"Mendia, berez, ezagutzen baduzu, ez da arriskutsua"

Andoni Urbistondo 2021ko urt. 16a, 09:08

Joseba Oiarzabal: "Adarra eta Aralar aldean ibili naiz batez ere, eta nabarmenduko nukeen lehen gauza da askoz jende gehiago ikusten dela mendian".

"Ez dakit pandemiarengatik izango den, zehazki, baina agerikoa da horietako askok ez dutela mendian ibiltzeko ohitura edo eskarmenturik. Lehen egiten zituzten gauzak egin ezinda mendira irteten hasi dira orain, agian. Oso esanguratsua da jendea segapotoari begira ikustea, bidea nondik ote den jakin asmoz. Hori ez nuen orain arte sekula ikusi, eta Gabonetan hirutan ikusi dut jendea Montefrioko atakan ea ataka pasa behar zuten zalantzan, Adarrara igotzeko. Hori ikusita garbi dago ez dutela mendia ezagutzen, hiriko jendea delako. Ezagutzarik ez dutela argi erakusten du horrek. Jendeak daramatzan jantziak, eta euren arteko elkarrizketak entzunda ere, esango nuke jendea kirol jantzi soilekin abiatzen dela, elurretara edo gailur batera iritsi eta berriro autoraino bueltatzeko.

Berez mendia ez da arriskutsua, baina izan edo bilaka liteke arriskutsu, terrenoaren ezagutzarik ez badago, edota ezusteen aurrean nola jokatu behar den ez baldin badakizu. Negu betean gaude, eta Adarramendin elurra dago eta hotz handia egiten du. Eguraldia ere bat-batean alda liteke, eta eguraldi txarra edo lainoa sartzen bada asko zer egin ez dakitela geratzen dira. Berdin nekea sumatzen badute, erreakzionatzeko zailtasunak dituzte, eta horrek arriskua ekar dezake. Mendia beti bezala dago, eta bertara joateko ohitura daukagunok betiko martxan ibili garela esango nuke. Ohiturarik ez duena, aldiz, ba komeria gehiagorekin ibili da.

Abisuak: batzuk kasu egiten dute, eta epelean geratu, baina gehienek leihotik begiratu eta ikusten dutenaren baitan erabakitzen dute mendira joan edo ez. Zentzuz jokatuz gero, eguraldia txarra izan, edo alarma egoera izanda ere, ez da zertan arriskurik hartu behar, baina kubo edo plastiko batekin elurretara joanez gero, arazoak sor daitezke eguraldia aldatzen bada. Berdin panpina bat egiteko asmoa bada. Adarra bera arriskutsua da lainoa edo eguraldi txarrarekin. Erraz galdu zaitezke, bueltaka hasi, nekatu, eta fisikoki pott egiten baduzu, arazoak sor litezke. Halere, eta dabilen jende mordoa aintzat hartuz, iruditzen zait arazo larri gutxi gertatzen direla. Nahiko ohikoa da jendea kirol oinetako soilekin ikustea Adarran, elurtuta egon denean, eta jakina, oinetako horiekin errazagoa da orkatila bihurritzea, edo hankak bustitzea, eta ordu pare batean arazoak edukitzea".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!