Egun garelako” emanaldiak, eta June Garcia taldekideak aitortu du horren sorkuntzari premia batetik abiatuta ekin ziotela: “Itxialdi luzearen ostean, konturatu ginen dantzatzeko beharra genuela”. Hala, buruari eta gorputzari eragin eta egun bateko kronika islatzea lortu dute ikuskizunean. Lan errepikakorra eta mekanizatua irudikatzeko mugimendu motzak zein finkoak, eta saltoak eta algarak estresaren osteko atsedena ospatzeko. Ardurak txostenak, eta deiak, batetik; eta arnasaldia, bestetik. Publikoarekin konektatzea erraza izan dute, zeren, uneren batean edo bestean, nork bere burua islatuta ikusi baitu dantzarien mugimenduan. Ez dira txistuak falta izan, ez eta txaloak ere. Ikuslea ikuskizunaren parte bihurtu, eta beraien artean dagoen konplizitatea nahiz giro atsegina zabaldu dute antzokian dantzariek.
Gorputzen mugimenduaz gain, musikaz ere bada zer nabarmendua. Euskal dantza eta dantza garaikidea uztartu dituzte, egungo abestiak erabilita. Eskusoinua eta irrintziak ez ezik, erakutsi dute badirela dantza musikatzeko hamaika modu, Izaroren ahots hauskorretik hasi eta Ziribulioren musika elektronikora bitarte. Esanahi zabaleko izenburua du ikuskizunak. Garciak dionenez, batetik, eguneroko ekintzek nortasuna eraikitzen dutela eman nahi izan dute aditzera; bestetik, pasa den urteak utzitako korapiloak korapilo, tinko jarraitzen dutela adieraztea izan dute helburutzat: “Ziklo gisa irudikatu dugu, esnatu bezala jaio egiten zara; eta lo hartu bezala, hil”. Hasi eta amaitu egiten da eguna; emanaldiak ere halaxe egin du, argiak piztu eta itzali, oihal gorria berrio ere noiz irekiko zain.
Hamabi geldialdiko bidaia
Gauerdiko hamabiak jo dute puntu-puntuan, urte aldaketaren iragarle. Oholtza ilunpean. Abesti batek hartu du agertokia, hain zuzen, iaz irratian eta telebistan sarri (gehiegitan, akaso) entzundako kantuak. “Resistiré, para seguir viviendo, soportaré los golpes y jamás me rendiré…”. Estrobo led argiek oholtza argiztatu dute aldizka, eta dantzariak libreki mugitu dira, dantzaleku batean lez.
Urteko egun guztiak barne hartzen dituen erregistroa edo katalogoa da Almanakea; hilabeteka banatzen da, eta datu astronomikoak eta ospakizun erlijiosoak zein zibilak ditu oinarrian. Hamabi hilabete ditu urteak, eta dantzariek ere hamabi geldialdiko ibilbidea irudikatu dute ikuskizunean. Irati Igiñitz taldeko kidea da: “Saiatu gara aldi bakoitzari dagokion bizitasuna gorputzaren mugimenduaz adierazten”. Dantzariek ez ezik, hainbat musikarik ere utzi dute beren aletxoa ikuskizuna egiteko:besteak beste, Lear taldeak, Maialen eta Jone Izagirre ahizpek eta Naroa Agirrek doinua ipini diete Aiatz Hernaniren bertso idatziei.
Hala, urtearen hasieratik abiatu dute kontakizuna, eta ikuslea sagardotegi batean kokatu “Kupela” taldearen erritmoan eta sagardoaren balantzapean. Baserritar zapiak eta euskal txapelak, ordea, balio dute beste usadio bati gorazarre egiteko. Bularra moztu zioten emakumea, Ageda, izan dute gogoan, makilek lurra kolpatu orduko. Euskal Herriko etxeko atari guztietara iritsi da burrunba, diruz eta oinetakoz oso aberats ibili ez arren, eztarriz sano dauden eta gogoz kantatu nahi duten horien eskutik.
Igantziko ihauterietatik igarota, udaberrira egin dute salto, hots, zelaiak koloreztatzen eta hitzordu elizkoiek garrantzia hartzen duten unera. Prozesioan atera dira bata bestearen atzetik, erramua eskutan eta santua sorbaldan. Alabaina, irudikatu dute gurutze kristauaren ifrentzua: San Joan sua eta sorginkeria. Urteko gaurik luzeenak ematen dio hasiera gurean udari. Herriko jaietako erromeriek girotzen dituzte hilabete beroenak, eta fandangoetan eta arin-arinetan igaro dituzte dantzariek harik eta eguzkiaren lehen izpiek etxeratu beharreko ordua dela iragarri arte. Eta urnietarrentzat uda bukaerak ezer ona badakar, horixe San Miel jaiak dira. “... Altxa ezazu kopa, egin dezagun topa, egin Poxta Zaharrekin topa! Ei zar ta gazte, begira! Urnietan ere, festak badira…”.
Jaien amaierarekin dator bufanda eta eskularruak jazteko ordua; hosto galkorreko zuhaitzen eran mugitu dira dantzariak taula gainean, baita morez jantzi ere azaroaren 25an. “Indarkeria irudikatzen saiatu gara dantzan. Erabaki genuen kantak berak bazuela nahikoa indar; beraz, horixe nabarmentzeko, guk mugimendu gutxi egiten ditugu, publikoak kantuaren letrari erreparatzeko”, dio Iginitzek. Horrelaxe eman diote amaiera emanaldiari, eta, bide batez, urteari, zapi morea besoan estuki lotuta.